Prentsa oharra

Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi

  • Datak: otsailak 9–maiatzak 19, 2024
  • Komisarioa: Gloria Moure
  • Guggenheim Bilbao Museoak antolatutako erakusketa

Espazioa, denbora, orientazioa, eremu magnetikoak nahiz planetaren grabitazio-indarrak Giovanni Anselmoren lengoaia artistikoa definitzen duten eta haren lanean behin eta berriro agertzen diren gaiak dira.

Artista erakusketaren prestakuntza-lanetan erabat murgilduta ibili zen joan den abenduan hil baino egun gutxi batzuk lehenagora arte; erakustaldiak, beraz, haren bitalismo sakona, utzi duen ondarearen handitasuna eta bere ekarpenaren zentzua zintzo transmititzea du helburu.

Bere garaiko zenbait kezka eta hausnarketa artistikorekin bat etorri arren, eta 1960ko hamarkadaren amaieran Italian sortutako Arte Povera mugimenduaren erreferente izan arren, Giovanni Anselmok etiketa oro saihestu zuen hamarkadaz hamarkada estiloak edo joerak alde batera utzi eta corpus artistiko propioa sortuz.

1965ean, Stromboli sumendiaren tontorrean, bere “itzala bera infinituan” desegin zela sentitu zuen Anselmok, eta horrela jabetu zen etengabe eraldatzen ari den unibertso baten parte garela. Esperientzia horrek bultzatuta, behatzaileekiko edo inguruan dauden indarrekiko hartu-emanean gerta daitezkeen ekintzen eta materialen bidez aurkezten zuen errealitatea.

Anselmok energia ikusezin eta unibertsaletara jotzen zuen ikusgaiaren eta ikusezinaren arteko, eguneroko errealitatearen eta mundua baldintzatzen duten indarren arteko zubi-lana egiten duten piezak asmatzeko.

Deskargatu PRENTSARAKO TXOSTENA

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.