Bihar, irailak 20, Virgilio Martínez-ek, Limako Central jatetxeko chefak, hitzaldia emango du Guggenheim Bilbao Museoan, eta Peruko biodibertsitatean oinarritutako autore-sukaldaritzaz mintzatuko da. Martínezen jatetxea bosgarren postuan dago The World’s 50 Best Restaurants zerrendan, eta Latinoamerikako chef onena izendatu dute Martínez bera. Gainera, biadaiatzea izugarri gustatzen zaionez, Andeetako geografian zehar ibiltzen da oso ezagunak ez diren osagai exotikoak ikertzen, gero bere sukaldera ekartzeko; hori dela eta, nazioarteko gastronomia kritikarien aintzatespena jaso du.
Hori izango da Sormena Gastronomian zikloko laugarren eta azken saioa: Guggenheim Bilbao Museoan izan du lekua 2017. urtean zehar, eta nazioarteko sukaldari ospetsuak izan dira bertan; horiek beren ezagutza, esperientzia eta sukaldaritza jorratzeko duten modua partekatuko dute entzuleekin. Hitzaldi-zikloa, halaber, TopARTE programaren baitan dago; azken hori Museoaren XX. Urteurrena dela-eta sortu da, eta Museoaren espazioak diziplina guztietako kultura eragile eta erakundeei zabaltzeko asmoa du: musika, zinema, bideoa, dantza, antzerkia edo gastronomiari, alegia.
Hitzaldia eman eta hurrengo egunean, irailaren 21an, Virgilio Martinez-ek “Ongi etorri. Cenas a cuatro manos” deitutako ekimenean parte hartuko du Josean Alija Guggenheim Bilbaoko Nerua jatetxeko sukaldari-buruarekin.
Eguna eta ordua: irailaren 20, 18:30ean.
Lekua: Museoko Entzungela
Sarrerak: doan; ezinbestekoa da aurretiaz txarteldegian edo webgunean eskuratzea.