Prentsa oharra

Puppy udaberriz janzten da

Puppy, Jeff Koonsen lorezko eskultura, aste honetan hasi da bere landare-estalkia aldatzen udaberri/udako loreekin. Artistaren diseinu originalen arabera, Alegria lore, begonia, petunia eta ageratumekin, kolore-orbanez apainduta agertuko zaigu.

Puppyren lore-aldaketa urtean bitan egiten da, maiatzean eta urrian, bederatzi egunez. Prozesu konplexua da, arretaz egin beharrekoa, aldez aurretik milaka lore espezifiko landatu behar baitzaizkio obra honi. Izan ere, lorezaintzan adituak diren hogei laguneko talde bat behar izaten da lan hau egiteko, Museoko kontserbazio saileko arduradunek gainbegiratua.

2022az geroztik jasangarriagoa da Puppy, bere barne-egituraren saneamenduari eta urruneko ureztatze-sistema berriari esker. Sistema horrek hezetasun-neurgailuak ditu sei gune kritikotan, eta ihesak detektatzen ditu, ur-kontsumoan nabarmen aurrezteko eta kontserbazioa optimoa izateko. Ingurumena babesteko ildo horri jarraituta, Puppy estaltzen duten landareak, 40.000 gutxi gorabehera, inguruko mintegietatik datoz. Orain, gainera, LED teknologiaz hornituta dago eskulturaren kanpoaldeko argiztapena, Museoko gainerako argiak bezala.

Puppyk maiatzaren 21ean erakutsiko digu udaberriko bere jantzia, berriro ere, Museora egunero hurbiltzen diren herritar eta bisitarien artean poza eta baikortasuna zabaltzeko.

Puppy tailerrak

Puppyren lore-aldaketarekin eta Birziklapenaren Nazioarteko Egunarekin batera, maiatzaren 18ko eta 25eko asteburuetan, arte-tailerrak eskainiko zaizkie Museoaren Lagunen seme-alabei. Tailer horietan material harrigarriak deskubritu eta naturan oinarritutako autorretratuak sortuko dituzte berrerabilitako kartoiarekin eta naturako elementuekin, hostoak, lurra edo landareak.

Bideoa
Irudiak

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.