Guggenheim Bilbao Museoak hainbat neurri eta aholku prestatu ditu, bizkaitarrak gonbidatuta dauden hilabete honetan sarbidea arintzeko
Datorren igandean, urriak 1arekin hasiko da Guggenheim Bilbao Museora doan sartzeko aldia bizkaitarrentzat, “Lurraldeari irekitzen” ekimenari esker; Bizkaiko Foru Aldundiak jarri du martxan, Museoaren XX. Urteurrena ospatzeko. Bisitarien kopurua handia izango dela aurreikusita, eta gonbidapenarekin nahiz sarrera normalarekin datozenei sarbidea eta esperientziaren kalitatea erraztu eta hobetzeko asmoz, Museoak hainbat neurri hartu ditu eta aholku batzuk prestatu ditu. Honako hauek dira:
- Museoaren plazan seinalizazio espezifikoa ipiniko da, gonbidapenarekin datozen bisitari bizkaitarrek beste ilara baten bitartez sartu behar dutela adierazteko. Sarrera nagusiko eskaileren ezkerraldean egongo da ilara hori. Sarreran egiaztatuko dira gonbidapenak, Txarteldegitik igarotzeko beharrik gabe. Desgaitasunen bat duten pertsonak Bistróaren alboko igogailuaren bitartez sartuko dira, ohikoa den bezala.
- Museoaren webgunean argibideak egongo dira, bisitaldiaren aurretik kontsultatu ahal izateko: Museora sartzeko itxarote-denboraren inguruko informazioa, bisitaldiari bataz beste eskaini beharreko denbora eta beste hainbat xehetasun.
- Guggenheim Bilbao Museoak bisitaldia lanegunetan egitea gomendatzen du, jende-saldoak ekiditeko. Museoa asteartetik igandera egongo da zabalik publikoarentzat, 10:00etatik 20:00etara. Bisita asteartetik ostiralera egitea da aukerarik onena, arratsaldez ahal bada, eta asteburuak, jaiegunak eta zubiak ekiditea.
- 18 urtetik beherakoak doan sartu ahalko dira Museora beren gurasoekin baldin badatoz, eta ahaidetasuna frogatzen duen agiriarekin.
- Euria egiten badu, aterki tolesgarria ekartzea aholkatzen dugu, ez baita beharrezkoa hori Arropazaindegian uztea.
Argibideak Museoko web-ean: www.guggenheim-bilbao.es/eu