Prentsa oharra

Patronatoa

PRENTSA-OHARRA - NOTA DE PRENSA

Gugggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuaren bilera

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuak atzo izan zuen 2009ko lehenengo bilera. Bertan izan dira Patxi López Lehendakari jauna, lehenengo aldiz Patronatuko Presidente jardun duena aurtengo lehen bilera izan delako; José Luis Bilbao jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Burua; Josune Ariztondo anderea, Kultura Foru Diputatua; eta Iñaki Azkuna jauna, Bilboko Alkatea, baita Fundazioaren gobernu-organo gorena den 32 enpresen eta erakundeen ordezkariak ere.

Batzar honetan 2010erako aurretiko arte- programazioa aurkeztu zuten eta ekitaldiaren lehenengo bost hilabeteren Balantzea egin zen; horretan nabarmentzekoa izan da bisitarien kopurua %6 igo dela 2008ko aldi berarekin alderatuz gero, ©MURAKAMI eta Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut erakusketak arrakasta handia izan baitute.

Era berean, Patronatuan onarpenerako aurkeztu zen Bizkaiko Foru Aldundiko eta Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren arteko hitzarmen bat, erakunde horien arteko lankidetza arautuko duena Urdaibain Guggenheim Bilbao Museoa zabaltzeko proiektuaren hastapenei dagokionez.

2010eko aurretiko arte-programazioa

2010eko arte-programazioa otsailaren erdi aldera hasiko da Guggenheim Bilbao Museoaren bilduma izeneko aurkezpenarekin, Museoaren funtsetan— egun ehun bat lan daude, hirurogeita hamar bat artistenak— dauden lan esanguratsuenak ikusgai jarriko dira eta hala, bilduma osotasunean ulertzea erraztuko da.

Otsail aldean ere Dimitris Daskalopouos bilduma erakusketa izango da. Horretan Dimitris Daskalopoulos-ek arte modernoa eta garaikidea nola ikusten duen azalduko da. Daskalopoulos enpresaria da eta Solomon R. Guggenheim Museum-aren International Director’s Council-aren eta Tate International Council-aren kide. Haren bilduman artista hauen lanak daude, besteak beste: Damien Hirst, Girbert&George, Marina Abramovic eta Kiki Smith.

Hilabete beranduago Anish Kapoor erakusketa izango da Museoaren bigarren solairuan, nazioartean gehien eragin duen eskultore bati eskainitako asmo handiko atzera begirakoa. Artistak izena du egungo eskultura berriro definitzeagatik, eta erakuske tan haren 40 lan baino gehiago bilduko dira: maketak, marrazkiak eta eskulturak, munduko osoko galeriatatik eta bildumatzaileen funtsetatik ekarriko direnak. Horiez gain, Bilboko erakusketarako bereziki egindako artelanak jarriko dira.

Udazkenean Museoak Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performancea izango du, Bilduma Iraunkorreko aurkezpen bat. Bertan argazkigintzaren ikonografia orain gutxiko artean nola gehitu den ikertuko da, hots, eskulturetan, pinturetan, bideoan, zineman, instalazioetan nola erabiltzen den.

Azkenik, azaroan Museoak joera klasikoko erakusketa bat izango du, bisitariari egungo arte giroa bere testuinguruan ulertzeko lagungarri izango da, orain gutxiko erakusketa hauen ildo beretik: Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a eta Alberto Durero: Städel Museum-aren bildumako grabatuak.

Bilbon, 2009ko ekainaren 2an

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.