Prentsa oharra

Jon Kortajarenak, Itziar Ituñok eta Ernesto Valverdek Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanen artean gogokoen dutenari buruz hitz egin dute Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Maiatzaren 18a Museoen Nazioarteko Eguna dugu eta hori ospatzeko Itziar Ituñok, Ernesto Valverdek eta Jon Kortajarenak euren artelan gogokoenari buruz hitz egin dute, Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma osatzen duten lanen artean aukeratutakoa.
Aurten ezinezkoa izango da aurreko urteetan bezala Museoa doan irekitzea eta horregatik Museoak modu birtualean irekiko ditu ateak bisitariei ongi etorria egiteko, Museoarekin zerikusirik ez duten alorretan arrakasta handia lortu duten hiru profesionalen eskutik.
Itziar Ituño aktore bizkaitarrak Bilborako instalazioa aukeratu du. 1997an sortu zuen Jenny Holzer artistak 9 led zutabez osatutako obra hau Museoko Atrio ondoan dagoen txoko horretan kokatzeko. Itziar Ituño oso ezaguna da Loreak filmean eta La casa de papel telesailean parte hartu izanagatik eta bere bideoan hitz hauekin azaltzen digu zergatik aukeratu duen artelan hori: “Ikusi nuen aurreneko aldian hitz-euria ekarri zidan gogora, goitik behera barra-barra ari duena, blai utzi arte”.
Bere aldetik, nazioartean aktore eta modelo gisa ibilbide luzea duen Jon Kortajarenak sarritan bisitatzen du Museoa. Bildumako lanen artean Jean-Michel Basquiat-en Napoliko gizona (1982) aukeratu izanaren arrazoiak ematen dizkigu bideoan: “Mezu ironikoez betetako lana da eta laurogeiko hamarkadako New Yorkeko kaleak gogorarazten dizkizu”.
Ernesto Valverde futbol jokalari eta entrenatzaile ohia duela urte asko da Museoaren Laguna eta gehien gustatzen zaizkion artelanen artean Anselm Kieferren lanak aukeratzen ditu, Museoan beti erakusgai daudenak, eta asko gustatzen zaio Gau-ordena ospetsuak (1997) deritzona: “Nor ez da horrela sentitu noizbait, batez ere izarrez betetako udako gauetan”.
BIDEOAK ikusteko, mesedez sakatu ondorengo loturetan:
Jon Kortajarena: HD eta B.Txikia
Ernesto Valverde: HD eta B.Txikia
Itziar Ituño: Euskaraz   HD eta B. Txikia
#GuggenheimBilbaoLiveBideo hauek #GuggenheimBilbaoLive ekimenaren parte dira. Martxoan aldi baterako ateak itxi behar izan genituen momentuan abiarazi genuen ekimen hori webgunean nahiz sare sozialetan, konfinamenduaren aste gogorretan inspirazioa etxeetara helarazteko. Alde batetik, Museoak sortu eta partekatzen dituen bideoak plazaratu ditugu; eta bestetik, astero artistek prestatutako tailer interaktiboak proposatu ditugu #MuseoaFamiliarteanBBKrekin atalean. Eduki guzti hauek posta elektronikoaren bidez doan jaso nahi dituenak Museoaren webgunean izena eman dezake Community-n, artearen eta kulturaren inguruko Museoaren komunitatean, egun bere baitan 60.000 Lagun eta Jarraitzaile baino gehiago hartzen dituena.
×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.