- Datak: 2024ko urriak 18 – 2025eko otsailak 2
- Komisarioak: Tracey R. Bashkoff, Bildumen zuzendari seniorra eta arte-arduradun seniorra, Solomon R. Guggenheim Museum, eta Lucía Agirre, arte-arduraduna, Guggenheim Bilbao Museoa
- Babeslea: Iberdrola
- Hilma Af Klint Fundazioaren lankidetzarekin
Artista suediarrak, bere sinesmen espiritual sendoetan oinarritutako arte abstraktu berri bat landu nahian, alde batera utzi zuen pintura-arloaren tradizioan jasotako prestakuntza.
Hilma af Klintek ia hamarkada bat eman zuen Tenplurako pinturak margolan-multzoa sortzen: saiakera erradikala, mundu behagarriaz haraindiko errealitate espiritual eta transzendenteari adierazpen bisual bat aurkitzeko ahalegina.
Bere bizialdian oso gutxitan erakutsi zituen bere lan berritzaileenak, eta ia mende bat geroago jaso zuen bere obrak merezitako aintzatespena.
Guggenheim Bilbao Museoak Hilma af Klint erakusketa aurkezten du. Af Klint (Stockholm, 1862–1944) artista suediarraren ibilbidearen ikuspegi osatu bat da eta bertan izango dira ikusgai bere hasierako lanak, gai tradizionalei lotuak, marrazki automatikoak eta sail nabarmenenak ꟷesaterako Tenplurako pinturak, Pertzeval edo atomoari eskainitakoaꟷ baita azken akuarelak ere.
Artistak bere bizialdian hainbat erakusketetan parte hartu bazuen ere, bere margolan figuratiboak jarri zituen ikusgai batez ere eta, oso tarteka, margolan abstrakturen bat. Horrelako lanak ez zituen inoiz artearen mundu konbentzionalaren testuinguruan aurkeztu. Izan ere, gogo berdineko komunitate espiritualekin partekatu nahi izan zituen; baina, ahalegindu arren, ez zuten harrera onik izan. Mundua oraindik bere obra onartzeko prestatuta ez zegoela jabetuta, hura gorde eta sailkatzeaz arduratu zen Af Klint, geroko gizartera modu artikulatu batean iritsi zedin. Hala, ia mende bat igaro zen bere arteak merezitako aintzatespena jaso zezan.