Prentsa oharra

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN FUNDAZIOAREN PATRONATUKO BILERA

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua batzartu da gaur Iñigo Urkullu Lehendakari jauna buru zela, eta bileran honakoak izan dira: Unai Rementeria Maiz jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Bingen Zupiria jauna, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua; Fundazioaren gobernu-organo gorenaren zati diren enpresen eta erakundeen ordezkariak; eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoen Zuzendariak, Richard Armstrong jauna eta Juan Ignacio Vidarte jauna.

Ohikoa denez, Museoaren urteko lehen bost hilabeteko jardunaren balantzea errepasatuz hasi da bilera; epealdi horretan, eta gaurko egunera arte, bisitarien kopurua 392.354 pertsonakoa izan da, 2017ko epealdi berean izandakoa baina %1 gehiago eta data honetarako aurreikusitakoa baina %19 gehiago. Halaber, Museoaren XX. Urteurrena zen horretan hedabideetan izandako eraginaren berri ere eman da. Erakundearen jarduerek hedabideetan izandako oihartzuna 18.718 albistekoa izan zen; hala, prentsan izandako agerpen-kopuruaren araberako rankingean, Museoa lehenengo postuan dago nazioarteko prentsari dagokion sailkapenean, eta bigarren postuan Estatu barruko prentsari dagokionez. Azkenik, saio honetan 2017ko ekitaldiari dagozkion Fundazioaren kontuak onartu dira.

Bileran zehar, Plan Estrategikoaren burutzapen-egoeraren berri eman da; horren baitan, besteak beste, gizarte erantzukizun korporatiboko gaietan Museoak gauzatzen dituen ekintzak jaso eta antolatzen dituen dokumentua idatzi da. Hilabete hauetan aurrera egin duten ekimenen artean, Sociedad Tenedorak artelanak eskuratzeko inbertsio-plana dago, zeina berriz ere martxan jarri baita, 998.878,62 euroko ekarpenarekin; Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren —bakoitzak %50— ekarpenarekin gauzatuko da hori, ekitaldi honetan. Era berean, Tenedorari dagokionez, jakinarazi da sozietate horren Kontseiluak, gaur bertan egin den bilera batean, bi artelanen dohaintza jaso duela Bildumarako: Munduko barreak, Esther Ferrerrena, eta Gogoeta-objektua, Alyson Shotz-ena; bi artelanak Museoan egon dira ikusgai, Esther Ferrer. Elkarri lotutako guneak eta Artea eta espazioa erakusketetan, hurrenez hurren.

Bukatzeko, saio honetan Patronatuari aurreratu zaizkio datozen urterako aurreikusita dauden erakusketetako batzuk: hala nola, Jenny Holzer eta Thomas Struth artistei eskainitako atzera begirakoak; Giorgio Morandiren lanaren eta maisu klasikoek harengan izandako eraginaren gaineko begirada berri bat; Kunsthalle Bremen-en funtseko maisulanen hautaketa bat; edo Jesús Soto venezuelarraren ibilbidearen berrikusketa bat; horrez gain, Film & Video aretorako bideo-instalazioak egongo dira: Isiltasun handia, Allora & Calzadilla-rena, edo Dar-dar, Jesse Jones-en eskutik.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.