Prentsa oharra

EAEko hiru artista gaztek lau asteko egonaldia hasi dute New Yorkeko Guggenheim Museoan Basque Artist Programen edizio berriaren baitan

Artista emergenteentzako Basque Artist Program izeneko programan parte hartzeko aukeratutako Verónica Domingo, Jorge Isla eta Claudia Lorenzo artistek dagoeneko hasi dute New Yorkeko Guggenheim Museoan egingo duten egonaldia. Hirurak ere pozarren agertu dira abiatu berri duten abenturaren aurrean, aukera emango baitie beren ibilbide profesionalean aurrera egiteko, New Yorkeko eszena artistikoa gertutik bizitzeko eta arte-arloko hainbat komisario, artista eta erakunde ezagutzeko New Yorkeko Guggenheim Museoko profesionalen eskutik.

Ekimena arrakasta handiz gauzatu izan da aurreneko zortzi edizioetan —2015 eta 2022 bitartean—, eta Guggenheim Bilbao Museoak 2014ko abenduan Solomon R. Guggenheim Foundation-ekin sinatutako Kudeaketa Akordioaren berritzearen parte da. Akordioak bi erakundeen arteko lankidetza sendotzen du proiektu berrien bitartez, eta horien artean nabarmentzekoak dira bai artista emergenteei zuzendutako programa hau, bai Museoak urtero ateratzen dituen bekak EAEko graduatuak New Yorkera joan daitezen.

Programa honetan parte hartzeak eskaintzen duen aukera paregabearen erakusgarri dugu 2022ko uztailaren 8tik irailaren 6ra Guggenheim Bilbao Museoan ikusgai izandako erakusketa kolektiboa. Izan ere, Museoaren 25. urteurrenaren harira antolatutako erakustaldi hark Basque Artist Programen ordura arteko edizioetan parte hartu zuten artista guztien lanak bildu zituen.

 

Artisten profila, labur-labur

Verónica Domingo Alonso (Bilbo, 1989)

Inprimatze-teknikak, marrazkia eta pintura lantzeko duen trebezia abiapuntu hartuta, memoria historikoaren zenbait pasarte geruza ezberdinen bitartez berreskuratzea eta egungo arazo politiko-sozialetako batzuk agerian uztea da bere lan artistikoaren ardatza. Arte Ederretan lizentziaduna da UPV/EHUn, Norwich-UK Arte Ederretako Unibertsitateko masterduna, Inprimaketa Grafikoko Bitartekoetan masterduna (UCLM/FNMT), eta doktoregaia da “Artea: Ekoizpena eta Ikerketa” programan, Valentziako Unibertsitate Politeknikoan.

Jorge Isla Villacampa (Huesca, 1992)

Bere lana argazkigintzaz, eskulturaz eta bideo-instalazioaz baliatzen da errealitatearen ezaugarri immaterialak eta gure gizartearen kontsumitzeko eta ekoizteko moduak aztertzeko, behatzeko eta bilatzeko. Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua da San Jorge Unibertsitatean (Zaragoza), Ekoizpen Artistikoan masterduna Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, eta egile-argazkigintzan eta proiektu profesionaletan masterduna Madrilgo Lens arte bisualen eskolan.

Claudia Lorenzo Sainz (Logroño, 1988)

Bere jardun artistikoa haikuen eta komunitate jakin batera mugatutako jargoi edo lexikoen eraketa aztertzetik eraikitako paisaian oinarritzen da, eta objektu eskultorikora, pinturara edo marrazkira eramaten ditu haien egiturak. Arte Ederretan lizentziatua da UPV/EHUn, eta masterrak ditu bai MACBAren azterlan independenteen programan (PEI), bai UPV/EHUren artearen arloko ikerketan eta sorkuntzan.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.