Prentsa oharra

Erakusketa itxita

Azken egunak Bizitako arkitektura eta Historiaren istorioak erakusketak ikusteko, Guggenheim Bilbao Museoaren hirugarren solairuan

Maiatzaren 19an, igandean, itxiko du Guggenheim Bilbao Museoak Bizitako arkitektura erakusketa eta zortzi egunen buruan, maiatzaren 26an, Historioaren istorioak. Lehenengoa 2012ko irailaren 20an ireki zen eta arkitektura nozioaren inguruko hausnarketa da. Arkitektura zer den aztertzen du, eta aintzat hartzen du bizitzeko egokiak diren eraikinez edo eraikuntzez gain, hiriak, kaleak, kale-altzariak eta, finean, gizonak eginiko guztia dela arkitekturak. Horiek guztiek arkitekturak guk eraikitako iragana eta orainaldia eta besteekin ditugun harremanak iradokitzeko gaitasuna dutela ere ikertzen du. Bost nazioarteko egileren sei lan daude erakusketan, guztiak ere Guggenheim Bilbao Bildumarenak. Artistok lekuek, tokiek, eraikinek, narrazioak eratzen dituztela —dagoeneko zehaztutakoak nahiz ikusleek sortzear daudenak— aditzera eman nahi dute, eta ideia horretan hausnartzera bultzatu. Erakusketa honen harira, Guggenheim Bilbao Museoak ondorengo lanak aurkeztu ditu lehen aldiz: Liam Gillick artista britainiarraren Nola jokatuko duzu? Sukaldeko katu bat hizketan (How are you going to behave? A kitchen cat speaks, 2009); Doris Salcedoren Titulurik gabea (2008); Mona Hatoumen Gure etxea (Home, 1999); eta Pello Irazuren Bizitza formak 304 (Life Forms 304, 2003). Erakusketa osatzeko, Cristina Iglesiasen Titulurik gabea (Alabastro gela) [Sin título (Habitación de alabastro), 1993,] eta Titulurik gabea (Sareta II) [Sin título (Celosía II), 1997] daude.

Historiaren istorioak 2013ko urtarrilaren 22an ireki zen eta Guggenheim Bilbao Bildumako bi lan nagusi aurrez aurre jarri dira: bata Cy Twomblyrena eta bestea Georg Baselitzena. Bi lanotan egileek bizitako istorioak txertatu dituzte, eta, halaber, pertsonaia historiko jakin batzuen nondik norakoak berraztertu dituzte keinuz betetako arte-lengoaia erabiliz; halere, ez zaizkie espresionismoei lotzen. Aztertutako historiaren aldiak bata bestetik oso urrun daude, gainera. Bai Baselitzen bai Twomblyren lanak oso bestelakoak dira artista garaikide jakin batzuek gertakizun historikoetatik abiatuta sortu ohi dituztenekin: ez dute historia bereganatzen ezta berregiten errealitatea beste ikuspegi batetik edota beste modu batean agertzeko, eta ez dituzte gertakizun historikoak berrinterpretatzen; aitzitik, gertakizun historikoetan oinarritutako istorioak egiten dituzte, eta horiek artistaren ikuspuntutik kontatzen. Zirikatzaileak dira, alabaina, artearen alorrean, ez politikarenean.

Erakusketa biak itxi ondoren, Guggenheim Bilbao Museoak ekainaren 14an irekiko du Barroko neurrigabea: Cattelanetik Zurbaránera. Bizitza ezegonkorraren adierazpideak. Erakusketa hori Kunsthaus Zürichek eta Guggenheim Bilbao Museoak lankidetzan antolatu dute eta arte garaikidearen eta XVII. mendeko artelanen arteko erkaketa egingo da. Barrokoaren nozioa estereotipo formaletatik aldentzen saiatuko da, baita haren estiloa deskribatzeko ohiko moduetatik urruntzen ere; bizitzaren berariazko “neurrigabetasuna” eta ezegonkortasuna azpimarratuko ditu, hain zuzen, “bizitza ezegonkorraren adierazpideak” agerian jartzeko.

Bilbon, 2013ko maiatzaren 17an

Guggenheim Bilbao Museoaren inguruko informazio guztia eskuragarri dago hemen www.guggenheim-bilbao.eus (prentsa eremua).

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.