Gala Knörr y Maite Pinto izango dira Solomon R. Guggenheim Museum-ek artista gazteentzak duen egonaldi-programaren hirugarren egitarauan parte hartuko duten artista hasiberriak, Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek hautatuta. Ekimen hori 2014ko abenduan Guggenheim Bilbao Museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-ekin sinatutako kudeaketa akordioaren berritzearen baitan sartzen da. Akordio horren arabera bi erakundeek haien arteko lankidetzan askotariko proiektuen bidez sakonduko dute.
New Yorken egingo duten egonaldian zehar, Gala Knörrek eta Maite Pintok aukera izango dute haien ibilbide profesionalean aurrera egiteko, hiriko arte-giroa sakonetik aztertzeko eta artista, komisario eta arte-erakunde desberdinak ezagutzeko aukera izango dute, Solomon R. Guggenheim Museumeko profesionalen eskutik betiere. Artista hasiberrientzako egonaldi-programa honek 2.500 dolarretako diru-laguntza eskaintzen dio hautatutako pertsona bakoitzari. Lehen edizioko onuradunak Carla Tobar eta Alain Urrutia izan ziren; bigarrenean, berriz, Diego Vivanco-k eta Cristian Villavicencio-k hartu zuten parte.
Haututakoen profil laburra
Gala Knörr (Vitoria-Gasteiz, 1984) artista Gasteiz eta Bilboren artean bizi da, eta bi hiri horietan egiten du lan. The New School (Parsons Paris, 2007) diseinu-eskolan Arte Ederrak ikasi ostean, Londresko Central Saint Martins, University of the Arts delakoan bere ezagutzak zabaldu ditu. Bere pintura, bideo eta instalazioek egitura garaikideen baitan gauzatzen diren pertsonarteko harremanetan ipintzen dute arreta. Knörren lanak Parisko Cité internationale des arts fundazioaren ate irekietan egon dira erakusgai berriki, eta Fundación Bilbaoarte Fundazioan aurkeztuko dira hemendik gutxira, 2016an jasotako egonaldi- eta ekoizpen-bekaren emaitza gisa. 2010ean Obra Social Caja Madrid erakundearen “Premio emergencias 2.0” saria eskuratu zuen Gala Knörrek erakusketa kolektibo nahiz indibidual ugaritan parte hartu du.
Maite Pinto (Logroño, 1993) Bilbo eta Manchesterren artean bizi da, eta bi hiri horietan egiten du lan. UPV-EHUn (2015) Arte Ederrak ikasi ostean, Manchesterreko Metropolitan University-n (2017) zabaldu ditu bere ezagutzak. Akumulazioa, iragankortasuna eta galera bezalako gaiak aztertzen ditu artistak, hainbat teknika eta bitarteko baliatuz horretarako: besteak beste, grabatua eta zaborretako materialak. Maite Pintoren lanak ikusgai egon diren erakusketen artean, nabarmentzekoak dira hemen egindakoak: Centro Cultural Norte Universidad (Mósteles, 2017), Open Portfolio, Nazioarteko Grabatu Jaialdia (Bilbo, 2015) edo Aztarnak/Rastros Oihaneder Euskararen Etxea (Vitoria-Gasteiz, 2015).