Prentsa oharra

Cecilia Bengolea: Ur-animazioak

  • Datak: ekainak 24–urriak 24 2021
  • Komisarioa: Manuel Cirauqui
  • Film & Video aretoa (103)

2021eko ekainaren 24tik urriaren 24ra, Guggenheim Bilbao Museoak Cecilia Bengolea: Ur-animazioak aurkezten du; 2021eko bigarren erakusketa Film & Video aretoan. Museoak areto honetan erakusten ditu bideo-artean, zine-instalazioan, eta mugimendudun irudia jorratzen duten hizkuntza artistikoetan funtsezkoak diren piezak.

Erakusketa honek Cecilia Bengolearen (Buenos Aires, 1979) hiru obra berri biltzen ditu. Diziplina anitzetan diharduen artista da, bere jardunean bideoa, koreografia eta eskultura uztartzen dituena. Uraren mugimenduari eta fluxuari jarraituz, erakusketak hainbat obra biltzen ditu. Obra horietan, Bengoleak dantzari buruz hausnartzen du (hau da, gorputzaren barrualdearen eta hura inguratzen duenaren arteko jolas sentsorialari buruz), baina baita komunitate sozialen eta naturaren arteko harreman erritmikoei buruz ere, zeinak koreografiaren bidez adierazten baitira, sintomatikoki.

Ur-animazioak erakusketak hiru pieza biltzen ditu, eta hirurek agerian uzten dute artistak bideo-eskulturari eskaintzen dion ikuspegi berezia; izan ere, erakusketa-espazioan askatasunez dabiltzan eragile gorpuzdunak balira bezala ulertzen ditu mugimendudun irudiak. Erakusketaren izenburuak animazioa aipatzen du, eta kontzeptu anbiguo horrek filmetako pertsonaien mugimendu naturalari egiten dio erreferentzia, baita antzinako ideia bati ere: artifiziala denari bizia ematea, bizigabea dena energiaz hornitzea. Bengolearen lanean, arima —gorputz baten espiritu edo bizi-hats gisa ulertua— estu-estu lotuta dago organismo bizidunek energia elektrikoaren eroale gisa duten ahalmenarekin; musika, aldiz, animazioaren indar kutsakor gisa agertzen da. Eraldatzeko, mutatzeko eta beste batzuk imitatzeko duten ahalmen agorrezina dela-eta, urarekin eta elementu horren plastikotasun amaigabearekin identifikatzen dira izaki bizidunak.

Deskargatu PRENTSARAKO TXOSTENA

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.