Museoaren XX. Urteurrena den honetan, Seguros Bilbaok eta Fundación Jesús Serra-k, Grupo Catalana Occidente taldeko erakundeak biak, Museoaren babesle izateko akordioa berretsi dute beste bost urterako.
Hitzarmen berria gaur sinatu da Guggenheim Bilbao Museoan eta bertan egon dira Iñaki Álvarez, Grupo Catalana Occidenteko Kontseilari Delegatua, José Manuel Ereño, Seguros Bilbaoko Zuzendariondoko Orokorra, eta Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusia.
Akordio honen bitartez, Museoaren kultur jarduera indartuko duen milioi erdi inguruko ekarpena jasoko du erakundeak, eta beste bost urtez luzatuko da Guggenheim Bilbao Museoaren eta Seguros Bilbaoren arteko lankidetza-hitzarmena. Bi erakundeen arteko lotura Museoaren inauguraziotik dator; horrenbestez, elkarlan emankorrak ere bi hamarkada bete dituela ospatuko dugu aurten. Batera antolatutako jarduera eta proiektu ugarien artean, Yoko Ono, Murakami edo %100 Afrika bezalako aldi baterako erakusketa garrantzitsuei emandako babesa nabarmentzekoa da, bai eta 2011 eta 2012an ospatutako Inauteri Jaialdia bezalako jarduera arrakastatsuei emandakoa ere.
Babesletza-hitzarmena berritzeak are gehiago indartzen du 2004tik Grupo Catalana Occidenteren barruan dagoen Seguros Bilbaoren eta Guggenheim Bilbao Museoaren arteko harreman estua, eta lotura hori Fundación Jesús Serraren bitartez bideratuko du orain, hori ere aseguru-taldearen parte baita.
Iñaki Álvarez Grupo Catalana Occidenteko Kontseilari Delegatuarentzat, “Museoa nazioarteko erreferentea da arte garaikideari dagokionez, eta harekin izan dugun babesletza-harreman luzea da erakundearekiko eta haren baloreekiko dugun konpromisoaren erakusgarri. Gaur gauzatu dugun akordioaren berritzeak nahi hori berresten du.”