Komisarioak: Álvaro Rodríguez Fominaya
Datak: 2014ko martxoaren 6a–maiatzaren 18a
Film & Video aretoa (103)
Guggenheim Bilbao Museoak Christian Marclay: Erlojua (The Clock) erakusketa aurkeztuko du. Erakusketa honek 103. aretoko egitarau berri bati hasiera emango dio: bertan erakutsiko dira irudia mugimenduan darabilten lanak, bideoartea eta bideoinstalazioa. Gune horrek Film & Video izena du, eta azken aldiko bideo-lanak, Guggenheim Museoetakoak zein beste bilduma batzuetakoak, erakutsiko ditu.
Erlojua (The Clock, 2010) da 2014an aurkeztutako lehen bideoinstalazioa. Christian Marclay (San Rafael, Kalifornia, 1955) artistak hasiera emango dio Film & Video ekimenari, Erlojua (The Clock, 2010) lan ezagunaz. Lan hau egiteko, denboraren igarotzea aditzera ematen duten telebistako eta zinemako milaka sekuentzia editatu ditu: askotariko erlojuak agertzen dira, hala nola, dorreetan daudenak, eskumuturrekoak, iratzargailuak, kuku-erlojuak... Irudi hauetan guztietan denbora da filmaren narrazioaren protagonista. Trebetasun handia du artistak jatorrizko testuingurutik eszena horiek ateratzeko eta 24 orduko muntaia batean txertatzeko; gainera, denbora errealarekin sinkronizatu ditu. Erlojua aldi, testuinguru eta film mota oso ezberdinetatik ateratako irudiekin eraikita dago eta horien jatorrizko bilbeak hamaika narrazio pasartetan zatikatu direla dirudi; baina, gezurra badirudi ere, osotasunak erritmo uniformea lortzen du, denborak bere baitan duen kontakizunak zati horiek berriro ordenatu izan balitu bezala. Izan ere, uneoro narrazioaren aukerak zabalak dira: eszena erromantikoak, tragikoak zein misteriotsuak etor daitezke. Erakusgai dagoen lekuko denborarekin sinkronizatuta dagoenez, batu egiten dira filmeko denbora eta denbora erreala.