Prentsa oharra

Puppy-k musukoa eramango du pandemia dagoen bitartean guztiok babestera animatzeko

Guggenheim Bilbao Museoak Puppyri itxura berri bat eman nahi izan dio udazkeneko lore-aldaketarekin. Oraingoan, 1997an Museoak ateak zabaldu zituenetik gure bisitariei ongietorria egiten dien Jeff Koons-en eskultura erraldoiak lorez egindako musukoa estreinatzen du. Musuko berriarekin enpatia mezu bat bidali nahi izan dugu COVID-19ak eragindako munduko pandemiaren testuinguruan.

Momentuz musukoaren marrazkia ez da oso ondo ikusten, landatu berri diren landareek aste batzuk behar baitituzte loratzeko; orduan ikusi ahal izango da efektua bete-betean.

Jeff Koons-en hitzetan: “Niretzat ohore handia da Puppy musukoa jartzeak duen garrantzia helarazteko bitartekaria izatea COVID-19ak eragindako pandemiaren garai honetan. Bilbotar batek mezu bat helarazi zidan ea Puppyk musukoa jar zezakeen galdezka eta niri ideia mundiala iruditu zitzaidan. Eta asko pozten nau Museoak ere horrela ulertu izanak; Puppyk orain, lore urdin eta zuriek osatutako musukoaz apainduta, munduari jakinarazten dio musukoa eramatea guztiz garrantzitsua dela COVID-19aren kutsatzea ekiditeko. Pandemia honetan batak bestearen mesedetan egin dezakegun gauzarik garrantzitsuenen artean informazioa elkar banatzea da, denon arten babesteko. Nik uste Puppyk asko estimatzen duela ematen zaion maitasuna, eta horregatik oso pozik hartu du bere gain segurtasuna eta ongizatea erakustea Bilboko hiriari eta mundu osoari.

Museoaren Zuzendari Nagusi Juan Ignacio Vidartek, bere aldetik, honako azalpena gehitu du: “oso egokia iruditu zitzaigun Museoaren jarraitzaile bilbotar batek egindako iradokizuna, hau da, Puppyk guztiongan pizten duen miresmena eta gertutasuna probestea herritarrak egoera zail honetan osasun-agintariek emandako jarrraibideak jarraitzera animatzeko. Izan ere, Puppy, artelana izateaz gain, Museoaren nahiz Bilboko hiriaren ikur bihurtu da eta baikortasunarekin lotzen da. Are gehiago, arte garaikidea bere denboran errotuta dagoenez —eta hala izan behar du gainera—, zentzu osoa du Puppy hain ezaguna izanda gure burua eta ingurukoak babesteak duen garrantzia azpimarratzeko erabiltzea.”

Guggenheim Bilbao Museoak sasoi honetan Puppyri egiten dion lore-aldaketaren abagunea hartu du berrikuntza hau egiteko. 1997an Museoan Puppy instalatu zutenetik, 12,4 metroko West Highland Terrier bat irudikatzen duen eskulturari azaleko loreak urtean birritan aldatzen dizkiote, udaberrian eta udazkenean, urtaro berrira hobeto egokitu ahal izateko. Udaberrian eta udan kolore askotako begoniak, baltsaminak, tageteak eta petuniak jartzen dizkiote Puppyri eta udazken eta neguan, berriz, pentsamenduak eta hotza hobeto jasaten duten antzeko loreak.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.