Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua bildu da gaur; presidentea Lehendakari Iñigo Urkullu izan da, eta batzarrean honakoak egon dira: José Luis Bilbao jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Burua; Ibon Areso jauna, Bilboko Alkatea; Cristina Uriarte andrea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuordea; Josune Ariztondo andrea, Kultura Foru Diputatua; Fundazioaren gobernu-organo gorenaren parte diren enpresen eta erakundeen ordezkariak; Solomon R. Guggenheim Museum-eko zuzendaria, Richard Armstrong jauna; eta Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendaria, Juan Ignacio Vidarte jauna.
Bileran, Museoaren 2013ko ekitaldiko kontuak onartu dira eta 2014ko lehen bost hilabeteen Museoaren jarduera aztertu da. Azterketa honetan aipatzekoa, iazko ekitaldiarekin alderatuz, %11 egin duela gora hilabete hauetako bisitari kopuruak. Bisitarien % 19 Euskal Autonomi Erkidegotik etorri zen, 2013ko maiatzera arte baino % 2 gehiago.
Era berean, Patronatuko kideei Museoak 2015erako taxutzen diharduen arte-proiektuen aurrerapenak jakinarazi zaizkio. Batetik, Niki de Saint Phalle artistari eskainitako atzera begirakoa bat antolatzen ari da. Nouveaux Réalistes taldeko emakume bakarra izan zen Niki de Saint Phalle eta 1960ko hamarkadan asko nabarmendu zen egiten zituen performance ausartengatik eta haren eskultura-lanen eduki politiko eta feministagatik. Bestetik, ekainean hasita New Yorkeko Whitney Museum of American Art eta Parisko Centre Georges Pompidou-rekin batera antolatuko da Jeff Koons-en lana sakonean aztertuko duen erakusketa, Guggenheim Bilbao Bildumaren artista ikonoa den aldetik. Azkenik, udazkena bueltan, taldeko erakusketa bat egitea aurreikusten da Afrikak egun politikan, ekonomian eta teknologian bizi dituen eraldaketak gaitzat hartuko dituena. Erakusketa Vitra Design Museum-ekin batera antolatzen du Museoak Making Africa izenburupean, eta horren protagonista izango dira diseinatzaile, arkitekto eta artista afrikarrek osatzen duten belaunaldi oso bat; diseinuaren, artearen, argazkigintzaren, arkitekturaren eta hirigintzaren arteko mugak apurtzen dihardutenak. Erakusketa horiekin batera, eta aurrekoetan egin ohi dugun bezala, Museoak Bilduma Iraunkorraren hainbat aurkezpen programatuko ditu. Horiek osatzeko aurten irekitako Film & Video aretoko piezak izango dira ikusgai. Areto horretan gaur egungo bideoartearen adibide bikainak erakusten dira.
Bestetik Euskal Erakundeek eta Solomon R. Guggenheim Foundation-eko ordezkariek azken hilabete hauetan Kudeaketa Akordioa berritzeko helburuarekin izan dituzten elkarrizketen berri eman zaie Patronatuko kideei. Hartu-eman hauek aurrera egingo dute aurten orain arteko lankidetza emankor hau beste aldi baterako luzatzea gauzatu ahal izateko.
Bilbon, 2014ko ekainaren 20an