Prentsa oharra

Pazko astelehena zabalik

Azkeneko bi asteak Brancusi–Serra erakusketa  Guggenheim Bilbao Museoan ikusteko

Museoa zabalik egongo da apirilaren 9an, Pazko Astelehena

Brancusi–Serra 2011ko urriaren 8an ireki zen, eta XX. mendeko bi eskultore gailen horiei orain arte eskainitako erakusketa garrantzitsuena da. Apirilaren 15ean (igandea) itxiko da.

Erakusketa Guggenheim Bilbao Museoak antolatu du Riehen/Basileako Fondation Beyeler-ekin lankidetzan eta Oliver Wick izan da komisarioa. Constantin Brancusi-ren eta Richard Serra-ren artelanak ondoz ondoan jarri zituen eta bien arteko elkarrizketa irekia sortu zuen; izan ere, artista biek artearen historian arrasto nabaria utzi dute, eta eskultura modernoaren bidea aldatu.

Gaika antolatu dira Bracusiren 30 bat lan, eta atzera begirako itxura ere hartu du erakusketak; Bracusiri eskainitako horrelako erakusketarik ez da inoiz Espainian izan. Aukeraketa horrek 40 urteko tartea hartzen du, eta artistaren ibilbidean funtsezkoak izan diren gaietara hurbiltzen du ikuslea. Eskultura-unibertso berezi hori artelan-talde esanguratsuen bidez aditzera eman da.

Richard Serraren bederatzi eskultura eta oraintsu egindako paperezko lan sorta bat daude ikusgai. Horien bidez adierazi dira espazio idealaren ideia eta eskulturaren funtsaren inguruko hausnarketak. Era berean, AEBko eskultore ezagunaren azken 40 urteko ibilbidea, eta bilakaera, jaso dira oso modu berezian.

Brancusi–Serra itxi ondoren, David Hockney: ikuspegi zabalago bat irekiko du Guggenheim Bilbao Museoak, zehazki maiatzaren 15ean. Hockney egun jardunean dagoen britainiar pintore gailenentzat dute, eta erakusketa horretan haren ibilbidean paisaiak duen leku esanguratsua aztertuko da; izan ere, gaurdaino gai horri eskainitako erakusketarik handiena izango da.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.