Prentsa oharra

Patronatuaren bilera

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN FUNDAZIOAREN PATRONATUAREN BILERA

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuaren 2001. urteko lehenengo bilera gaur arratsaldean ospatu da. Erakunde honen estatutuei jarraiki, bilera honetan honakoek parte hartu dute: Mari Carmen Garmendia, Fundazioko Patronatuko Lehendakaria den Juan José Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako Lehendakariaren ordezkari gisa; Josu Bergara, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Guggenheim Bilbao Museoko Batzorde Betearazlearen Lehendakaria den aldetik; José Mª Gorordo, Bilboko Udalaren ordezkari gisa; Jane Debevoise, Solomon R. Guggenheim Foundation‑eko ordezkari gisa; bai eta Fundazioaren ordezkapen organo gorena den Patronatua osatzen duten 41 enpresa eta erakunde pribatuen ordezkariak.

Bileraren gai nagusia 2002. urterako programazio artistikoa izan da. Programazio horretan lau aldi baterako erakusketa handinahi barne hartzen dira: Brasil: arima eta gorputza; Alexander Calder; Matthew Barney: kremaster-zikloa; eta Paris: arteen hiriburua 1900–1968.

Brasil: arima eta gorputza erakusketak 350 bat artelan bilduko ditu eta zentzumenen eta izpirituaren esperientziak nahiz gorpuak eta arimak Brasilgo artean bat egiten duten modua aztertuko du. Erakusketa Barrokoari eskainitako atalarekin hasten da, xvii. eta xviii. Mendeetako piezekin, ondoren Brasilgo Modernismo eta Konkretismoan egindako lanak daude, eta azkenik arte garaikidearen adibideak ikusgai izango dira, Brasilen xx. mendearen amaierako eta xxi. mendeko hasierako arteak duen ezaugarri bateratzailea agerian utziz.

Alexander Calder erakusketa xx. mendeko artearen berritzaile handienetakoari egindako omenaldia da. Alexander Calderrek bere garaiko eskulturan nagusi ziren kontzeptuak goitik behera aldatu zituen eta mugimendua bere obraren ardatz bihurtu zuen, lerroak eta planoak naturaren indarrekin konbinatuz. Erakusketak hainbat mobil, stabile, konstelazio, dorre eta gong bilduko ditu, artista honek bolumetriarekiko, mugimenduarekiko eta soinuarekiko duen interes bizia agerian utziz.

Matthew Barney: kremaster-zikloa sortzaile iparramerikar honen lanak biltzen dituen zinema egitaraua dugu, eta bertan bere kezka nagusiak Arkadia antzeko irudimenezko erresuma batera nola eraman dituen ikus ahal izango dugu. Artista honek instalazio eskultorikoak, performanceak eta bideoak elkarren ondoan jartzen ditu bere obretan, gorputzaren eta sexualitatearen mugak arakatuz eta kirolaren diziplina fisiko gogorra eta erotismo ezkutua azpimarratuz.

Programazio artistikoa osatzeko Paris: arteen hiriburua 1900–1968 aurkeztuko da. Izan ere, Nazioarteko Erakusketa bertan ospatu zenetik 1900. urtean Paris, “argiaren hiria”, ospe handiko metropoli bilakatu zen eta mundu osoko artistak erakarri zituen. Erakusketa lau ataletan banatzen da, Parisen xx. Mendean zehar aurki zitezkeen gune intelektual eta sozialekin bat etorriz: Montmartre: abangoardiaren jaiolekua, 1900–1914, Montparnasse: plazerraren hiria, 1920–1939;  Saint-Germain des Près: berreraikitzea eta birsortzea, 1940–1957, eta Auzo latinoa: artea eta barrikadak,1958–1968

Patronatu honetan interesa piztu duen beste gaietako bat 2000. urtean zehar Guggenheim Bilbao Museoak zazpi herrialdeetako idatzizko hedabideetan izan duen presentzia neurtzen duen azterlana izan da. 1999. Urtean jasotako aipamenak 6.002 izan ziren eta 2000. urtean berriz 8.000 baina aipamen gehiago egin dira, hau da, % 33 gehiago. Zifra horien arabera aipamen horiek 4.600 irakurlek ikusi dituzte, hau da, 1999. Urtearekiko % 220ko gorakada. Hedabideetan izandako presentzia hori dirutan neurtuz gero, hor ere sekulako gorakada izan dela antzeman daiteke, izan ere 1999ko aipamen guztiek 3.653 milioi pezetako balioa zuten bitartean 2000koek 5.466 milioiko balioa izan dute eta horrek % 49ko gorakada suposatzen du.

Azkenik, Patronatuko kideei udara honetarako prestatu ditugun ekitaldi berezien berri eman zaie. Ekitaldi horien artean azpimarratzekoa da Museoaren ordutegiaren luzapena, izan ere Museoa uztaila eta abuztuan zehar goizeko 9:00etatik 21:00etara zabalik egongo da, etenik gabe.

Horrez gain, eta aurtengoa bigarren aldia izanik, Museoak Aste Nagusiaren jai-giroan parte hartu nahi du  eta horretarako abuztuaren 20tik 24ra familia eta haurrei zuzendutako jarduera bereziak eskainiko ditu egunez; eta gauez, 22:30etatik goizeko 2:00etara, gure inguruan dauzkagun jazz talde honenen kontzertuak egongo dira, besteak beste, Iñaki Salvador Trio, Infussion, Victor de Diego Group edo Jon Urrutia Triok eskainiko dituztenak. Guzti honi amaiera bikaina emateko, abuztuaren 25erako dantza bertikal saio ikusgarria antolatu dugu. Ekitaldi apart hau E.L.D. dantza‑talde suediarraren eskutik ikus ahal izango dugu eta dantzariek koreografia miresgarri hau Museoaren bolumen harrigarrietan dantzatuko dute.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.