Prentsa oharra

2024 Programazioa

Guggenheim Bilbao Museoak asmo handiko programazio artistikoa aurkeztu du 2024rako

Gaur ostirala, urtarrilak 12, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusi Juan Ignacio Vidartek eta Museoko arte-arduradunek (Lucía Agirre, Marta Blàvia, Manuel Cirauqui eta Lekha Hileman Waitoller) Museoak 2024. urterako prestatu dituen hamar erakusketen giltzarriak azaldu dituzte. Programazio artistikoa otsailaren 9an hasiko da joan den abenduan zendutako Giovanni Anselmo sortzaile italiarrari eskainitako atzerabegirako batekin, eta otsailaren 16an jarraituko du Guggenheim Bildumako obraz osatutako Pop arteari buruzko erakusketa bikain batekin (babeslea: BBK). Otsailaren 22tik aurrera, berriz, Film & Video aretoak Herbehereetako Metahaven kolektiboaren Kaosaren teoria ikus-entzunezko poema hartuko du bere baitan, eta, martxoan, Museoak June Cresporen eskulturak aurkeztuko ditu erakusketa-aretorako berariaz sortutako instalazio batean. Ekainaren 7tik aurrera Martha Jungwirth artista austriarrari eskainitako erakusketa bat egongo da ikusgai, eta ekainaren 20tik aurrera, baita Anthony McCallen obra filmikoa ere. Udako eskaintza Yoshitomo Nara japoniarraren lanari buruzko atzerabegirako interesgarri batekin osatuko da ekainaren 28tik goiti (babeslea: BBVA Fundazioa). Udazken partean, urriaren 18an, Hilma af Klint artista suediarraren arte berezia biltzen duen erakusketa paregabea aurkeztuko da (babeslea: Iberdrola), eta azaroan Paul Pfeifferren txanda izango da artistak ikuskizunari, pertenentziari eta identitateari buruzko nozioen inguruan egiten duen lan zorrotza aztergai hartuko duen erakustaldiarekin. Urte guztian zehar, gainera, publikoak Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak erakusketaz gozatzeko aukera izango du (babeslea: BBK). Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman oinarritutako erakusketa horrek biltzen duen lan-sorta Bigarren Mundu Gerraz geroztik artearen historian izandako une garrantzitsuenen erakusgarri da.

Deskargatu PRENTSARAKO TXOSTENA

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.