Izendapenak buru eman dio nazioarteko bilaketa-prozesu zabalari eta, lehenengoz, emakume bat ezarriko du arduradun
(NEW YORK, 2023ko azaroak 20, astelehena) Patronatuak jakinarazi du Mariët Westermann doktorea izendatu dutela Solomon R. Guggenheim Museum and Foundation erakundeen Zuzendari eta CEO. Haren ardura izango da Fundazioa eta haren museo enblematikoa bai eta Veneziako Peggy Guggenheim Collection gainbegiratzea, eta lankidetzako lidergoa eskaintzea Guggenheim Bilbao Museoaren eta etorkizunean Guggenheim Abu Dhabi izango denaren zuzendariekin elkarlanean aritzeko. Egun, Westermann doktorea NYU Abu Dhabi-ren Errektoreordea da eta ibilbide luze eta arrakastatsua du arte eta humanitateen esparruan diharduten eta mundu mailan izen handikoak diren goi-mailako ikastetxe eta erakunde filantropikoetan. Horrez gain, eskarmentu handia du artearen historian, museoetan eta ikerketan, bai eta erakundeen kudeaketan, filantropian eta nazioarteko harremanetan.
2019. urtetik Errektoreordea, Zuzendari Nagusia eta Arte eta Humanitateetako irakaslea da NYU Abu Dhabi unibertsitateko campusean. New York University-ko campus horretan arte liberaletako graduak eta ikerketa-proiektuak garatzen dituzte. Aurretik, erakunde bereko Zuzendari Akademikoa izan zen 2007tik 2010era. Hortaz, gai akademiko, administratibo, finantzario eta operatibo guztiak gainbegiratu ditu NYU Abu Dhabin. Artearen historiako prestakuntzatik abiatuta, lider berritzaile eta enpatikotzat hartzen da, bikaintasuna inspiratzen duena, konplexutasuna kudeatzeko gai dena, eta modu sakonean ulertzen du interkonexio global bezain polarizatuak dituen gure mundu honetan arteak, kulturak eta humanitateek jokatzen duten paper garrantzitsua.
Westermann doktorearen lidergoari esker bete-betean garatu ahal izan da NYU Abu Dhabiko graduen maila; hamaikatxo irakasle berri etorri dira, horien artean Wole Soyinka, unibertsitateko lehen Nobel sariduna; eta ikasketa berriak antolatu dira, nola diren Arte eta baliabide bisualetako Arte Ederretako Masterra eta New York University-ko Stern School of Business eskolarekin batera taxututako Enpresen Zuzendaritzako Master berria.
Filantropia bultzatzeko hainbat ekimenetan parte hartu du eta hari esker NYU Abu Dhabi berrikuntzan, kulturan, truke intelektualean eta komunitatearekiko konpromisoan erreferentziazko erakundea da Arabiar Emirerri Batuetan eta, oro har, Ekialde Hurbilean eta Afrika Iparraldean. NYU Abu Dhabiko Ekintza Klimatikoaren Lehen Plana garatzen lagundu du, 2025ean karbono-neutraltasuna lortzeko ibilbide-orri zehatz eta errealista.
Guggenheim Museum and Foundation erakundeen Zuzendari eta CEO izendatu dutenez, Westermann doktoreak zuzenean erantzungo dio Fundazioaren Patronatuari, Konstelazioaren zuzendaritza estrategikoa ezarriko du eta haren buru izango da, haren ikuspegia, eskaintza eta asmoa gauzatzeko bidean. Fundazioa eta haren erakunde enblematikoa den New Yorkeko museoa gainbegiratu eta zuzenduko ditu, eta bere ardurapean izango dira bertako arte-bilduma bikainak eta Europan eta Abu Dhabin dauden konstelazioaren gainontzeko museoen gidaritza. 2024ko ekainaren 1ean hasiko da ofizialki lanean.
Tomilson Hill, Solomon R. Guggenheim Foundationen Patronatuburuak zera adierazi du: “Pozarren gaude Westermann doktoreari Guggenheimera ongietorria egitearren. Sarea zabal bota eta hamaikatxo elkarrizketa egin ditugu Guggenheimerako egokiena den pertsona aurkitu ahal izateko. Azken sei hilabeteetan, gure zuzendari berriak beharko lituzkeen bereizgarriak identifikatu ditugu, eta balioetan oinarritutako bilaketa-prozesu sistematikoa gauzatu dugu. Hautagai bakoitza ezaugarri horien arabera ebaluatu dugu. Westermann doktoreak postu garrantzitsu horretarako berebizikoak diren gaitasunak eta esperientzia-maila uztartzen ditu: munduaren ikuskera zabala izateaz gain, nazioarteko eskarmentua du interes-talde anitzekin lanean eta funtsezko gaiei aurre egiten, beti ere jakintzan, bikaintasunean eta bai arteak bai kulturak inspirazio- eta konexio-iturri gisa duten ahalmenean tinko sinetsita. Gure bildumaren helmena zabaltzea eta gure xede-ekimena hedatzea dugu helburu, izan ere, askotariko publikoa hartzen dugu eta, ere berean, gure langileen kulturak eta garapenak arduratzen gaitu. Duela hogeita bost urte baino gehiagotik ezagutzen dut Westermann doktorea, eta gogotsu naiz gure plan estrategikoaren ezarpenean berarekin lan egiteko”.
Wendy Fisher, Solomon R. Guggenheim Foundationen Patronatuaren Presidentearen hitzetan, “Atsegin izugarriz eman nahi diot ongietorria Guggenheimeko Zuzendari eta CEO berria izango dugun Westermann doktoreari. Ziur nago Westermann doktoreak iaiotasunez eutsiko diola erakundearen jatorrizko asmoari eta, era berean, gure museoen konstelazioa etorkizun iraunkorrago batera gidatuko duela Guggenheimek diskurtso publikoan duen rola birdefinituz eta gure ateak —fisikoak zein birtualak— are publiko zabalagoari irekiz. Frank Lloyd Wrightek Bosgarren etorbiderako diseinatu zuen eraikinetik bertatik hasita, Guggenheimek beti bilatu du arteaz pentsatzeko eta harekin hartu-emana sortzeko bide berriak eragitea, eta, bere eskarmentu ikaragarriari esker, Westermann doktorea berebiziko pertsona da zeregin horretarako. Izan ere, lorpen andana du artearen historiaren jakintza-arloan, kideekiko errespetua du jardunbide, nazioarteko erakunde baten buru izana da eta arteak duen eraldaketa-indarrean sinesten du irmoki. Irrikaz nago harekin besoz beso lan egiteko. Jakin badakit esku onetan gaudela erakunde benetan globala izatearen, horrek dakarren arduraren eta balio horiek abian jartzeko moduaren inguruan hausnarketa egiten darraigun honetan”.
Mariët Westermann doktoreak dioenez, “Ohorea da Guggenheimen parte bihurtzea, hiru kontinentetan sakabanatutako lau museo bereizgarritan arte modernoa eta garaikidea ardatz dituen zeregin ederrean diharduen erakunde paregabea baita. Hasi New Yorkekotik eta Bilbokora, Veneziakora nahiz Abu Dhabikora, museo horietako bakoitzaren izateko arrazoia zera da, arteak eta artistek duten eraldaketa- eta konexio-indarra edonoren esku-eskura jartzea. Zorionekoa naiz artearen historialari, hezitzaile global, komisario, filantropo eta buruzagi akademiko gisa esperientzia zoragarriak bizitzeko aukera izan dudalako. Aurretik izan ditudan zereginetan hain motibagarri izan zaizkidan konplexutasun eta asmo handiei esker, prestatuta nago Guggenheim bere potentzialaren gorenera eramateko, beren ingurunean eta komunitateetan erabat errotuta egonagatik xede bat eta bakarra partekatzen duten museoek osatzen duten konstelazioa den heinean”.
Aurretik, Westermann doktorea Mellon Foundation-eko Lehendakariorde Exekutiboa izan zen; New York University-ko Arte Ederretako Institutuko irakaslea eta zuzendaritzako kidea; Clark Art Institute-ko Ikerketa eta programa akademikoetako Zuzendariordea eta Rutgers University-ko irakaslea izan zen. Magna cum laude graduatu zen Williams Collegen, eta master bat eta Artearen Historiako doktoretza ditu New York University-ko Arte Ederren Institutuan. Westermannek beka, sari eta dirulaguntzak jaso ditu hainbat erakunderen eskutik: National Endowment for the Humanities, American Philosophical Society, Center for Advanced Study in the Visual Arts, Clark Art Institute, College Art Association, eta Metropolitan Museum of Art.
Westermann doktorea Art and Home: Dutch Interiors in the Age of Rembrandt erakusketaren komisario nagusia izan zen eta horretarako katalogoa idatzi zuen, zeina Denver Art Museum-en eta The Newark Museum-en erakutsi baitzen 1997 eta 2001 urte artean. Arte-aholkulari, ikertzaile eta saiakera-egile gisa aritu zen National Gallery-k Amsterdamgo Rijksmuseum-ekin batera antolatutako Jan Steen: Painter and Storyteller (1994-1996) erakusketan.
Herbehereetako artearen historian aditua, Westermann doktorea liburu, artikulu eta erakusketa askoren egilea da: Herbehereetako arteari eta artistei eskainitakoak, museoei buruzkoak zein goi-mailako hezkuntzaren egoera eta etorkizuna hizpide dutenak. Mellon Foundation-en izenean, Westermann doktoreak museoen sektoreko langileen aniztasunari buruzko bi ikerketa kritiko taxutu eta argitaratu ditu (Roger Schonfeld eta Liam Sweeneyrekin).
2020an, Westermann doktoreak Reframing Museums antolatu zuen, museoen etorkizunari buruzko nazioarteko konferentzia garrantzitsu bat, NYU Abu Dhabi eta Louvre Abu Dhabirekin antolatua. 2010ean, NYU Abu Dhabi Institute-n izenean, Art Museums Here and Now biltzarra antolatu zuen Philippe de Montebellorekin. Hitzaldi horietan arte museo tradizionalek izan ez duten herrialdeetan arte museoak eraikitzeak zer esan nahi duen azaltzen saiatu ziren eta museo tradizionalak berrasmatzeko bideak aztertu zituzten, horiek hartzen dituzten gizarte aldakorrekin konektatuta mantentzeko xedearekin.
Hainbat erakundetako zuzendaritza-batzordeetan parte hartzen du, nola diren ALIPH (Gatazkak dauden eremuetan ondarea babesteko Nazioarteko Aliantza), Educational Testing Service delakoan eta Rijksmuseum-ekoan. Institute of International Education erakundeko Erreskate Funts Akademikoaren buru da baita ere. Abu Dhabin AmCham Abu Dhabiko zuzendaritza-batzordeko kidea eta Ameriketako Estatu Batuetako eta Arabiar Emirerri Batuetako Merkataritzako Ganbera bateratuko kontseiluko kidea da.
Solomon R. Guggenheim Foundationi buruz
Solomon R. Guggenheim Foundation 1937an sortu zen, eta erakusketen, hezkuntza-programen eta argitalpenen bidez arte moderno eta garaikidearen zabalkundea eta balioespena sustatzea du helburu. Honako hauek dira haren nazioarteko museo-konstelazioa osatzen dutenak: New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum, Veneziako Peggy Guggenheim Collection, Guggenheim Bilbao Museoa eta Guggenheim Abu Dhabi izango dena. Arkitektura-ikono eta “arimaren tenplu” izaki, Solomon R. Guggenheim Museum, gaur egun, UNESCOk AEBn Gizateriaren Ondare izendatu berri dituen Frank Lloyd Wrighten zortzi egituretako bat da. Museoari eta Guggenheimek munduan zehar dituen jarduerei buruzko informazio gehiago duzu eskuragarri guggenheim.org webgunean.