Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuko bilera

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua batzartu egin da gaur Iñigo Urkullu Lehendakari jauna buru zela, eta honakoak izan dira bileran: Elixabete Etxanobe andrea, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Bingen Zupiria jauna, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua; Leixuri Arrizabalaga andrea, Euskara, Kultura eta Kirol saileko Foru Diputatua; Juan Mª Aburto jauna, Bilboko Alkatea; Fundazioaren gobernu-organo gorena osatzen duten enpresen eta erakundeen ordezkariak; Richard Armstrong jauna Solomon R. Guggenheim Fundazioaren izenean; eta Juan Ignacio Vidarte jauna, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia.

Bilera hasteko, urteko jardueraren balantzea gainbegiratu dute: gaur arte —urtea amaitzeko hiru asteren faltan—, Museoak 1.271.792 bisitari hartu ditu, aldi honetarako aurreikusitakoa baino % 40 gehiago, eta 2022an data berean metatutako kopurua baino % 2 gehiago. Bisitarien kurba aurreko jardunaldikoa baino handiagoa izan da, eta aurtengo maiatza, uztaila, abuztua eta iraila Museoak inoiz izan dituen hilabeterik jendetsuenak izan dira. 2023an atzerriko bisitarien ehunekoa berreskuratuz joan da, eta 2022an data berean metatutakoa baino 11 puntu handiagoa izan da aisialdi- eta bidaia-joera berriei esker. Bestetik, artearen eta kulturaren inguruan osatutako Community komunitateak —Lagunak, Jarraitzaileak eta ERDU programaren onuradunak biltzen dituena, besteak beste— aurreko urtean baino ia 73.000 kide gehiago batu ditu 2023 honetan: guztira 265.000 kide ditu, eta horietatik 23.739 Museoaren Lagunak dira.

Museoak bere eragiketetan lortutako diru-sarreren bilakaera positiboari esker (sarrerak, Denda-Liburudendako salmentak eta babesletzak), % 78,6ko autofinantzaketa-maila erdietsi du, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzak 3.800.000 euro inguru murriztu ahal izan dira horrela. Erakunde publikoek artelanak erosteko erabiliko dute zenbateko hori.

Bileran 2024ko ekitaldirako aurrekontua onartu da, 1.040.000 bisitariko aurreikuspena oinarri hartuta landua. Aipatzekoa da lehen aldia dela Museoak milioi bat bisitaritik gorako helburua jartzen diona bere buruari. Aurrekontu operatiboa 33.818.615 eurokoa da, 2023koa baino % 3,5 handiagoa. Museoaren irekiera ordutegia 10:00etatik 19:00etara izango da; ekainaren 17tik irailaren 16ra bitartean, bai eta Aste Santuan ere —martxoaren 25etik apirilaren 7ra—, ordubete gehiagoz egongo da zabalik, hau da, 10:00etatik 20:00etara, astelehenetik igandera.

2024ko erakusketen egutegia ere onartu dute batzarrean. Urteko erakusketak otsailean hasiko dira Giovanni Anselmo sortzaile italiarrari eskainitako atzerabegirako batekin. Ondoren, Pop arteari buruzko erakustaldi bat etorriko da, Guggenheim Bildumako lanekin osatua; Kudeaketa Akordioaren berrespenean ezarritakoa betez Guggenheim Fundazioaren funtsik esanguratsuenetan oinarrituta bi urtez behin antolatzen diren erakusketetako bat izango da. Otsailean, baita ere, Herbehereetako Metahaven kolektiboaren Kaosaren teoria izeneko ikus-entzunezko poema hunkigarria egongo da ikusgai Film & Video aretoan. Martxoan, Museoak June Cresporen praktika eskultorikoa aurkeztuko du erakusketa-aretorako berariaz sortutako instalazio batean. Bestalde, ekainetik aurrera ikusgai izango dira Martha Jungwirth artista austriarraren lengoaia abstraktua eta Anthony McCall sortzailearen obra filmikoa, baita Yoshitomo Nara japoniarraren lanari buruzko atzerabegirako bat ere. Udazkenean, Hilma af Klint artista suediarraren corpus bereziak hartuko du Museoko bigarren solairua.

Bilkuran, bestetik, Museoak datorren 2024–2025 aldirako osatutako Plan Estrategikoa onartu dute. Plan berriak erakundearen etorkizunerako arlo nagusiak definitzen ditu, eta funtsezko hamabi helburu formulatu ditu horretarako, tartean hainbat alorri lotutako jasangarritasuna (finantzak, arlo soziala eta ingurumena), erakusketa-programazioaren bikaintasuna, bai eta erakundearen jardueraren gidari izango diren AEII —Aniztasuna, Ekitatea, Irisgarritasuna, Inklusioa— printzipioak ere.

Batzorde Betearazlearen presidentea

Patronatu-bileraren aurretik Batzorde Betearazlea ere batzartu da, eta Ahaldun Nagusia izendatu du organoaren Presidente.

Eskuraketak

2023an zehar, Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao sozietatek zenbait artelan erostea onartu du. Horietako bat Lynette Yiadom-Boakye artistaren Abuztuko distira (An August Brightening, 2022) da; lan horri esker, Bilduma aberastu egingo da erretratuari eta pintura figuratiboari dagokienez, eta artistak berak ere aniztasuna ekarriko die Museoaren funtsei, Afrikar diasporak Europan duen ordezkaria izateaz gain emakume gaztea ere badelako. Beste bat Yayoi Kusamaren Infinituaren isla-gela – Gizakientzako zorion-guraria, unibertsoaz harainditik igorria (Infinity Mirrored Room – A Wish for Human Happiness Calling from Beyond the Universe, 2020) instalazioa da; obra hori Bilduman orain arte oso joria izan ez den baliabide baten adibide esanguratsua da, instalazio-artearena, hain zuzen ere, eta Bildumaren parametro geografikoak zabaltzen lagunduko du, jatorri-aniztasunean sakontzen baitu. Pieza biek generoaren kontua mahaigaineratzen dute, eta azpimarratu egiten dute emakume artistek arte garaikidearen bilakaeran izan duten papera. Azkenik, Thomas Struth argazkilariaren —gerraostean eraginik handiena izan duen europar argazkilarietako bat— Publikoa, Florentzia 2004 (2004) saileko lau obra ere sartuko dira Bilduman, argazkilaritza-ondarea handitze aldera.

ERAKUSKETEN eta ESKURAKETA BERRIEN IRUDIAK 

Bilbon, 2023ko abenduaren 11n

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.