Prentsa oharra

Hitzarmena BBK_Guggenheim Bilbao Museoa

BBK-k Guggenheim Bilbao Museoari babesa ematen jarraituko du

 

  • BBK Fundazioak 750.000 euro emango dizkio urtean; horiek publiko orokorrarentzako zein baztertutako taldeentzako gizarte eta kultura proiektuetara bideratuko dira
  • 15 urteko lankidetzan 3 milioi bisitarik esku hartu du BBK-k babestutako jardueretan

 Gaur goizean sinatu dute Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Batzorde Betearazlearen buru José Luis Bilbaok eta BBK Fundazioaren presidente Mario Fernándezek lankidetza hitzarmen bat, finantza-erankunde horrek Museoaren Babesle Estrategikoa izaten segi eta Museoa babesten jarrai dezan. 750.000 euro emango dizkio banketxeak, eta horiek Guggenheim Bilbao Museoaren proiektu orokorrak zein bi fundazioen arteko proiektu jakin batzuk aurrera eramateko erabiliko dira.

José Luis Bilbaoren hitzetan, sinatutako hitzarmenak “azpimarratu egiten du publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren garrantzia Bizkaian proiektu arrakastatsuak garatzeko. Hori dela eta, bizi dugun egoera honetan, are nabarmendu behar dugu BBK Fundazioak Guggenheim Bilbao Museoaren alde egindako apustua”. BBK Fundazioaren presidenteak, bestalde, adierazi du “15 urteko lankidetzaren ostean, BBKrentzat garrantzia handia du Guggenheim Bilbao Museoan modu aktiboan esku hartzen jarraitzea, kultur proiektu hori guztiz sendotuta baitago eta bertako erakusketak eta dibulgazio-lanak hiri honetako aisi eta kultura bizitzan sustraitu baitira”.

Gaur sinatutako akordio horren helburuetako bat Bizkaiko gizarteari ekarpenak egitea da; izan ere, publiko orokorrarentzako zein baztertutako taldeentzako kultur proiektuak bultzatuko dira. Edonolako publikoari heltzeko, eta horrek arte garaikidea hobeto ezagut eta uler dadin, proiektu berriak ikuspegi asmotsu eta berritzaileez landuko dira.

BBK Fundazioaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren lankidetza proiektu horren hastapenetan hasi zen, hain zuzen, 1997an. Orduantxe erabaki zuten bi erakundeok Bilboko eta Euskadiko gizartearen eta kulturaren garapena sustatzea eta babestea, hainbat baliabideren eta ekimenen bidez. BBK Fundazioa Museoaren Babesle Estrategikoa denez, Batzorde Betearazlearen eta Patronatuaren kide da eta Museoaren kudeaketan zuzenean esku hartzen du. Era berean, hainbat jarduera finantzatzen ditu, autofinantzazioa ezinezkoa denean, batez ere; tartean daude haurrentzako, gazteentzako, adinekoentzako eta baztertutako taldeentzako ekimenak.

 

Lankidetza honek 3 milioi bisitariri hurbildu dio artea

BBK Fundazioaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren aspaldiko lankidetza honen asmoetako bat da edozein adinetako bisitariei artea hurbiltzeko ekimenak garatzea. 1998tik ia 3 milioi pertsonak esku hartu du askotariko gizarte taldeentzako 30 bat jardueretan.

Gaur berritutako hitzarmenak Artez busti ekimenak jarrai dezan ahalbidetuko du, besteak beste. Ekimen horrek publikoak bisitaldi atsegin eta aberasgarria izan dezan laguntzen du, bertan biltzen baitira entzuteko gidak, didaktika guneak, sakelako eta telefonoetarako aplikazioak; hortaz, bisitariaren profilera eta interesetara egokitu daiteke bisitaldia.

Artea ikasbide egitaraua ere babesten jarraituko du BBK Fundazioak. Orain ia 15 urte sortu zen eta ordutik lehen hezkuntzako curriculumaren ikasgaiak artearen bidez indartzen laguntzen du ikastetxe publikoetan. Arteaz eta sormenaz mintzatuz eta artisten eta Museoko hezitzaileen laguntzaz betetzen da xede hori, eta, urtero, ikasturte amaieran, erakusketa bat izaten da Museoan.

Gizarte ekintza ere barne hartuko du BBK Fundazioaren lankidetzak: urritasunak dituzten pertsonentzako eta baztertutako taldeentzako gidaridun bisitaldiak eta Basurtuko eta Gurutzetako ospitaleetako haur arloekin lankidetzak, besteak beste. Azkenik, askotariko publikoarentzako aisi eta kultura jarduerak antolatzen jarraituko dute BBK Fundazioarekin sinatutako hitzarmenari esker; jarduerok artea modu egokian eta erakargarrian jakitera ematea eta ikusleei hurbiltzea dute oinarri, eta horren adibide ditugu Gabonetako haurrentzako jarduerak, gazteentzako Art after Dark DJ saioak —hilean behin, ostiral batean izaten dira— eta Aste Nagusiko jazz musikaz eta arteaz gozatzeko gaueko emanaldiak, Guggenheim Bilbao gauak izenekoak—.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.