Prentsa oharra

Patronatuaren bilera 2009

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN HANDITZEA URDAIBAIN AURRERA DOA: ARKITEKTURA DISEINUA AUKERATZEKO PROZESUA ZEHAZTEKO BIDEAN DA

Gaur, abenduaren 22an, Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuak 2009ko azken bilera izan du. Oraingo honetan landu dituzten gaiak, besteak beste, honako hauek izan dira: orain arteko jardueren balantzea, 2010eko aurrekontua eta Arte-programazioa, Estatutuak aldatzea eta Urdaibain Museoaren handitze etena egitea.

Urdaibai proiektuari dagokionez —hau Guggenheim Bilbao Museoaren 2009–2010 Plan estrategikoaren ekimenen artean dago —, Patronatuak 2009an zehar egin diren 12 azterketen emaitzak berrikusi ditu eta kontzeptu-, hirigintza-, ingurumen-, lege- eta ekonomia-gaiei arreta jarri die (eranskinean zehazten dira gaiok). Zehazteko bidean da arkitektura diseinua aukeratzeko prozesua; diseinuan esku hartuko lukete arkitekto-, paisajista- eta artista-taldeek eta horren inguruko xehetasunak eta zehaztapenak Patronatuaren hurrengo bileran, ekainean, aurkeztuko lirateke. Hala, joan den abenduaren 16an New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Foundation-en Patronatuan hartu zen ildo berari jarraitu diote.

Gai-zerrendari dagokionez, Patronatuak bere Estatutuak aldatzea baietsi du. Ondorioz, Bilboko Udala Batzorde Betearazlearen kide izango da eta beraz, horrek 11 kide izango ditu.

2010eko aurrekontuaren inguruan azaldu dute zenbatekoa 2009an baino %8,3 gutxiago izango dela, Euskadiko Erakundeen ekarpenak %12 gutxitu eta beste hainbat diru-sarrera ere txikitu baitira egun den krisialdi ekonomiko orokorra dela eta. Bisitariek eragiten dituzten diru-sarrerak iaz moduan jarraituko dutela iritzi da, bertaratzen direnen kopurua aldatuko ez dela uste baita. Gastuen atalean neurri bereko txikitzea egin da, gastuari eusteko politika hartu baita eta ildo horretatik proiektuetan, zerbitzuetan eta jardueretan dagozkien aldaketak egin baitira.

Arte-programazioa dela eta, datorren urtean Bilduma Iraunkorraren bi aurkezpen eta lau aldi baterako erakusketa izango dira. Otsailean Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak inauguratuko da eta horretan Museoaren artelan nagusien gainekoak azalduko dira: horien testuingurua eman eta elkarren arteko harremanak adieraziko dira eta hala Bildumaren—egun 62 artisten 102 lan daude— ulermen sakonagoa erraztuko da. Erakusketa honetan 1950eko eta 1970eko hamarkada arteko artelanei arreta jarriko zaie; horretarako, sortze-data aintzat hartuta, Bildumaren lehen lana denetik abiatuko da erakusketa: Mark Rothko-ren Titulurik gabea, 1952–53. Horrez gain, zenbait artista estatubatuarrek, hala nola, Cy Twombly-k, Robert Rauschenberg-ek eta Andy Warhol-ek, Europako artistekin —Yves Klein-ekin, Antonio Saurarekin eta Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida euskal eskultoreekin, esaterako— izan zituzten harremanen berri ematen da.

Otsailean ere Robert Rauschenberg-i eskainiko zaion erakusketa irekiko da. Gluts izena du eta horretan artistak 1986tik aurrera industriaren soberakinekin sortu zituen artelanen taldea ikusgai jarriko da. Erakusketaren izen bera —Gluts— du lan-sail horrek eta hura sortzeko iturri izan zuen Houstonera egin zuen bidaia bat; izan ere, garai hartan Texaseko ekonomia atzeraldian zegoen petrolio merkatuan zeuden soberakinen (gluts ingelesez) ondorioz. Horrek atentzioa eman zion Rauschenberg-i eta Floridara, Captiva-n zuen estudiora, itzuli zenean, gasolindegietako, industrietako eta autoen soberakinak bildu eta txatarra hori horma-erliebe eta eskultura exentu bihurtu zuen, bere Konbinatuak gogora ekartzen dituzten lanak, alegia.

Martxoaren erdira aldera, Anish Kapoor erakusketan artista indiar horrek 1979az geroztik sortu dituen hainbat sail aurkeztuko dira. Horietan ukitze edo oso islatzaileak diren materialak erabili ditu: pigmentu puruak eta distiratsuak, odol koloreko argizariak, pintatutako beira-zuntza, harria, leundutako altzairu herdoilgaitza eta oraintsu erabiltzen hasi den zementua. Guggenheim Bilbao Museoaren areto bakoitza unitate gisa hartu du Kapoor-ek, hots, bizipen bat eskainiko du aretoak, bertan sail bat edo eskala handiko lan bat dagoela. Erakusketa hau antolatzen den aldi bakoitzean materialak eta egiturak aldatzen dira; hala adierazten baitu Kapoorrek “berez sortzen” diren lanetan, hots, egilearen arrastorik ez duten eta aldez aurretiko ideiarik ez duten objektuetan duen interesa.

Henri Rousseau orain ehun urte hil zela eta, Museoak hari eskainiko zaion erakusketa bat izango du maiatzean. Horretan Frantziako artista horrek izan zuen garrantzia azalduko da; izan ere, arte modernoaren aitzindarietako bat izan zen eta horren oinarriak ezarri zituen akademien tradizioetatik at. Gainera, bere osteko hainbat artistari —hala nola, Picasso, Léger eta Ernst— eragin zien.  Artelanak “pintatutako collage” gisa osatzen zituen eta sortzeko irizpide hori oinarrizkoa da Rousseau-ren lanean; bada, landu zituen gai guztietan nabari daiteke: ibilbidearen azken aldiko “oihanen pintura” ezagunetan, Parisko eta aldirietako ikuspegietan, irudien itxuran, erretratuetan, alegorietan eta ohitura-eszenetan. Askotariko gai horiek estilo berritzaile eta bereziaz jorratu zituen beti eta horixe da erakusketa honek azpimarratzen duena.

Udazkenean Städel Museum-aren Holandako eta Flandesko pinturaren Urrezko Aroa izango da. Museo horretan maisu horien Europako bilduma onenetako bat dago eta erakusketa honen bidez garai hartako lan nabarmen horiek ikusteko aukera eskainiko da. Horrez gain, Urrezko Aroak historiaren eta artearen aldetik duen interesari dagokionez, sakonean hausnartuko da nola garai horrek pintura genero berriak sortzea bultzatu zuen eta beste genero klasiko batzuk, esaterako, paisaiak, erretratuak, natura hilak eta historia-pinturak, beste modu batean zehaztu zituen. Azpimarratzekoak dira Jan Vermeer van Delft-en lanak —izan ere, haren Geografoa, 1668–69, erakusketaren abiapuntu da—, baina, nola ez, beste maisu handien lanak ere —Rembrandt-enak, Peter Paul Rubens-enak, Dirk van Baburen-enak eta Frans Hals-enak— izango dira.

Urteko azken erakusketa azaroan izango da, Bilduma Iraunkorraren aurkezpen bat, Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performacea izena duena. Horretan aztertuko da nola egungo argazki eta bideo ugari iraganak, artearen historiak eta mamuek sorgindu dituztela ematen duen eta nola mamu horiek zuzeneko performanceetan eta giro birtualean azaltzen diren. Era berean, argazkigintzaren ikonografia orain gutxiko artean nola uztartu den ikertuko du, ikus-entzunezkoek duten indarra azpimarratzeko eta bai talde bai norbanako askok iragana atzitzeko duten obsesioa jasotzeko.

 

ERANSKINA

 

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN HANDITZE ETENA URDAIBAIN EGITEKO PROIEKTUA: HASIERAKO AZTERKETEN EMAITZAK

Kontzeptu-eredua

Proiektuaren helburuak nazioarteko lan-talde batek zehaztu zituen 2009ko udaberrian eta udan zehar izan ziren hainbat bileratan. Talde horri Think Tank izena eman zitzaion eta artistek, arkitektoek, hirigileek, zientzialariek, idazleek, arte-arduradunek eta kritikoek osatu zuten. Bilera horietan eztabaidatu zituzten kontzeptuen artean egon zen proiektuaren arkitekturak eta paisaiak bereziak eta egokiak behar zutela haren kokapenaren identitate bereizgarria argi eta berri dadin. Sormenarekin loturiko askotariko erronkak batuko dira espazio horietan, tailer edo estudio gisa erabiliko direnak. Emaitzari baizik, sortze-prozesuari arreta eskainiko zaio. Artistak eta pentsatzaileak (bai bakarka bai taldeka) gonbidatuko dituzte bertan aldi batez bizitzera eta hala ideiak sorrarazteko, saiatzeko eta elkartrukatzeko gune bat izango da, etengabe aldatzen joango dena, gainera. Artista eta pentsatzaile horien jardunak Urdaibai bizitzearekin edo/eta Sormen Zuzendariak ezarriko dituen gai jakinekin zerikusia izango du eta garatuko dituzten proiektuek ukigarriak zein ukiezinak izan litezke, beti ere paisaiak sortzen duten bizipenen ezaugarriekin harremana dutela. Horrez gain, eztabaidagune publiko bat antolatuko da, bertan parte-hartzaileek nazioarteko kultura gaiez solasta daitezen. Erabilera anitzekoak izango dira museoaren guneak eta hala askotariko arte adierazpenetako lanak erakusgai jarri ahal izango dira. Erakusketek lotura izan dezakete artista‑bisitariek aurrera eraman dituzten edo Urdabain eztabaidatu diren gaiekin. Egitarauak eta jarduerak bertan garatzeaz gain, haratago joan litezke eta tartean sartu eskualdeko beste leku eta baliabide batzuk. Guggenheim Urdaibaik artearen eta arkitekturaren eta beste diziplinen arteko harremana sustatuko du: elkartrukeak izango dira inguruko artisauekin eta zientzialariekin, bestelako gaiak lantzen dituzten sortzaileekin, diseinatzaileekin eta enpresa berritzaileekin, museoa inspiraziorako, elkartrukerako eta ekimenetarako plataforma izan dadin.

Arkitektura beharren programa

Honetan funtzionamendu modu konplexu horrek beharko lituzkeen guneen nondik norakoak aztertu dira. Ezaugarri fisikoak, programazioarenak eta jarduerarenak ikertu dira eta bereziki nabari dira paisaia, erliebea, itsasoaren eta itsasaldien eragina, eta berdea, leuna eta barne-hausnarketa zer diren; hala, arretaz aintzat hartu dira eskala eta guneen erabilera albait gehien zabaltzeko eta malgutzeko forma berritzaileak.

Eraikinaren edo eraikinen antolatzea aldakorra izango da, hala modu eraginkorrean bilduko baitira erakusketen, topaldien, arte-eszenikoen eta ekitaldi berezien beharrak betetzen dituzten guneak eta lan-guneak, gune osagarriak, azpiegiturak, eta aisialdirako eta gastronomiarako guneak. Instalazio berrien eta paisaiaren diseinua egingo duen taldea aukeratzea funtsezkoa da hainbat ziogatik: Guggenheim Museoen arkitekturaren kalitatea eraikin bakoitzak hartzen duen arte-funtsen eskutik doa; Urdaibai gune babestua da eta proiektu honen oinarri dira eraikina paisaian txertatzea eta jasangarria izatea agintzen duten irizpideak —ez da beste eraikin ikoniko bat egin nahi, baizik eta paisaia ikoniko bat, non arkitektura, ingurumena eta artea uztartzen diren—; azkenik, berebiziko garrantzia izan du gunearen diseinuak, horrexek baldintzatzen baitu proiektuaren gailentasuna.

Instalazio haien tamainari dagokionez, eraikitako azalera 8.000 m2 inguru (azalera erabilgarria: 5.500 m2) izango dela aurreikusi da. Horretarako 133 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusi da. Kopuru horretan ez dira aintzat hartzen izango diren hainbat gastu, horiek balioesteko informazio nahikorik ez baitago; besteak beste, honako hauek dira gastu horiek: udalekuak beste nonbaitera eramatea, beharrezkoa izatekotan eraikinean sotoak egitea eta horretan hainbat aldaketa burutzea —aldaketa horien nondik norakoak zehazteke daude—.

Bisitariei galdeketa eta Merkatuaren ikerketa

Merkatuaren ikerketa aurrera eramateko 2008ko abuztuan 2.668 bisitariei galdeketa egin zitzaien. Horretan zehazki galdetu zitzaien Urdaibain proiektu berri bat —bertan museoak bizipen berriak eskainiko zituen: artea, natura eta paisaiaren edertasuna, dena bat— egitearen inguruan. Emaitza nagusiek aditzera eman zuten bisitari horien %60k ontzat edo oso ontzat jo zuela ideia hori, hots, Guggenheim berri bat Urdaibain egitea eta bisitatzeko zioen artean hauek azpimarratu zituzten: naturan egongo dela, haren arkitektura, haren arte-programazioa eta Bilborekin lotuko duen garraiobide onak daudela.

Bisitarien kopurua balioesteko hainbat kalkulu egin eta hainbat zuzentze-faktore erabili dira, guztiak galdeketa jatorri dutela. Abiapuntua interesa neurtzen duen galdera da, horretan instalazio horietara joateko asmoa adierazi baitzuten. Lehen zuzentze-koefizienteak oinarri du museo berria ikusteko egonaldia luzatuko luketen eta hura bisitatzeko zein arrazoi luketen. Bisitaldi hori egiteko arrazoien arabera, kultura-interes hutsa dela edo beste turismo edo aisialdi asmorik dutela, museo berrira joango liratekeen bisitarien kopurua 107.000 eta 188.000 pertsona artekoa izango litzatekeela jo da. Batez beste, urteko 148.000 bisitari egongo lirateke.

Ekonomian izango lukeen eraginaren azterketa

Azterketa honetan sortu den ereduak museoak sortuko lukeen jarduera ekonomikoa neurtzen du, bai eraikuntzan zehar bai museo berria zabalik legokeenean.

Eraikuntzari dagokionez, lehen aipatutako Arkitektura beharren txostena eta horrek zehazten duen kopurua (133 milioi euro) hartu dira oinarritzat. Kopuru horri beste gastu batzuk — udalekuak beste nonbaitera eramatea eta eraikinean hainbat aldaketa burutzea, besteak beste— gehitu beharko zaizkio nahitaez, oraingoz horiek balioetsi ezin daitezkeenak informazio nahikorik ez baitago. Beraz, inbertsioa 200 milioi eurokoa litzatekeela jotzen da. Kopurua balioztatuko da auzi horiek zehazten diren heinean.

Ereduaren arabera, eraikitze aldian, 384,1 milioi euroko eragina (eragin zuzenak, zeharkakoak eta induzituak barne) izango luke; produkzioari dagokionez, 384,1 milioi euro lirateke (265 milioi EAEn eta 119,1 milioi Estatuan); BPG balio erantsian, eragina 169,3 milioi euro lirateke (105,4 milioi EAEn) eta 3.536 lan-postu (2.029 EAEn). Ondorioz, Ogasunek 73,3 milioi gehiago jasoko lituzkete (45,7 EAEn).

Museoaren funtzionamenduak sortuko lukeen eragina balioetsitako bisitarien kopuruaren eta aurrekontu operatiboaren —lehen hurbiltzen batean urteko 6,8 milioi eurotzat jo da— araberakoa da. Aurreikusitako bisitarien kopurua 148.000 da eta horien loturiko gastua urtean 31,2 milioi euro litzateke; eragina 78,1 milioi eurokoa litzateke (41,1 milioi EAEn), horrek BPG balio erantsian 40,3 milioi euro sortuko lituzke (22 EAEn) eta 847 lan-postu (489 EAEn), eta Ogasunek 17,3 milioi gehiago jasoko lituzkete (9,5 EAEn). Kopuru horiek guztiak urterokoak lirateke.

Aukeratutako lursailari dagokion hirigintza eta sektorearen araudia

Aukeratutako lursailak 8 hektarea inguru ditu eta Sukarrieta eta Busturia (Bizkaia) udalerrien artean dago, Urdaibai Biosferaren Erreserbaren barruan. BBK da haren jabea eta egun haurrentzako udaleku da.

Hirigintza-, ingurumen- eta sektore-arauek, kosta legeak eta errepideen eta trenbideen araudiek lursailaren guneetarako hainbat babes maila ezartzen dituzte. Eremu handi batean ezin da eraikin berririk iraunkorki eraiki eta hirigintza- eta ingurumen-arauak betetzen direla, 7.000 m2 inguruko lursaila dago museo berria kokatzeko. Arau horiek betez, lursail horretako gehienezko eraikigarritasuna 9.000 m2 ingurukoa litzateke.

Dauden eraikinen ondare-balioespena      

Lursailean zenbait eraikin daude, azterketa hau hasi zenean inolako babesik ez zutenak. Gehienak Ricardo Bastidarenak dira. Ondare-balioespen azterketa bat egin zen eta horren emaitzek adierazten dute eraikinak arkitektoaren lan ez-garrantzitsuak direla, haren lan ezagunenak baino kalitate gutxiagoko osaera ez-zaindua dutela.

Hasierako proiektua hainbat aldiz handitu behar izan zuten eta jatorrizko itxura galdu zuen; egungo eraikina egitarauen beharrei jarraiki egindako aldaketek taxutu zuten: behar horiek inauguratu zenetik aldatzen joan dira eta autoreari errespetua izatearen aurretik jarri zituzten. Hala gauzatu zen collage erabilgarri hori, arkitekturaren aldetik balio handirik ez duena.

Eraikinaren kokalekua, inguruari dagokionez, ez da egokia, hegoaldera begiratzea baino ez baita aintzat hartu. Ondorioz, paisaiaren babesa eta balioa handitzea zailtzen du. Horrez gain, ez ditu egungo energia aurrezte eta jasangarritasun irizpideak betetzen.

Lursailaren geologiaren azterketa eta azterketa geoteknikoa

Hau betetzeko oinarri izan dira materialen izaera, osaera eta loditasuna zein diren jakiteko azterketak eta horien emaitzen arabera, ez dago eraikitzea eragozten edo zailtzen duen baldintzarik.

Ingurumen ildoak

Biosferaren Erreserba ingurumen ahula da eta beraz, babestu behar da. Egin diren azterketen artean proiektu honi ekiteko aintzat hartuko diren ingurumen ildoak zehazten dituen bat burutu da. Hala, museo berrian Erreserbaren naturaren eta gizarte eta ekonomiaren balioak gehien babestuko eta gordeko lituzkeen ezaugarriak lituzke, hala garapen jasangarria abiapuntu lukeen —bai sortze-, eraikitze-, garatze- eta mantentze-aldietan— eredu bat sustatuko luke.

Ildo hauek ez dituzte ordezkatzen proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko legeak xedatzen dituen eta nahitaez egin behar diren azterketak. Horiek ezin izango dira aurrera eraman arkitektura-diseinua eduki arte, legeak hala agintzen baitu. Beraz, proiektuak aintzat hartu nahi dituen ingurumen-gaiei lehen ekite bat da.

Horrela, ingurumenaren eta ezar daitezkeen araudiak aztertu ondoren, hainbat gomendio eman dira Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Urdaibaiko Udalek egin zuten 2008–2015 Urdaibai Biosferaren Erreserbaren garapen jasangarrirako estrategiari eta ingurumenaren ezaugarriei jarraiki.

Azterketan inguruneko osagaiei (ekosistemak eta ingurumena, materialak, energia, ura, airea, atmosfera, lurraren erabilera, hondakinak, garraiobideak eta eskualdearen gizarte-ekonomia datuak) buruzko tresnak eta jardute egokiak zehazten dira. Horiek, ingurua babestearen eta garapen jasangarriaren estrategia berritzaileak bide, baliabideak modu eraginkorrean erabiltzen lagunduko lukete. Estrategia horiek artean aipatzekoak dira: energia berriztagarriak eta —ahal den heinean— bertako baliabideak erabiltzea, diseinua egiteko irizpide bioklimatikoak hartzea, mugikortasun jasangarria, kontsumo gutxiko teknologiak eta uren arazketa eta berrerabiltzea.

Diseinua aukeratzeko bideak

Diseinua egingo duen taldea —bertan leudeke arkitektoak, paisajistak eta ziur aski artistak— aukeratzeko zein bide dauden aztertu da. Biderik egokiena “proiektu-lehiaketa eta epaimahaia” da, hori erabili ohi da-eta artearen edo kulturaren aldetik garrantzitsuak izaten diren proiektu handiak esleitzeko. Horrekin, gainera, lehiaketan esku hartzen dutenen anonimatua gordetzen da, erabakitzeko autonomia duen epaimahai independente batek egiten du ebaluaketa eta zenbatek esku hartzen duen modu objektiboan zehatz daiteke.

Komunikazio-plana

Proiektuaren hainbat urratsen berri emateko komunikazio-helburuak eta –estrategiak zehazten dituen plan bat egin da. Horrek hiru zati ditu, proiektuaren urratsei dagozkienak: hasierako azterketak, proiektuaren garatzea eta eraikitzea eta, azkenik, hura irekitzea eta martxan jartzea. Planean hainbat xede orokor eta estrategia-ildo daude, horiek urrats bakoitzean egitekoak zuzenduko dituzte eta proiektuaren eboluzioaren arabera aldatuko dira.

Museo berriaren aurrekontu operatiboa

Azkenik, museo berriaren funtzionamenduaren inguruko aurrekontu proiekzioa egin da. Horretarako oinarri gisa hartu dira kontzeptu-eredua, balioetsitako urteko bisitarien kopurua eta aurreikus daitekeen instalazioen handitzea.

Abiapuntu izan da Guggenheim Bilbao Museoaren aurrekontua eta horren kapituluak. Aintzat hartu diren epigrafeen arabera alderatze-ratio batzuk ezarri dira, funtsean, instalazio berrien hedadura eta balioetsitako bisitarien kopurua. Emaitza 6,8 milioi eurokoa da eta autofinantzaketa portzentaia %40.

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.