Prentsa oharra

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN FUNDAZIOAREN PATRONATUKO BILERA

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua batzartu da gaur Iñigo Urkullu Lehendakari jauna buru zela, eta bileran honakoak izan dira: Unai Rementeria Maiz jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Bingen Zupiria jauna, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua; Lorea Bilbao andrea, Euskara eta Kultura Foru Diputatua; Juan Maria Aburto Rique jauna, Bilboko Alkatea; Fundazioaren gobernu-organo gorena osatzen duten enpresen eta erakundeen ordezkariak; eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoen Zuzendariak, Richard Armstrong jauna eta Juan Ignacio Vidarte jauna.

Museoak urteko lehen bost hilabeteetan izandako jardunaren balantzea errepasatuz hasi da bilera; epealdi horretan, eta gaurko egunera arte, bisitarien kopurua 443.670 pertsonakoa izan da, aurreikusitakoa baino 99.630 pertsona gehiago. 2018an zehar erakundearen jarduerak hedabideetan izandako presentziaren eragin ekonomikoa zenbatekoa izan zen ere jakinarazi zaie Patronatuko kideei: medioetan agertu ziren 20.099 berriek 37.438.909 euroko balioa lortu zuten, eta 5.700 milioi pertsonarengana iritsi ziren. Hala, Alemanian, Frantzian, Portugalen eta Erresuma Batuan ikustaldi gehien izan dituen espainiar museoa izan zen Guggenheim Bilbao Museoa, eta museoei buruzko berrien sailkapenean Estatuko hirugarrena izan zen, Prado eta Reina Sofía museoen atzetik. Azkenik, 2018ko ekitaldiari dagozkion Fundazioaren kontuak onartu dira gaurko saioan.

Bileran zehar, Plan Estrategikoaren burutzapen-egoeraren berri eman da, eta horren baitan, besteak beste, 2019-2020 epealdiko programazioaren argumentu-ildoa osatzen duen diskurtso artistikoa aurkeztu da; bi urtetarako programazio anitzak agerian uzten du Museoak gure garaiko panorama kulturalaz duen ikuspegi zabala, munduak azken 150 urteetan, eta bereziki azken hamarkadetan, bizi izan duen eraldaketa sakona aztertzen du, eta emakume artistek arte garaikidearen bilakaeran izan duten papera nabarmentzen du. Halaber, ekimen estrategikoen baitan, Museoaren hezkuntza-programa berrikusi da komunitateari eta balio sozialei arreta berezia jartzen dieten zazpi jarduera-ildoren bidez. Kontu estrategikoekin bukatzeko, 2020tik aurrera aplikatzeko salneurri-eskema berria jarri da aztergai; aurkeztutako proposamena publiko berriek espero dutenera hobeto egokitzeko, bisitarien esperientzia hobetzeko, gizartearekiko lotura indartzeko, baliabide teknologikoen erabilera txertatzeko eta Museoaren iraunkortasun ekonomikoa bermatzeko helburuarekin diseinatu da.

Azkenik, Museoa hurrengo ekitaldirako prestatzen ari den zenbait erakusketa aurreratu zaizkie Patronatuko kideei, besteak beste, gure garaiko artean erabakigarriak diren El Anatsui, Richard Artschwager, Lygia Clark, Olafur Eliasson, Lee Krasner edo Lynette Yiadom-Boakye artistei eskainitako erakusketak, eta Film & Video atalean ikusgai egongo diren Vito Acconci, Alex Reynolds eta Rachel Rose egileen bideoinstalazioak. Gainera, Guggenheim Fundazioarekin sinatutako Kudeaketa Akordioaren Berrespenari esker antolatzen diren bi urtez behingo erakustaldien baitan, Vasily Kandinskyren zenbait obra aurkeztuko dira, eta hala, Bilbon sekula ikusi ez diren artistaren piezak batzen dituen bilduma aparta egongo da ikusgai. Prestatutako erakusketa-egutegiak agerian uzten du Museoak emakume artisten lana erakusteko duen konpromisoa, eta nabarmendu egiten du azken horiek arte garaikidearen garapenean izan duten papera.

Bestalde, Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Ukanduna sozietatearen Kontseiluak bilera izan du gaur arratsaldean, eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarako lau artelanen dohaintza onartu du. Lanetako bat Henri Michaux artistaren 1981eko Titulurik gabea lana da, Archives Michaux erakundeak dohaintzan emandakoa, eta beste hirurak Jenny Holzerrenak dira, artistak berak dohaintzan emandakoak: Survival: Men Don’t Protect you Any More (1989), There Was a War (2019) eta For Bilbao (2019).

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.