Prentsa oharra

Hamargarren Urteurrena

Guggenheim Bilbao Museoak bere hamargarren urteurrena ospatuko du hiritarrekin su festak eta musika uztartzen dituen ikuskizun batekin

  • Datorren urriaren 19an, Museoa ireki zenetik hamar urte betetzen direnean, Daniel Burenen Arku gorriak artelana ofizialki inauguratuko da 22:30ean hasiko den argi, musika eta su festa batekin.

 

  • Hiritar guztiak Unibertsitateen etorbidean, Salbe Zubia eta Pedro Arrupe oinzubiaren artean, Museoarekin egun berezi hau ospatzera deituta daude.

Datorren urriaren 19an Guggenheim Bilbao Museoak bere hamargarren urteurrena Euskal Herriarekin ospatuko du argia, musika eta su festak uztartuko dituen ikuskizun batekin. Zuzendaria Martin Arnaud izango da, besteren artean Mexikon egin zen Kulturen Forumaren edo Atenasko Joko Paralinpikoen XII. edizioaren inaugurazio-ekitaldien diseinuaren arduraduna.

Juan Ignacio Vidarte, Museoaren Zuzendari Nagusiaren hitzetan, ekitaldi hau batez ere Museoaren publikoari eskerrak emateko antolatu da, hamar urte hauetan izandako arrakastaren erantzule baitira. “’Guggenheim efektua zer den ikusteko inguruan ibiltzea besterik ez da behar; adin guztietako jendea, zahar nahiz gazte, Museora gerturatzen da, bertan esertzen eta sartzen da... Eroso daude Museoarekin, eta haiena den zerbait bezala hartzen dutela uste dut nik.

Ikuskizuna 22:30ean hasiko da eta 10 minutuko iraupena izango du gutxi gorabehera. Hortik aurrera, Daniel Burenen Arku gorriak artelanaren alboak era ezberdinetan argituko dira, ordu erdiz gutxi gorabehera; ondoren argi estatikoak aktibatuko dira, azkenik gau osoan mantenduko den argi ahul bati bide emanez.

Su eta musika festa bost zatitan banatzen da: sarrera, hiru eszena nagusi eta amaiera.

Osotasunean ikusi ahal izateko, Museoak Unibertsitateen etorbidean kokatzea gomendatzen die hiritarrei, Salbe Zubia eta Pedro Arrupe oinzubiaren artean, bertatik Museoaren eta Daniel Burenen Arku gorriak artelanaren ikuspegi bikaina lortzen baita.

Ekitaldi honekin errealitatearen eraldaketa irudikatu nahi da: alde batetik, su festen benetako irudia zeruan, eta bestetik ispiluak bailiran ibaiko eta Frank Gehryren eraikineko islek sortzen duten itxuraldaketa bisuala.

Ikuskizun honi doinu elektroniko bat gehitu behar zaio, ekitaldi honetarako Fabien Langard musikagile frantsesak bereziki sortu duena. Lan garaikide hau, soinu efektu ugariz osatua, su eta argi mugimenduekin integratzen da ekitaldiari erritmoa emanez.

Su eta musika festa

Martin Arnauden hitzetan, ikuskizunaren sortzaile eta zuzendaria Les petits français bere konpainiarekin, “sarreran giro misteriotsu bar sortuko da, ikuslea errealitatetik ihes egitera gonbidatuko duena, Museoaren irudia lausotuko duten suziriak, aldizkako suak eta ke lainoa erabiliz.

Ondoren, ikuskizunaren gorputza osatzen duten hiru eszena nagusietan, argien koloreek eta suek eszenatokia eraldatuko dute Frank Gehryren eraikinaren titaniotik hasi eta urre kolorera doan kolore eskala batekin, Museoaren Hamargarren Urteurrenaren ospakizun sinbolo bezala.

Azkenik, gorri kolore bizi batek Guggenheim Bilbao Museoa estaliko du, Daniel Burenek Salbe Zubirako egindako Arku gorriak interbentzio artistikoarekin lotuz, eta honela ofizialki inauguratuko da artelana Hamargarren Urteurrenak Bilboko hiriari utzitako ondare gisa.

Ikuskizunaren segurtasuna bermatzeko gutxienez 85 metroko perimetroa izango duen hesitutako gune bat ezarriko da, irailaren 22ko 240/1998 dekretuak adierazten duenez Euskal Autonomia Erkidegoan ospatzen diren su festak arautzeko.

Ate irekien asteburua

Hamargarren Urteurrena dela-eta eta gizarteari hamar urte erakutsitako esker ona eskertu nahian, Museoak urtemuga hau ohiko Ate Irekien Egunarekin ospatu nahi du. Honela, publikoa Museora dohainik sartu ahal izango da asteburu honetan, urriaren 20 eta 21an.

Modu honetan, larunbat eta igande honetan Museora gerturatzen direnek oraintsu inauguratutako erakusketekin gozatu ahal izango dute: Art in the USA: 300 urteko berrikuntza, arte iparramerikarrari buruz Europan inoiz egin den erakusketa garrantzitsuena, eta Chacun à son goût, hamabi euskal artista garaikideren hautaketa, Museoaren espazio ezberdinekin elkarreragiten duten artelanak sortu dituztenak.

Bilbo, 2007ko urriaren 18an

Eman izena Guggenheim Bilbao Museoko prentsa arloan Hamargarren Urteurrenari buruzko informazio guztia jaso nahi baduzu. www.gubilbao.com/prensa/eu/prensa.asp

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.