GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN FUNDAZIOAREN PATRONATUAREN BILERA
Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuaren 2003. urteko bigarren bilera gaur arratsaldean ospatu da. Erakunde honen estatutuei jarraiki, bilera honetan honakoek parte hartu dute: Miren Azkarate andrea, Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailburu gisa; José Luis Bilbao jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Guggenheim Bilbao Museoko Batzorde Betearazlearen Lehendakaria den aldetik; Lisa Dennison andrea, Solomon R. Guggenheim Foundation‑eko ordezkari gisa; bai eta Fundazioaren ordezkapen organo gorena den Patronatua osatzen duten 34 enpresa eta erakunde pribatuen ordezkariak.
Bileraren gai nagusia 2004. urterako programazio artistikoa onartzea izan da. Programazio honetan honakoak barne hartuko dira: Bilduma Iraunkorraren bost aurkezpen eta aldi baterako bost erakusketa.
Bilduma Iraunkorrari dagokionez, otsailean Pop Artea aurkeztuko da, mugimendu honen oinarriak aztertuko dituena eta ondorengo artisten artelan adierazgarriak bilduko dituena, besteak beste: Andy Warhol, Roy Lichtenstein eta Claes Oldenburg. Otsailean halaber Museoak erosi berri duen Miquel Navarro artistaren Harresi‑hiria (Ciudad muralla) aurkeztuko da. Artelan hau pieza txikiek osatutako hiri-instalazioa da eta giza‑eskalaren nozioari buruz hausnarketa egiteko gonbidapena da. Ekainean hasita Bill Viola: denborazkotasuna eta transzendentzia aurkezpenak artista honek egin dituen azken sorkuntza-lanak ezagutaraziko ditu, Violak artearen historiarekin, espiritualtasunarekin eta kontzeptua eta hautematearekin zerikusia duten gaiekin duen lotura estua agerian utziz. Hilabete berean Rachel Whiteread, Lawrence Weiner, Gerhard Richter aurkezpena hasiko da, Deutsche Guggenheim Berlinek gaur egungo hainbat artistei agindutako proiektuen erakusgarri. Whitereadek adibidez eguneroko objektuak eta espazio arkitektonikoak artelan poetiko bihurtzen ditu; Weinerrek berriz, arte kontzeptualaren aitzindaria den aldetik, hizkuntza bera du adierazpide; Richter, bere aldetik, ekoizten dituen lanen aniztasunagatik, gure garaiko artista esanguratsuenetarikoa da.
Udazkenean egingo den 1945etik aurrerako artea: bilakaera, aniztasuna eta elkarrizketa aurkezpenean Guggenheim Bilbao Museoak 1945etik gaurdaino arte garaikidean hurrenez hurren sortu diren mugimendu, korronte eta joeretan gailendu diren artisten lanak jarriko ditu ikusgai —besteak beste Carl Andre, Francesco Clemente, Anselm Kiefer, Willem de Kooning, Sol LeWitt, Brice Marden, Agnes Martin, Robert Mangold, Robert Motherwell, Clyfford Still eta Antoni Tàpiesenak— askotan paraleloan burutu diren sortze-prozesuen bilakaera, aniztasuna eta elkarrizketa azpimarratuz.
Aldi baterako erakusketei dagokienez, horietako lehenengoa 2004ko maiatzean inauguratuko da, James Rosenquist: atzera begirakoa izenburuaz. Artista honen 30 urteko sorkuntza‑ibilbidea zehatz-mehatz aztertuko du erakusketak, 150 bat artelanen bidez. Ekainean hasita, bigarren aldi baterako erakusketak, Mark Rothko, artista garrantzitsu honen karreraren aldi ezberdinak ondo ordezkatzen dituen artelan multzoa bilduko du. Ezkutuko Picasso bat delakoak, berriz, Malagan jaiotako artistaren sormen prozesuaren alde ezberdinak ezagutzera emango ditu ikuspegi didaktikoa erabiliz. Bestetik, urtean egingo den bigarren atzera begirakoak, Jorge Oteiza, euskal eskultorea izango du gaitzat. Udazkenean inauguratuko den erakusketa honek artistak landutako gai nagusiak laburbildu eta aztertuko ditu. Amaitzeko, Guggenheim Bilbao Museoak azaroan aurkeztuko du urteko azken erakusketa: Migel Anjel eta bere garaia. Erakusketa honetan Italiako Errenazimendu garaiko marrazkigintzak mendebaldeko kulturaren historian izan duen berebiziko garrantzia aztertuko da.
Patronatua hasi aurretik Grupo Eulen S.A. enpresak Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuan Babesle gisa parte hartzeko hitzarmena sinatzeko ekitaldia burutu da.