- Noiz: ekainaren 18tik irailaren 15era
- Non: Guggenheim Bilbao Museoko Hezkuntza gelan
- Babeslea: BBK
Museoko Hezkuntza gelan ikusgai egongo diren artelan originalak sortu dituzte EAEko bederatzi ikastetxetako (publikoak eta itunpekoak) 6 eta 12 urte bitarteko 209 ikaslek.
1998an sortu zenetik 3.200 neska-mutilengana iritsi den hezkuntza-programa berritzaile honetako parte-hartzaileek Alberto Giacometti. Atzera begirakoa, Diana Thater eta Architecture Effects erakusketak izan dituzte inspirazio-iturri.
Artea ikasbide programaren helburua da ikasleei eskola-curriculumeko gaiak ikasteko bideak eskaintzea, jokoaren eta praktika artistikoaren bitartez.
“Oso ongi pasatu nuen argazkiak ateratzen, batzuetan alderantzizko mundu bat sortzen delako… poliedroak egiten, 3D animazioarekin eta lantaldean ere oso ondo pasatu nuen. Kuboa egitea izan zen errazena, eta oktaedroa zailena. Orain etxean saiatzen naiz poliedroak sortzen. Arteak beti laguntzen dit beste gauza batzuk egiten”. “Gauza asko egin dugu Nerea Lekuona artistarekin. Asko ikasi dugu, baina gai bat interesatu zaigu bereziki: berdintasuna. Artearen bidez, denak berdinak garela eta eskubide berberak dauzkagula landu dugu. Zortekoak gara gure gelan eta eskolan beste kultura batzuk dauzkagulako”. Zirrara eta naturaltasun horrekin mintzatu dira Bilboko Deusto ikastetxeko eta Gasteizko Sansomendi ikastetxeko ikasle bana Artea ikasbide programatik igaro ostean. Programak 22. edizioa du aurtengoa.