Prentsa oharra

Hamargarren Urteurren

Guggenheim Bilbao Museoaren Hamargarren Urteurren ospakizuna  

Bilbo, 2007ko urtarrilak 22 - 2007an Guggenheim Bilbao Museoaren inaugurazioaren Hamargarren Urteurrena beteko da. Euskal instituzioek eta hiritarrek itxaropentsu ikusi zuten Eraberritze Plan Urbanistiko handi baten barruan duela hamabost bat urte abian jarritako proiektua helduarora iritsi da eta sendotu egin da, ikuspegi kultural, urbanistiko, ekonomiko eta arkitektonikotik Euskal Herriaren eraldaketaren eragile gisa ez ezik nazioarteko erreferente artistiko gisa ere.

Ia ehun erakusketak (Bilduma Iraunkorraren 42 aurkezpen eta aldi baterako 42 erakusketa) artea sakonago ezagutzen lagundu diete bederatzi milioitik gora pertsonari; 15.400 kide baino gehiago dira Museoaren Lagunak, Estatuko kolektibo handiena eta Europako handienetakoa; ia bi milioi pertsonak parte hartu dute 50 hezkuntza-programa baino gehiagotan; 150 bat enpresak babesten dute Museoaren jarduna; 1.572 milioi euroko diru-sarrera gehigarrien ekarpena egin die Museoak Euskal Ogasunei, eta aldi honetan %75eko autofinantzaketa-maila lortu du batez beste. Datu horiek guztiek “Guggenheim efektua” deitzen zaion hori errealitatea dela eta irmotu egin dela ziurtatzen dute.

Ospakizun honetarako aurreikusitako ekintzez gain, Museoaren Hamargarren Urteurrena bere Programazio Artistikoaren kalitatea eta aniztasuna handitzeko abagunea izango da, eta gizarte osoa artera hurbiltzera bultzatzeko. Bilduma Iraunkorraren hiru aurkezpenek eta aldi baterako bost erakusketek osatzen dute Guggenheim Museoak 2007. urterako egin duen eskaintza.

Erakusketa bikainak jarriko dira ikusgai, besteak beste, Anselm Kiefer, Neoespresionismoaren ordezkari gailenari eskainitakoa, edo Palazuelo: lan-prozesua, artistaren lan-sorta zabala bilduko duena, batzuk jendaurrean inoiz erakutsi ez direnak. Gainera, 2007an USArt: 300 urte berritzen erakusketa eskainiko da, 200 bat artelan ikusgai jarriz Estatu Batuetako panorama kultural, politiko, ekonomiko eta artistikoaren aniztasuna agerian utziko duena, baita Alberto Durero: Städel Museum-eko lan grafikoa ere, artista haren sorkuntzan lan grafikoak izan zuen garrantzia ezagutzeko aukera paregabea.

2007koa garrantzi handiko urtea da eta, beraz, Guggenheim Bilbao Museoak Euskal Herriko jardun artistikoa eta kulturala bultzatzen eta aberasten lagundu nahi izan du gainera, Bakoitzaren nahiera erakusketa antolatuz. Erakusketaren helburua da gaur egungo euskal artisten sormena sustatzea eta, hartara, Museoaren espazioetan integratuko diren eta Bilduma Propioari gehituko zaizkion artelanak egiteko eskatu zaie artista horietako batzuei

Bilduma Iraunkorraren aurkezpenen artean, Instalazioa eta Bideoa I. partea eta Lauki-sarea: 60ko eta 70eko hamarkadetako Minimalismoa eta Arte Kontzeptuala ikusi ahal izango ditugu, eta horiez gain Museoak erakusketa didaktiko batzuk eskainiko ditu, Laborategiak izenez bilduko dituenak, bisitariei eta ikasleei Bilduma Propioko artelanetan sakontzeko aukera eskaintzearren. Gainera, obrak ikusgai izango dituzten artistek parte hartuko dute erakusketa didaktiko horietan.

Hamargarren Urteurreneko programazio berezia

Urteurren hau ospatzeko, Guggenheim Bilbao Museoak programazio berezia garatu du urte osorako. Programazio horren bidez esker ona erakutsi nahi dio euskal gizarteari Museoak egin duen ibilbidean zehar haiengandik jasotako babesagatik eta, aldi berean, etorkizunean ere lorpen handiak ospatzeko, lanean jarraitzeko hartua duen konpromisoari eutsi nahi dio. Guggenheim Bilbao Museoaren Hamargarren Urteurreneko programazio berezian hainbat ekimen barne hartuko dira, urtebetetze hau ospatzeko propio antolatutakoak, baina baita beste hainbat proiektu, ospakizun honek gerora utziko duen ondare izateko eta, azkenik, Euskal Herriko kultur erakunde eta instituzioekin izandako lankidetzaren emaitzazko beste batzuk ere, Museoak komunitatearen zerbitzura dagoen kultur erakunde gisa betetzen duen zereginean sakontzeko.

Programatu diren ospakizun-ekintzen artean nabarmentzekoak dira: Guggenheim Belaunaldia deitutakoa, memoria historikoa piztu eta orain 10 urte dituzten haurren eta 20 urte dituzten gazteen (Museoa hasi berritan zenean 10 urte zituztenak) artean Museoaren inguruan bizitako esperientzien eta oroitzapenen trukea bultzatzeko; Hamargarren Urteurrenaren Microsite gunea (www.gubilbao.com), ospakizun honen garapenari buruzko informazio berezia bilduko duena; edo Maider López artistak Museoaren Lagunekin egingo duen ekintza, besteren artean.

Bilboko Salbeko zubirako Daniel Buren artista frantsesak egindako instalazioa izango da urtemuga honen ospakizunak etorkizunerako utziko duen ondare nagusia, denboran luzatuko diren beste ekintza batzuekin batera: artelanetarako biltegi berria, Museoko jatetxearen zabalkuntza edo web orri berria.

Programa era askotako jardueren agendarekin osatuko da. Hala, musika, zinema, antzerkia eta dantza barne hartu dira, osagarri gisa Museoak inguruko kultur erakunde eta instituzioekin lankidetzan garatuko dituenak. Arriaga Antzokia, Opera Lagunen Bilboko Elkartea (OLBE), Bilboko Korala, Bilboko Nazioarteko Dokumentalen eta Film Laburren Zinemaldia (ZINEBI) edo Donostiako Zinemaldia dira, besteak beste, jarduera horietan lankide.

Informazio gehiago:
Guggenheim Bilbao Museoaren Komunikazio Arloa
Tlf.: 944 35 90 08
www.gubilbao.com

media@guggenheim-bilbao.eus

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.