Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua batzartu da gaur Iñigo Urkullu Lehendakari jauna buru zela, eta bileran honakoak izan dira: Unai Rementeria jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Bingen Zupiria jauna, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua; Lorea Bilbao andrea, Euskara, Kultura eta Kirol Foru Diputatua; Juan María Aburto, Bilboko Alkatea; Fundazioaren gobernu-organo gorena osatzen duten enpresen eta erakundeen ordezkariak (batzuk modu telematikoan); eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoen Zuzendariak, Richard Armstrong jauna (modu telematikoan) eta Juan Ignacio Vidarte jauna.
Museoaren jarduerak urteko lehen bost hilabeteotan izandako balantzeari gainbegiratua eginez hasi da bilera, eta ikusi denez, emaitzetan eragin handia izan dute osasun-egoeraren ondorioz ezarritako mugikortasun-mugek, itxiera perimetralek eta aforo-murrizketek. Gaur arte, Museoak 108.870 bisitari jaso ditu, epe horretarako aurreikusitakoa baino % 35 gehiago, baina 2020an baino % 9 gutxiago (orduan, Museoa bortxaz itxi behar izan zen martxoaren 14tik aurrera) eta 2019an baino, hau da, pandemia aurreko azken ekitaldian baino % 73 gutxiago. Aipatutako baldintzak direla medio, 2021ean Museora bertaratu diren bisitarien jatorri geografikoa Bizkaian kokatu da. Bestalde, Community sarea etenik gabe hazi da eta 73.116 kide izatera iritsi da (2020 amaitu zenean baino ia % 9 gehiago). Museoaren Lagunak eta Jarraitzaileak zein ERDU programaren onuradunak biltzen dituen artearen eta kulturaren inguruko komunitatea da Community.
Bilkuran, Museoa 2022rako jorratzen ari den zenbait erakusketaren berri eman zaio Patronatuari, nola diren fauvismoa, kubismoa eta surrealismoa bezalako mugimenduen inguruko panoramika bat, Parisko Arte Moderno Museotik etorriko dena; Jean Dubuffet artistaren ekoizpenaren goitik beherako berrikuspena, Guggenheim Fundazioaren eskutik etorriko dena eta Kudeaketa Akordioaren berrespenari esker bi urtez behin antolatzen diren erakusketetako bat izango dena; eta ibilgailuek artearen historian zein arkitekturaren arloan izan duten garrantzia azpimarratzeko helburuz Lord Norman Fosterrek osatuko duen erakusketa handia. Horiez gain, mugimendudun irudiaren inguruko instalazioak izango dira Film & Video aretoan, Marie Hugonnier, Monira Al Qadiri eta Vito Acconci protagonista dituztela. Azkenik, urteko azken hiruhilekoan, Museoaren 25. urteurrenaren harira, erakusketa-gune osoa hartuko dute Museoaren Bildumako artelanek. Sekzioak/Intersekzioak izenburupean egingo den erakustaldi horrek lengoaia artistiko ezberdinen arteko loturak ezarriko ditu, eta agerian jarriko ditu Bilduman ezin hobeki jasota dauden arte modernoaren historiako mugarri eta joera nagusiak.
2021–2023 Plan Estrategikoa hizpide hartuta, hari dagozkion zenbait ekintzaren betetze-maila jakinarazi zaie Patronatuko kideei, tartean Jenny Holzer artistak sortutako errealitate areagotuko LIKE BEAUTY IN FLAMES artelanaren aurkezpena. Artelan hori, besteak beste, Museoak punta-puntako tresna digitalen erabileran oinarritutako lan-kulturarekiko duen konpromisoaren erakusgarri da.
Plan Estrategikoaren ildora, baita ere, Guggenheim Bilbao Museoa handitzeko proiektuaren berri jaso dute Patronatuko kideek. Proiektu hori lantzen, eguneratzen eta testuinguru berrietara egokitzen aritu da Museoa azken hilabeteetan, eta, berriki, Europako Next Generation berreskuratze-funtsak jasotzeko hautagai izateko aukeratua izan da. Museoa handitzeko proiektuak eredu berria ekarriko du, bateratu egingo dituena arte-ekoizpena, ekologia, teknologia, pertsonen arteko harremana eta ikerketa, eta bisitariei esperientzia berri bat bizitzeko aukera eskainiko diena; bizipen hori gaur egungo Guggenheim Bilbao Museoan bizi dezaketenaz bestelakoa eta haren osagarria izango da.