Guggenheim Bilbao Museoak Lucio Fontana artistaren obra ikusgarri bat instalatu du Atrioan, datozen hiru urteetan bisitarien gozagarri izan dadin. Neoizko egitura Milango Bederatzigarren Trienalerako (Struttura al neon per la IX Triennale di Milano) pieza, artista italiar/argentinar handiak 1951n sortua, aldi berean izan daiteke eskultura bat, argizko diseinu-lan bat zein airean izoztutako marra espresibo bat, eta Milango Fondazione Lucio Fontanaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren arteko aparteko lankidetzari esker egongo da Museoan ikusgai.
2019ko Lucio Fontana. Atarian erakusketaren parte izan zen lan horren konplexutasunak solaskide paregabea du Frank Gehryk diseinatutako eraikina; izan ere, arkitektoak paperean zirriborratutako bozetoek Fontanaren arabesko espazialak gogorarazten dizkigute. Bere argitasuna eta dimentsioak medio, neoi bikainak burla egiten die perspektibari eta distantziari; arkitektura modu biziagoan hautemateko aukera eskaintzen dio behatzaileari, eta Museoaren barnealdetik zein kanpoaldetik antzeman daiteke.
Bere ibilbidean zehar, Lucio Fontanarentzat (Rosario, Argentina, 1899 – Varese, Italia, 1968) etengabeko ikerketa- eta gogoeta-gai izan zen espazioa, eta hainbat testuingurutan eta askotariko materialen bidez landu zuen. Espazialismoa sortu eta 1947an Italiara itzuli ondoren, Fontanak, gero eta nabarmenago, abstrakzio eta esperimentazio erradikalaren bidetik jo zuen. Aitzindaria izan zen hutsa baliatzen zuen moduan; artistaren ustetan, hutsak sortzen du artelana eta, era berean, haren osagai bereizgarria da. Fontana funtsezko figura izan zen abangoardiako hainbat talderen garapenean —besteak beste, Zero talde internazionala—, baita erreferente ere ondorengo belaunaldietako artista gailenentzat —hala nola Yves Klein, Jorge Oteiza eta Jesús Rafael Sotorentzat‒. Mundu osoan ezaguna izan arren bere distira handiko mihise monokromo, ebaki eta zulatuengatik, Fontanak beti hartu zuen bere burua eskultoretzat; pieza bakoitza esperientzia osatu bat zen beretzat, kolorearen eta keinuaren, denboraren, sakontasunaren, bolumenaren, materialaren eta argiaren esperientzia.
Fondacione Lucio Fontanaren presidente den Paolo Laurini-ren hitzetan, “1951ko Milango bederatzigarren Trienalerako sortutako neoia Lucio Fontanaren lan adierazgarri eta ikonikoenetako bat dela esan daiteke zalantzarik gabe, aurrekaririk ez duen bere sormenaren erabateko adibidea”. Laurinirentzat, aparteko aukera da lan hau Guggenheim Bilbao Museoaren Atrioan aurkeztea, izan ere, “Artistak beti izan zuen harreman berezia arkitektoekin; hurbileko sentitzen zituen espazioarekiko sentsibilitatean. Bilboko instalazioak naturaltasun handiko elkarrizketa ezartzen du Frank Gehryren arkitektura liluragarriarekin —ikuspegi eta perspektiba iradokitzaile eta berriak eskainiz—, hainbestekoa non pentsarazten digun harreman horrek hementxe duela segida ezin hobea”.
Neoizko egitura Milango Bederatzigarren Trienalerako XX. mendeko artearen eta teknologiaren elkar hartzearen adierazpenik sendoenetako bat da. Bere garaiko irizpide estetikoetarako harrigarria den materialez egina, Milango 1951ko Trienaleko atondorako berariaz eskatutako enkargu baten emaitza izan zen pieza. Litekeena da Fontanaren neoizko marrazki espaziala artistaren erantzuna izatea 1950ean Pablo Picassok, Gjon Mili argazkilariarekin elkarlanean, egindako “argiaren marrazki” ospetsuei. Argi elektrikoa material “exotiko” gisa erabili izan da arte tradizionaletan, eta horren aurrean, ehun metro neoi kizkur eta kaotikorekin, tour de force bat proposatzen zion Fontanak garaiko industriaren ahalmenari; era horretara, 1948ko manifestu espazialistaren aldarrikapenetako bat gauzatzea lortu zuen: “Teknika modernoaren baliabideekin, lortu egingo dugu zeruan honakoak agertzea: forma artifizialak, / ortzadar zoragarria, / kartel argidunak”. Gainera, bere trazatuak espero ez bezala uztartzen zituen Barrokoaren estetika, gaztetatik hainbeste miresten zuena, eta aro espazialeko programa teknologikoa.