Prentsa oharra

Jenny Holzer artistak hiru lan eman dizkio Guggenheim Bilbao Museoari, haren Bildumarako

Guggenheim Bilbao Museoaren XX. Urteurrena den honetan, Jenny Holzer artista estatubatuarrak hiru lan eman dizkio erakundeari, haren Bildumarako: Biziraupena saila: utziozu eskuari noraezean ibiltzen… (1989), Bizitzen saila: inoren hatsa ikustea harrigarri gerta liteke… (1989) eta Arno bikotea (2010).

Kontu handiz formulatutako esaldi motzek osatzen dute Biziraupena saila, eta larritasun tonuan idatzitako mezuak barne hartzen ditu: pertsonek haien ingurumen politiko, sozial, fisiko edo psikologikoari erantzuteko moduaren berri eman edo hori zalantzan jartzen dute. Artean, Bizitzen sailak behaketa, jarraibide eta abisuak aurkezten dizkigu; modu lasaiagoan formulatuak daude horiek, eguneroko bizitza deskribatzeko baliatu ohi den kazetaritza-estiloan. Norbanakoak eta gorputzak paisaiarekin, beste pertsonekin, arauekin, itxaropen, desira edo beldurrekin harremanetan egoteko duen moduari heltzen dio azken sail horren edukiak.

Bestalde, Arno bikotea lanak modu ezin hobean osatzen du Museoaren Bildumako Bilborako instalazioa (1997/2017) pieza. Azken horretan euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ageri diren esaldiak Arno testuaren aldaera dira; jatorrian, HIESaren ikerketarako funtsak biltzen zituen proiektu baterako idatzi zen testua, eta Florentzian kanpoaldeko gune batean egin zen proiekzio baterako moldatu zen gero. Arno bikotea bankuetan gaurkotasuna dute pasarte horiek; oraingoan, ordea, euskaraz baino ez dira irarri. HIESaren gaiak berehalako testuinguru tragikoa eskaintzen badu ere, harrian zizelaturiko hitzek gai unibertsalak iradokitzen dituzte: hala nola, intimitatea, heriotza eta galera.

Jenny Holzer AEBko artista kontzeptualik ezagunenetakoa da, eta hitza darabil arte-adierazpenerako bitarteko gisa. Lengoaia soil eta zuzenean idatzitako aforismoak ageriko egiak dira, kaletik hartutako esaldiak, gerra, politika, heriotza edo indarkeriarekin lotura dutenak. Bere kaleko artea museoaren espaziora eramatean, Holzer-en hartzaileak erabat aldatzen dira, eta horrek bide egiten dio pribatua eta publikoaren arteko muga hauskorraren gaineko gogoetari.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.