Prentsa oharra

New Yorken egonaldia egiteko beken beste deialdi bat EAEko graduatuentzat

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek abian jarri dute EAEko lau gazte graduatuentzako New Yorken egonaldia egiteko beken laugarren deialdia. Egonaldiak 2018an egingo dira, eta izena emateko epea abenduaren 11n itxiko da.

Hiru hilabeteko praktikaldian datza programa. New Yorkeko Guggenheim Museoko hainbat arlotan lan egiteko aukera ematen du, bai arlo artistikoan bai museogintzan, eta honako hauei zuzentzen zaie: graduatu berri diren ikasleei (2015/2016 edo 2016/2017 ikasturteetan graduatutakoei); eta 2013/2014 edo 2014/2015 ikasturteetan graduatu direnei, baldin eta graduondoko bat ikasten ari badira. Halaber, eskatzaileak EAEn jaioak edo/eta 2016ko urtarrilaren 1etik bertan bizitakoak izan behar dute; halaber, ingelesezko maila altua izatea ezin bestekoa da, ahoz nahiz idatziz. Deialdiak bi praktikaldi barne hartzen ditu: bat udan garatzekoa eta bestea udazkenean. Horrek errazten du Museoko askotariko arloetan lan egiteko aukera eskaintzea; horien artean daude: arte-ardura arloa, garapen saila, artapen arloa, hezkuntza, erakusketen diseinua, finantzak, marketin saila, erregistroa eta argazkilaritza, besteak beste. Praktikaldian ikasleek hainbat proiektuetan parte hartuko dute, beste arlo batzuekin harremanetan egongo dira eta, esperientzia osatzeko, bisitaldiak egingo dituzte galerietara, bilduma pribatuetara, enkante-etxeetara eta hiriko beste museotara. Udako praktikaldia 2017ko ekaina eta abuztua artean izango da, eta udazkenekoa 2018ko urria eta abendua artean. Diru-laguntza 3.500 dolarretakoa izango da.

Interesdunek oinarriak ikus ditzakete eta izena eman dezakete hemen https://www.guggenheim-bilbao.es/empleo-y-practicas/basque-internships/. Horrez gain, azaroaren 21ean (asteartea), 17:00etan, aurkezpen bat izango da Guggenheim Bilbao Museoko Zero Espazioan, zalantzak argitzeko eta gainerako informazioa emateko.
Ekimen hau EAEko artista hasiberrientzako 2018ko egonaldi-programak osatuko du; egonaldi horiek ere New Yorken egingo dira.
Ikasleentzako zein artista hasiberrientzako bekak 2014ko abenduan Solomon R. Guggenheim Foundation-ekin sinatutako Kudeaketa Akordioaren berritzean barne hartzen dira; berritzeak bi erakundeen arteko harremanean sakonduko du hainbat proiekturen bidez.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.