Prentsa oharra

Guggenheim Helsinki aurkezpena

AURKEZTU EGIN DA HELSINKIN GUGGENHEIM MUSEO BAT EGITEKO KONTZEPTUAREN ETA GARAPENAREN TXOSTENA

Gaur, urtarrilaren 10ean, Solomon R. Guggenheim Foundation-en ordezkariek eman egin diote Helsinkiko alkate Jussi Pajunen-i bertan Guggenheim museo bat egiteko kontzeptuaren eta garapenaren azterketa-txostena. Azterketa orain urte bete eskatu zuen udaletxeak, Helsinkin Guggenheim museo bat egiteko bideragarritasuna azter zedin.

Txostenean funtsezko alderdiak ikertu dira, hala nola, kokapenaren proposamena, kontzeptu-eredua eta helburuak, finantziazioa, jarduteko modua, eta erakusketa- eta hezkuntza-programa, besteak beste; eta hurrengo fasea, hau da, arkitektura-lehiaketa hastea, gomendatu da.

Museoa egitekotan, erakunde horrek Finlandiako artea, diseinua eta arkitektura arte modernoaren tradizioaren testuinguruan kokatuko luke, eta, era berean, herrialde hartako ikusleei aukera emango lieke mundu osoko artelanak behatzeko. Horrez gain, litekeena da kultura-turismoa areagotzen laguntzea, eta, horrenbestez, hiriko beste arte-erakundeen bisitari kopurua hobetzea.

Proposamen horren inguruko erabakirik ez da oraindik hartu. Helsinkiko Gobernuak eta Udalbatzak txostenaren gomendioak birpasatuko dituzte hurrengo asteetan; prozesu publiko hori 2012ko otsaila arte, behintzat, luzatuko da. Orduan erabakiko du Udalak proiektuaren hurrengo fasea hasiko duen. Bestalde, Solomon R. Guggenheim Foundation-en Patronatuak eta Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Batzorde Betearazleak hurrengo urratsen gaineko erabaki ofizial bat hartuko dute.

Txostena osorik, irudiak barne, hemen dago eskuragarri: http://www.hel.fi/guggenheim-study.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.