Prentsa oharra

Raquel Asensi eta Jon Gorospe artista gazteek lau asteko egonaldiaz gozatuko dute New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en

Raquel Asensi eta Jon Gorospe izango dira Solomon R. Guggenheim Museumek artista gazteentzat duen egonaldi-programaren bosgarren edizioan parte hartzeko hautatutako artista hasiberriak. Urrian gauzatuko den programaren baitan, bi artista gazteek aukera izango dute haien ibilbide profesionalean aurrera egiteko, hiriko arte-giroa sakonetik aztertzeko eta artista, komisario eta arte-erakunde desberdinak ezagutzeko, Solomon R. Guggenheim Museumeko profesionalen eskutik betiere.

Ekimen hau arrakastaz gauzatu da aurreko lau edizioetan, eta 2014ko abenduan Guggenheim Bilbao Museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-ekin sinatutako kudeaketa akordioaren berritzearen baitan sartzen da. Akordio horren arabera, bi erakundeek haien arteko lankidetzan askotariko proiektuen bidez sakonduko dute; egitasmo horien artean nabarmentzen da, hain zuzen, artista hasiberrientzako programa hau, baita Museoak udazkenero New Yorkera joateko deitzen duen beka-programa ere, EAEko graduatuei zuzendua.

Hautatutakoen profil laburra

Raquel Asensi (Barakaldo, 1989) Bilbon bizi da eta bertan egiten du lan. Arte Ederretako gradua amaitu zuen 2012an, eta Zeramika: Artea eta Funtzioa masterra 2015ean, biak UPV/EHUn. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitatearen Ikerketa Arte Garaikidean doktorego-programan ari da, ikuspegi feministak 1970eko eta 1980ko hamarkadez geroztik zeramika arloko praktika artistikoetan izan duen eraginaren gainean lanean. Azken urteetan lan artistiko ezberdinak garatu ditu, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusmen-arteen Beka eta BilbaoArteren Egoitza-beka lortu ditu, besteak beste. 2018an Ertibil Sarirako hautagai izan zen. 2019an, 2019 MH-UPV/EHU  bekaren emaitza izan den Inadaptada Resistenciaerakusketa aurkeztu du Montehermoso Kulturunean, eta «Objeto [In]quieto» BilbaoArten.

Jon Gorospe (Vitoria-Gasteiz, 1986). Oslon eta Gasteizen bizi da eta lan egiten du. 2014an arte-ikasketetako gradua amaitu zuen, diseinu grafikoan espezializatuta; ikasketak Gasteizko ADGEn gauzatu zituen, eta elkartrukea, aldiz, Lituaniako Vilnius Faculty of Arts-en egin zuen. Antoine d’Agata, Xavier Rivas, Javier Rebollo, José Luis Guerín edo Pep Bonet bezalako izen handiko argazkilari eta zinegile ezberdinek emandako mintegiekin osatu du bere trebakuntza, eta bere lana aitortzen duten hainbat sari eta beka jaso ditu, besteak beste, argazkilari gazteentzako Tetrapack saria (2011/2012), Argazkilaritza Garaikidearen Galicia saria, Montehermoso ekoizpen saria 2014an, eta Albarracingo Argazkilaritza eta Kazetaritza beka. Berriki Metrópolis erakusketa aurkeztu du, Montehermosoko Proiektu Artistikoak hautatzeko urteroko deialdirako aukeratu baitute. 2020an Japoniara joango da Sasakawa Fundazioaren bekadun moduan.

Bestalde, aipatzekoak dira aurreko edizioetan hautatuak izan zirenak: Carla Tobar eta Alain Urrutia 2015ean; Diego Vivanco eta Cristian Villavicencio 2016an; Gala Knörr eta Maite Pinto 2017an; eta Nora Aurrekoetxea eta Helena Goñi 2018an.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.