Prentsa oharra

Patronatuaren bilera

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN FUNDAZIOAREN PATRONATUAREN BILERA

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuaren 2002. urteko bigarren bilera gaur arratsaldean izan da. Ptronatuaren estatutuei jarraiki, bilera honetan honakoek hartu dute parte: Miren Azkarate anderea, Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailburua; Josu Bergara, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Guggenheim Bilbao Museoko Batzorde Betearazlearen Lehendakaria den aldetik; bai eta Fundazioaren ordezkapen organo gorena den Patronatua osatzen duten 36 enpresa eta erakunde pribatuen ordezkariak.

Bileraren gai nagusia 2003. urterako arte programazioaren baieztapena izan da, aldi baterako erakusketak eta iraunkorrak barne hartuko dituena. 2003ko hasieratik bi erakusketa berri eta handinahiek egun Museoan daudenen lekukoa hartuko dute. Lehenengoa otsailan aurkeztuko da Jasper Johnsetik Jeff Koonsera: Broad bildumen artearen lau hamarkada titulupean. Erakusketa honek xx. mendeko bigarren erdialdeko arte mugimendu garrantzitsu eta sortzaileenetako ereduak batzen ditu 24 artisten lanekin. Hauen artean: Jasper Johns, Andy Warhol, Cy Twonbly, Roy Lichtenstein, Jeff Koons eta Cindy Sherman.

Bigarren aldi baterako erakusketak Alexander Calder-en Europan  orain arte lanen aukeraketa osoena erakutsiko du martxotik aurrera. Calder-en lana Guggenheim Bilbao Museoaren osagarri bisual paregabea da. Museoko bigarren solairua beteko dute artista honen 60tik gorako mugikari, stabileak, konstelazioak, dorreak eta gong-ak. Aldi baterako programazioarekin amaitzeko Artea ikasbide programaren erakusketa ere izango da, datorren urteko ekainetik aurrera 2002-2003 ikasturtean 6 eta 11 urte bitarteko 168 ikaslek eginiko lanak erakutsiko dituena.

Bilduma Iraunkorrari dagokionez, datorren urtean aurkezpen hauek izango dira: Gardentasunak, gaur egungo Euskal Herriko eta Espainiako artista garrantzitsuen lan sorta, artista hauen artean, Juan Luis Moraza, Cristina Iglesias, Javier Pérez eta Susana Solano. Jean Dubuffet aurkezpenak informalismoaren aitzindarietako baten lanetik ibilbidea eskaintzen digu. Artista frantsesak eragin handia izan zuen 1950eko hamarkadako Espainiako artistengan, hala nola, Antonio Saura. Izan ere, Guggenheim Bilbao Museoak eskuratu berri ditu artista honen lan batzuk eta espainiar informalismoaren beste protagonista batzuen lanekin batera, Antoni Tàpies esate baterako, eta iparramerikako espresionismo abstraktuaren ordezkarienekin batera (Mark Rothko, Willem de Kooning edo Robert Motherwell, adibidez) urtean zehar euren testuinguruan erakusgai izango dira. Azkenik Bilduma Iraunkorraren proposamena Irudiak mugimenduan erakusketarekin amaituko da. Honetan gaur egungo 55 artistek eginiko 150 lan baino gehiago ikusi ahal izango ditugu, euren sormenaren euskarri gisa argazkia, zinea eta bideoa erabiltzen dituztenak. Erakusketa honetan Boltanski, Rineke Dijkstra, Stan Douglas, Anna Gaskell, Bruce Nauman eta Nam June Paik artisten lanak izango dira ikusgai beste batzuen artean.

*Esandako erakusketen irudiak jaso nahi izanez gero deitu telefono honetara:  944359008

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.