Ekainaren 3an (ostirala) izango da denboraldi honetako azken Art After Dark saioa, udan eten egiten baita. Oraingo honetan Dj Tennis-ek, Dj Voz-ek eta Ocariz-ek eta DJV Sound-ek jarriko dituzte bertaratzen direnak dantzan.
Dj Tennis Manfredi Romano da. 1970eko hamarkadan jaio zen eta New Jersey, Sizilia eta Parma artean hazi zen. Sorkuntzarako eta arterako duen sena, beti, musikarantz bideratu du. Bere pasioa kantatzea, eta musika-instrumentu bitxiak eta zaratatsuak jasotzea eta jotzea da. Jolasten zuen tenis klubean hasi zen musika jartzen; horregatik ezizena. DJ bihurtu zen bere herrialdeko underground musika bultzatzen zuen bitartean: Italiako musika-ekitaldi alternatibo garrantzitsuenetako batzuk sortu eta garatu zituen, Milango Elita jaialdia eta Erromako Dissonanze jaialdia, besteren artean. Azken bi hamarkadetan Manfredi antzerkirako musika, pelikuletako soinu-bandak eta telebistako iragarkietarako musika egiten hasi zen. Bere lanak 1960ko hamarkadako soinu psikodeliko, ilun eta malenkoniatsuetan oinarritzen dira. Musikaren arloan talde askoren eragina du, besteak beste, Beach Boys, The Who, Talk Talk, Ultravox, XTC, Fugazi, June of 44, Suicide, Radiohead, Godspeed You Black Emperor!, Aphex Twin, Boards of Canada edo Plastikman taldeena. 2010ean, garai hartako musika motak nekatuta, Greg Oreck-erekin batera, Life and Death izeneko tekno eta pop diskoetxea sortu zuen.
Dj Tennis aurretik, 23:00etan, Dj Vozen eta Ocarizen txanda izango da. Gaur egun Dj Voz Bilboko Fever klubeko egoiliarra da. Bertan, hilero EnD Room festa antolatzen du. Deep house, tech house, minimal eta techno ditu estilo nagusi, erritmoak festa- eta saio-motara egokitzen ditu, bai egunez bai gauez. Musika elektronikoaren munduan DJ egoiliar gisa 13 urte luzeko ibilbidearekin, DJ Voz ikusleekin berehala konektatzen duen artista da. Bere emanaldiak, kantu guztiei berotasun bikaina ematen dien groove handiko underground elektronikoagatik nabarmentzen dira. Nahaste eraginkor honek Espainiako areto ospetsuenetan (Bartzelonan, Madrilen, Eivissan eta Mallorcan, besteak beste) eta Ingalaterra, Frantzia eta beste herrialde batzuetan diskoak ipintzeko aukera eman dio.
Ocariz musika-estilo diferenteekin gozatzen duen DJa da, leku bakoitzera egokitzen daki, eta beti modu berezian konektatzen du edozein motatako publikoarekin. Bere saioetan deep house, tech house, minimal eta techno estiloak nabarmentzen dira; beti ukitu pertsonal batekin. 7 urte igaro ditu musika jartzen The One (Bartzelona) eta Studio76 (Madril) aretotan, besteak beste, Loco Dice, The Martinez Brothers eta Tania Vulcano bezalako artistekin elkarlanean; horrela eskuratu zuen, gaur egun EnD Room (Fever Bilbao) bere elektronikako klub propioa kudeatzera heltzeko beharrezko esperientzia. Gainera, soinu-teknikari gisa dituen ezagutzak erabiltzen ditu ahalik eta musika-esperientzia onena eskaintzeko.
22:00etatik aurrera, DJV Sound-ek (Fever) ipiniko du musika, gauari hasiera eamteko. DJV Sound Bilboko underground eszena elektronikoaren aitzindari izan zen eta bi hamarkadaz Europako klub ospetsuenetan musika jarri du. 1990eko hamarkadan NoData kolektiboa sortu zuen eta 2005etik Fever klubaren zuzendarikide da. Bere saioetan, paisaia trinkoak eta dinamikoak marrazten ditu, eta baita eszena aztoragarriak, hipnotikoak eta karga emozional handikoak ere.
Ekaineko Art After Dark saiora bertaratzen direnek Andy Warhol: Itzalak, Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak, Hiriko ikuspegiak: Parisko Eskola, 19000–1945 eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak erakusketaz gozatzeko aukera izango dute.
Bilbo, 2016ko maiatzaren 17a