Prentsa oharra

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN FUNDAZIOAREN PATRONATUKO BILERA

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua batzartu egin da gaur Iñigo Urkullu Lehendakari jauna buru zela, eta honakoak izan dira bileran: Unai Rementeria jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Bingen Zupiria jauna, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua; Lorea Bilbao andrea, Euskara, Kultura eta Kirol Foru Diputatua; Juan Mª Aburto jauna, Bilboko Alkatea; Fundazioaren gobernu-organo gorena osatzen duten enpresen eta erakundeen ordezkariak (batzuk modu telematikoan); Richard Armstrong jauna (modu telematikoan) eta Juan Ignacio Vidarte jauna.

Bilera hasteko, urteko jardueraren balantzea gainbegiratu dute; aurten ere, osasun-egoeraren bilakaerak zeresan handia izan du balantze horren emaitzan. Gaur arte 506.174 bisitari jaso ditu Museoak, epealdi honetarako aurreikusitakoa baino % 6 gehiago eta pandemia lehertu zen 2020. urtean baino % 77 gehiago. Iaz bertokoak eta espainiar estatukoak izan ziren Museora bertaratutako gehienak; 2021ean, ordea, bereziki azken seihilekoan, gutxinaka-gutxinaka gora egin du atzerritik etorritakoen kopuruak, guztirako bisitarien % 43 izatera iritsi arte. Urte bukaerarako, bisitarien zenbatekoa 53.000 pertsonatik gorakoa izatea aurreikusten da.

Batzarrean 2022rako aurrekontua onartu dute. Hura osatzeko orduan, kontuan izan dute pixkanaka normaltasunera bueltatzeko trantsizio-urtea izango dela, eta, beraz, litekeena dela bisitarien kopurua 2021ekoaren eta pandemia aurreko garaikoaren erdibidekoa izatea. Gauzak horrela, Museoaren erabiltzeko aurrekontua 30.208.828 eurokoa izango da, hau da, ezohiko egoeraren aurretik onartu zen azken aurrekontuaren antzekoa. Museoaren ordutegia orain artekoa bezalakoa izango da, 11:00tik 19:00ak artekoa, alegia; jendetsuagoak diren garaietan —nola diren Aste Santua, zubiak edo udako oporrak—, ordea, Museoa ordubete lehenago irekiko da (10:00–19:00) edukiera-kontuak hobeto kudeatu ahal izateko eta bisitarien sarrera-irteerak errazteko.

Halaber, 2022rako programazio artistikoa ere onartu dute bilkuran. Otsailean hasita, ikusgai egongo da fauvismoko, kubismoko, Parisko Eskolako eta surrealismoko zenbait maisulanen hautaketa bat, Parisko Musée d’Art Modernetik etorria, eta ondoren, Jean Dubuffet artistaren lanen bilduma bat izango da ikusgai; azken hori Kudeaketa Akordioaren Berrespenean ezarritakoa betez bi urtez behin Solomon R. Guggenheim Museumen funtsetan oinarrituta antolatzen diren erakusketetako bat izango da. Apirilean Motion. Autos, Art, Architecture erakustaldiaren txanda izango da: Norman Foster arkitekto britaniarrak taxututako erakusketa ikusgarriak aztergai izango du joan den mendeko artearen historian eta diseinuaren arloan automobilak izandako garrantzia. Uda hasieran Serra/Seurat. Marrazkiak iritsiko da, eta marrazkigintzak bi sortzaile gailen horien lanean izandako garrantzia azpimarratuko du; Film & Video aretoko programazioak, berriz, Monira Al Qadiri eta The Otolith Group artisten lanak hartuko ditu. Azkenik, uda ostean, Sekzioak / Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte izeneko erakusketa handiak Museo osoa hartuko du. Museoaren 25. urteurrena ospatzeko antolatuko den erakustaldi horrek lotura berriak ezarriko ditu lengoaia artistiko ezberdinen artean, eta azpimarratu egingo ditu Bildumako artelanek modu paradigmatikoan irudikatzen dituzten arte modernoaren historiako mugarri eta joera garrantzitsuak.

Bestalde, 2021–2023 Plan Estrategikoaren betearazpen-mailaren berri eman dute, baita Planean jasotako zenbait arlotan aurreikusitako konpromisoen bilakaeraren berri ere; arlo horiek honakoak dira: Bilduma eta Programazio artistikoa, hezkuntza eta arteak gizarterako duen balioa, Museoaren jasangarritasun ekonomikoa, ingurumenari egiten dion ekarpena, gardentasun eta gobernantza alorretako aurrerapausoak, eraldaketa digitala edo Museoaren 25. urteurrenaren ospakizuna.

Izan ere, 2022an Museoak 25 urte beteko ditu eta, beste urteurren gailen batzuetan egin izan duen bezala, urte osoan zehar sakabanatuko ditu kolektibo, interes-talde, adin eta jatorri geografiko guztietako pertsonei zuzendutako hainbat jarduera eta ekitaldi: aukera ezin hobea ospatzeko, jasotako babesa eskertzeko eta batasuna, harrotasuna, nortasuna eta aniztasuna bezalako baloreak indartzeko 25 urtetako eraldaketa eta etorkizun-nahia gogora ekarriaz.

Azkenik, Patronatuak  2022–2026 epealdirako Kide Korporatiboentzako Programa berria onartu du. Programa horrek sektore pribatua txertatuko du Museoaren funtzionamenduan, elkarlanean oinarrituta egin ere, enpresa bakoitzaren interesen araberako proposamenak eta onura pertsonalizatuak eskainita, eta partaidetzarako, elkarrekintzarako eta networking egiteko aukerak sortuta.

ERAKUSKETEN IRUDIAK hemen daude eskuragarri

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.