- Jatetxe bilbotar ezaguna etorkizunera begira jarri da, eta bere proposamena berritu nahi izan du lengoaia aske eta mugikorra erabilita.
- Nerua Guggenheim Bilbaok datorren ekainaren 18an irekiko ditu bere ateak karta berriarekin eta erritmoz betetako esperientzia batekin
Bere ateak lehen aldiz ireki zirenetik hamarkada bete denean, Nerua Guggenheim Bilbao jatetxea etorkizunari begira jarri da eta proposamen gastronomiko eraldatu bat aurkezten du: askeagoa, dinamikoagoa eta pluralagoa.
Ekainaren 18an irekiko ditu ateak jatetxeak, sei hilabetez esperientzia berrikusteko lanetan aritu ostean, eta naturaren erritmoaren arabera diseinatutako karta izango du ardatz denboraldi berri honetan. Karta berriak, lurraldearekiko errespetua eta bertako funtsa oinarri hartuta, sasoiko 16 produktu goraipatzen dituzten 16 plater eskainiko ditu, partekatzeko eta esperientzia nork bere gustura eraikitzeko gonbita egiten duen formatu batean.
Karta honek, orain, udan, produktu ikonikoak izango ditu protagonista. Esperientzia hasteko, esaterako, Kantauriko antxoa hirukotea: errea, frijitua eta salbiarekin; edo txitxarroa oliba-eskabetxean, freskagarria eta zaporetsua.
Kartaz gain, 8 urratseko ibilbide gastronomiko bat egiteko aukera egongo da, Muina, Neruako sukaldaritzaz sakonki gozatu nahi dutenentzat (80 eurotik aurrera).
Nerua duela hamar urte jaio zen Guggenheim Bilbao Museoaren barruan, Bilboko kultura gastronomikoaren lagina goi mailako sukaldaritzako formatu batean eskaintzeko desioarekin.
Ireki eta hilabete gutxira, Nerua Guggenheim Bilbaok lehen Michelin izarra eta 3 Repsol Eguzki eskuratu zituen. Horretaz gain, hainbat urtetan munduko 100 jatetxerik onenen zerrendan egon eta gero, 2019an 32. postua lortu zuen The World’s 50 Best Restaurant zerrendan.
Proiektua hasieratik izan zen apustu arriskutsua, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariak eta Bixente Arrieta IXO Taldearen sortzaileetako batek elkarrekin bultzatu zutena. IXO Taldea sukaldaritzan espezializatutako enpresa-taldea da, eta, Nerua Guggenheim Bilbaoz gain, Bistró Guggenheim Bilbao (jatetxe hau ere Museoan kokatua dago), ni neu, Bodegón Alejandro eta TOPA Sukalderia (Donostia) eta Mugaritz (Errenteria) jatetxeak biltzen ditu.
Bere erronkak dagoeneko beteta eta pandemia bat tartean, Neruako taldea 2020an hasi zen proiektuaren bilakaeraren inguruan hausnartzen, hurrengo hamarkadan bere ibilbidean beste urrats bat emateko helburuarekin: zapore ona utzi nahi diegu Euskadira iritsi eta Guggenheim Bilbao Museotik igarotzen diren milioika bisitariei, zerekin eta gure kulturaren zati batekin, gastronomiarekin.
Juan Ignacio Vidarte Museoko zuzendariaren hitzetan, "Gastronomia Guggenheim Bilbao Museoaren parte izan da hasieratik. Aitzindariak izan ginen alderdi hau gure bisitarien esperientzian txertatzen. Izan ere, Museoko bisitaz gozatzeko osagarri ezin hobe bat izateaz gain, gure kulturaren funtsezko elementu bat ere bada. Gainera, Nerua, Bistró eta Bar Guggenheim Museo bezalako hiru aukera gastronomiko izanik, ziur nago gure bisitariek gogobeteko dituen aukeraren bat izango dutela".