Guggenheim Bilbao Museoak asmo handiko lankidetza aurkeztu du Arriaga Antzokiarekin, azken horren Zuzendari Artistikoa, Calixto Bieito, Urte eroak, 1920ko hamarkada erakusketaren diseinuaz arduratuko baita. Erakusketa 2021eko apirilaren 30ean inauguratuko da Museoan.
Elkarlanaren helburua bikoitza da: alde batetik, Bieitoren ukitu pertsonalaz erakusketaren eszenografia aberastea, eta, bestetik, Guggenheim Bilbao Museoaren eta Arriaga Antzokiaren artean harremana ezartzea, halako moduz non Arriagak berak ere erakusketari lotutako zenbait proposamen txertatuko dituen bere programazioan.
Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusiaren hitzetan, “honako lankidetza honek aukera ezin hobea ematen digu Urte eroak, 1920ko hamarkada erakusketa aberasteko Calixto Bieitoren talentu apartaz baliatuta; horrek askoz erakargarriagoa egingo du bisitarien esperientzia, ezbairik gabe. Gainera, haren ikuspegi artistikoa zeharo interesgarria gertatuko da bizi dugun sasoiarekiko lotura argia duen erakusketa honetan; izan ere, erakusketak jasotzen dituen garaiak bizi-biziak ziren: herritarrek sormena erabiliz eta konbentzionalismoak hautsiz egin zieten aurre Lehen Mundu Gerrak eta 1918ko gripearen pandemiak utzitako traumari eta krisiari”.
Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, bestalde, honakoa ohartarazi du: “ezinbestekoa da erakundeek kultura, ekonomia eta arte-ekoizpena sustatzen duten eragileekin elkarlanean jarraitzea”. Aburtok nabarmendu egin du “gure hiriaren ikono nagusia” den Guggenheim Bilbao Museoak Bilboko Udalarekin izandako elkarlana, eta adibide gisa ezarri du, baita ere, “Calixto Bieitoren parte hartzearekin Museoaren eta Arriaga Antzokiaren artean sortutako sinergia honek, Artearen eta Kulturaren eskutik Bilbo munduan kokatzen jarraitzeko bidea adierazten digu”
Erakusketaren gaiari dagokionez, Calixto Bieitok adierazi du “1920ko hamarkada XX. mendeko garairik oparoenetakoa izan [zela] kulturari dagokionez, gaur egun oraindik ere nabarmena den arrastoa utzi baitzuen sasoi hartan hezur-mamitutako arte- eta abangoardia-eztandak”. Ildo horri tiraka, gogorarazi du “azken urteotan, zuzenean iturri horietatik edaten duten Europa erdialdeko artisten lanez gozatzeko aukera izan [dugula] Arriagan bertan”. Antzokiko Zuzendari Artistikoak zera azpimarratu nahi izan du: “Urte eroak, 1920ko hamarkada erakusketak Arriagari ere ematen dio aukera garai hartan sakontzeko, modu kritiko eta sortzailean sakondu ere, eta gaia gaur egungo errealitatea abiapuntu duten hurbilketa artistikoen bidez jorratzeko”. Bieitok aurreratu duenez, “hurrengo urtean, baina denboraldi honetan bertan, Juan Ignaciok eta Juan Marik hizpide izan dituzten sinergia horiexek elikatuta, Arriaga Antzokiak Guggenheimeko erakusketarekin lotura zuzena duen programazioa eskainiko du, eta elkarren osagarriak izango dira biak”.
Urte eroak, 1920ko hamarkada
Guggenheim Bilbao Museoak eta Zuricheko Kunsthaus erakundeak antolatutako erakusketak Petra Joos eta Cathérine Hug ditu komisario, eta agerian jartzen ditu 1920ko hamarkadak ekarri zituen berrikuntzak eta aldaketa handiak; garai hartan gertatutakoak ezarri zituen, hain zuzen, bizimodu “moderno” gisa ulertzen dugunaren oinarriak. Berlinen, Parisen eta Europako beste zenbait hiritan artea, arkitektura, diseinua eta moda sormena eta berrikuntza aske uzteko esperimentazio-eremuak izan ziren Lehen Mundu Gerraren trauma atzean utzi nahi zuen gizartearentzat.
Horrenbestez, lotura argia dago bizi ditugun urteen eta erakusketak jorratzen duen garaiaren artean, orduko jendeak atzean utzi nahi baitzituen Gerra Handiko urte latzak garai hobeei hel egin ahal izateko: grina izugarria zuten gizarte-egoera berria profitatuta bizimodu beteagoa izateko. 1920ko hamarkadako urte eroak ihesbide eta inspirazio urteak izan ziren, eta orduko eraldaketa eta berrikuntza askok arrastoa utzi dute gaur egungo gizartean.