Prentsa oharra

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN FUNDAZIOAREN PATRONATUKO BILERA

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua batzartu da gaur Iñigo Urkullu Lehendakari jauna buru zela, eta bileran honakoak izan dira: Unai Rementeria Maiz jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Bingen Zupiria jauna, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua; Lorea Bilbao andrea, Kultura, Euskara eta Kirol Foru Diputatua; Juan Maria Aburto jauna, Bilboko Alkatea; Fundazioaren gobernu-organo gorena osatzen duten enpresen eta erakundeen ordezkariak (batzuk baliabide telematikoak erabiliz); eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoen Zuzendariak, Richard Armstrong jauna (baliabide telematikoak erabiliz); eta Juan Ignacio Vidarte jauna.

Bilera hasieran Museoaren Zuzendariak martxoaren 14an alarma egoera abiatu zenetik sortu den egoerari buruz aritu da, bai orokorrean eta bai Museoaren jarduteko moduari nola eragin dion zehaztuz. Izan ere, lan arlo batzuk ekintzetarako baliabideen maila artelanak eta eraikina mantentzeko egokitu behar izan dute eta Museoaren jarduna ziurtatu ahal izateko telelana ezarri da. Bestetik webgunea eta sare sozialak baliatuz online edukiak nabarmen indartu dira #GuggenheimBilbaoLive delakoari esker, zeinak eduki anitz eta ugari eskaini baititu hainbat formatu eta eletan hainbat gaiei buruz: ikusgai dauden erakusketak, Frank Gehryren eraikina, museoko profesionalen lekukotzat haien lanari lotutako alderdien inguruan, Bildumaren artelanak, BBk-k babestutako familientzako jarduerak, eta abar.

Museoak urteko lehen bost hilabeteetan izandako jardunaren balantzeari dagokionez, Museoa itxi beharrak goitik behera aldatu ditu emaitzak. Aurreko hilabeteetan ohiko adierazleak aurrekontuetan aurreikusitako martxan garatzen ari ziren —are gehiago, uste baino hobeto kasu batzuetan, bisitarien kopurua adibidez 128.242 pertsonakoa izan baitzen martxoaren 14 arte, hau da, aurreikusitakoa baino % 20 gehiago—, baina Museoko ateak derrigorrez itxi beharrak eragin nabarmena izan du erakundeak sarrera eta jardueren salmenten, ekitaldien, Dendako produktuen eta abarren bidez lortzen dituen diru-sarreretan. Hori dela-eta, gure jardunean benetan funtsezkoak diren parametroak ondo zehaztu eta aukeratu behar izan ditugu (arte-programazioa edo ekintzetarako-gastuak esaterako) eta ahal zen guztian murrizketa esanguratsuak egin ditugu Museoaren jasangarritasun ekonomikoa bermatzeko.

Arte-programazioaren kasuan, Museoak otsaila eta martxo erdian ireki berriak ziren erakusketak —Iberdrolak babestutako Olafur Eliasson. Bizitza errealean; Richard Artschwager; Lygia Clark. Pintura eremu esperimental gisa, 1948–1958; eta William Kentridge: 7 atal— berrantolatzea lortu du eta udara amaitu arte luzatu ditu, behintzat. Bestetik, urteko azken hiruhilekoan, Lee Krasner eta Kandinsky artistei eskainitako erakusketak aurkeztuko ditugu, azken hori BBVA Fundazioaren babesari esker.

Egokitzapen testuinguru honetan, 2021eko erakusketen prestakuntzan murgilduta gaude. Batetik, XIX. mendeko eta XX. mende hasierako euskal margolariei eskainitako erakusketa bat antolatuko dugu; ondoren, 1920ko hamarkadako “Urte eroak” direlakoei buruzko aurkezpen bat egingo da, zeina 2020ko urte amaierarako aurreikusita baitzegoen; emakume artistek abstrakzioaren lengoaiari egindako ekarpenak aztertzen dituen erakusketa zabala ere taxutzen ari gara; eta azkenik, Alice Neel margolariaren erretratu espresiboak bilduko dituen beste erakusketa bat. Erakusketekin bat, Alex Reynolds, Cecilia Bengolea eta Fischli & Weiss artistek egindako bideoinstalazioak izango ditugu ikusgai, zeinak Film & Video aretoko programazioa nahiz Museoak arte-baliabide berrien alde egindako apustua bultzatuko baitute.

Gaurkoan ere, arratsaldez, Consejo de la Sociedad Tenedora Museo de Arte Moderno de Bilbao S.L. delakoaren Administrazio-kontseiluaren bilera egin da eta horretan onartu da Fondazione Lucio Fontana-k Museoari egindako epe luzerako mailegua: Lucio Fontana artistaren Neoizko egitura Milango Bederatzigarren Trienalerako (Structura al neon per la IX Triennale di Milano). Maileguan utzitako artelan hori Museoak artistari 2019. urtean eskainitako erakusketan egon zen ikusgai.

ERAKUSKETEN IRUDIAK hemen daude eskuragarri

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.