Prentsa oharra

Daniel Buren proiektua

DANIEL BUREN AUKERATU DUTE GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAK ESKATUTAKO SALBEKO ZUBIAREN PROIEKTUA AURRERA ERAMATEKO

Joan den astean, Salbeko zubiko esku-hartze artistikoa aurrera eramateko Guggenheim Bilbao Museoak deitutako proiekturako proposamen irabazlea aukeratzeaz arduratu den Batzordeak nazioartean ospetsu den Daniel Buren artista frantsesa aukeratu zuen, 2007an Bilboko ondare artistikoaren parte izango den obra burutzeko.

Aukeraketa hau deliberazio prozesu luzearen emaitza izan da eta bat dator aurkeztutako hiru proiektuetatik —Liam Gillick, Jenny Holzer eta Daniel Buren artistenak— bat aukeratzeko joan den urriaren 20tik azaroaren 30era arte Museoko bisitariengandik notarioaren aurrean jasotako gehiengoaren botoarekin.

Guggenheim Bilbao Museoak, Hamargarren Urteurrena betetzeko dagoenean, artista batzuk gonbidatu zituen euren proposamenak aurkezteko, Salbeko zubian iraunkorki integratuta geratuko den obra lantzeko. Obra hori hiriko ondare artistikoaren eta, aldi berean, Guggenheim Bilbao Museoak duen Bilduma Propioaren parte izango da.

Gaur egungo sorkuntza artistikoaren alorrean nazioartean ospe handia duten hiru sortzailek parte hartu zuten deialdian: Daniel Burenek, Liam Gillickek eta Jenny Holzerrek. Hiru sortzaileak oso ezagunak dira eskala monumentaleko obrak egiten izan duten esperientzia zabalagatik, baita hizkuntza eta material bereziak erabiltzeagatik ere. Guggenheim Bilbao Museoak Cristina Iglesias euskal eskultorea eta Olafur Eliasson artista daniarra ere gonbidatu zituen, baina azkenean ezin izan zuten parte hartu, oso lanpetuta baizeuden.

Hiru proposamen interesgarri

Hiri-errezela proiektuak, Liam Gillick artista ingelesak aurkeztutakoak, Salbeko zubia bere ingurunean integratzea hartu zuen oinarri. Proposamen horren ezaugarri nagusia hauxe zen, zubiaren egitura nagusia elementu zirkular baten bidez nabarmentzea, edozein ikuslek erraz ikusteko moduko ekuazio baten euskarri izateko eta hirien garapenak kliman eta ingurumenean duen eragina deskribatzeko.

Bere aldetik, Jenny Holzer artista iparramerikarraren lanak, Bilborako izenekoak, itsasadarraren inguruan hiritarrek egiten duten joan-etorriari buruz gogoeta egiten zuen, eta mugimendu hori nabarmentzeko zubiaren azpian lerrokatuta agertzen diren habeen gainean gailu elektronikoak (LEDak) ipiniz irudikatzea zuen helburu. Led horiek anbar koloreko fluxua proiektatuko lukete itsasadarraren gainean, nazioartean ospetsu diren idazleen testuak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ur gainean islatuz.

Azkenik, Daniel Buren frantsesaren apustua, “Zeharkatuz” in situ-ko eskultura, izenekoa, Salbeko zubiaren egitura eraldatzean zetzan, zubiaren arkuak Museoaren forma lerromakur eta dotoreekin sortzen duen kontraste handia leuntzearren. Horretarako, bere proposamenean gorri-kolore bizia duen egitura batekin estali zuen elementu hori, Museoarekin lotura kromatikoa lortuz, eta profila artistak ezaugarritzat dituen zuri-beltzeko zerrendek zeharkatuz. Proiektua bizitasun handiko argi-izpi batek osatzen zuen, egituraren ertzetatik etengabe mugitzen zenak.

Proiektuen kalitate artistikoa

Hiru proiektuak arreta handiz aztertu ondoren, Hautespen Batzordeko kide Miren Azkarate Villarrek, Eusko Jaurlaritza ordezkatuz; Belén Greaves Badillok, Bizkaiko Foru Aldundia ordezkatuz; Londresko Royal Academy of Arts-eko Erakusketen Idazkari Norman Rosenthalek; Solomon R. Guggenheim Foundation-eko Zuzendari Thomas Krensek eta Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusi Juan Ignacio Vidartek Daniel Buren artista entzutetsuaren proposamena aukeratu zuten gehiengoren erabakiz.

Irizpideen ebaluazioa, besteak beste, obra bakoitzak Salbeko zubian izango zuen eragina, egiturari begira izango zuen bideragarritasuna, burutzeko epeak eta proiektu bakoitzaren sormena edo kalitate artistikoa erabakigarriak izan ziren Daniel Burenen « Zeharkatuz » in situ-ko eskultura “ikuspegi orokorretik hartuta hiru proposamenetatik gailenena” zela adierazteko garaian, “hiru proiektuek oso maila artistiko handia erakutsi arren”.

Proiektuari buruz, batzordeak Burenek sortutako ate gorriaren « edertasuna eta elegantzia » azpimarratu zuen eta obra bere osotasunean « ikusmenerako erakargarria, soila eta garbia » gisa deskribatu zuen, izan ere, « horrek kontzeptu aldetik benetan aberatsa bihurtzen du ».

Bestalde, batzordearen erabaki hori herriak emandako botoaren emaitzak berretsi zuen. Izan ere, artista frantsesarena Museoko bisitariengandik boto gehien jaso zituen proiektua izan zen, guztira 5.488 boto, eta ondoren Jenny Holzerren Bilborako, 5.459 boto lortu zituenak. Bere aldetik, Liam Gillicken Hiri-errezela-k Museoko 2.619 bisitarik aukeratu zuten.

Daniel Burenek aukeratua izan denaren berri izatean Guggenheim Bilbao Museoari adierazi dio bere proiektua “gure garaiko arkitekturaren adibide gailenetako baten testuingurua osatuko duela” jakiteak poz ikaragarria eragiten diola. Sortzaile frantsesak, era berean, Museoari jakinarazi dio harro sentitzen dela “aspaldi ezagutu eta aurrera eraman duen eraldaketa ausart eta erabatekoagatik miresten dudan hiri honi nortasun ezaugarri berri bat gehitzeko ematen didaten aukeragatik”.

Bilbon, 2006ko abenduaren 19an

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.