Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoaren hiru erakusketa daude 2017ko munduko 10 arrakastatsuenen artean

The Art Newspaper aldizkari ezagunak nazioartean bisitari gehien jaso duten erakusketen sailkapena argitaratzen du urtero, eta aurten emandako datuen arabera, egunean bisitari gehien jaso duten 10  erakusketatik hiru Guggenheim Bilbao Museoaren 2017ko programazioan egon dira. Hala, Ken Jacobs: Gonbidatuak, Bill Viola: atzera begirakoa eta George Baselitz. Heroiak erakusketak zazpigarren, zortzigarren   eta bederatzigarren postuan daude, hurrenez hurren, 10 onenen artean, egunean 6.000 bisitaritik gora jasota; halaber, Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak erakusketak 18. postua eskuratu du sailkapen orokorrean, egunean jasotako 5.154 bisitariekin.

Bill Violaren atzera begirakoaren bisitari-kopuru osoa erreferentziatzat hartuta, Iberdrolak babestutako erakusketa horrek hirugarren postua eskuratuko luke taulan, 710.995 pertsonak bisitatu baitzuten: 6.229    ikuslek eguneko, bataz beste.

The Art Newspaper argitalpenak erakusketa-moten arabera ere egiten dituen sailkapenak kontuan izanda, Guggenheim Bilbao Museoak posizio nabarmena du kategoria horietako batzuetan ere. Alde batetik, Arte Garaikidean, bisitari gehien jaso duten hamar erakusketatik lau erakunde horri dagozkio: hala, Ken Jacobs: Gonbidatuak, Bill Viola: atzera begirakoa, George Baselitz. Heroiak eta Pierre Huyghe: (Titulurik gabea) Giza maskara hirugarren, laugarren, bosgarren eta hamargarren postuan dira, lehenengo hamarren sailkapenean. Bestetik, aipatzekoa da Postinpresionismoa eta Arte Modernoaren atalean arrakasta gehien izan duten hamar erakusketetatik bi dagozkiola Museoari: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak,  zazpigarren  postuan, eta Francis Bacon. Picassotik Velázquezera hamargarrenean.

Zifra horiek berretsi egiten dute Guggenheim Bilbao Museoak XX. Urteurrena ospatzeko prestatu zuen programazio artistikoari publikoak egindako harrera ona; The Art Newspaper aldizkariak berak nabarmentzen   du hori, txostenaren ondorioetan. Izan ere, 1.322.611 bisitarirekin, 2017. urtea izan zen Museoaren historiako ekitaldirik arrakastatsuena publiko-kopuru aldetik, erakundeak ateak zabaldu zitueneko 1998. urteak ezarri      eta oraindik gainditu gabe zeuden markak hautsita.

Informazio gehiago:

https://www.theartnewspaper.com/news/art-s-most-popular-exhibition-and-museum-figures-2017

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.