Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuak 2018ko aurrekontuak eta Arte programazioa onartu ditu, baita 2018–2020 Plan Estrategikoa ere

Gaur elkartu da Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua; bertan izan dira: Iñigo Urkullu jauna, Patronatuaren Presidentea eta Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaria; Unai Rementeria jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Juan M.ª Aburto jauna, Bilboko Alkatea; Bingen Zupiria jauna, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburua; Lorea Bilbao andrea, Euskara eta Kultura Foru Diputatua; eta Juan Ignacio Vidarte jauna, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendaria, baita Fundazioaren gobernu-organo gorenaren parte diren enpresa eta erakundeetako ordezkariak ere.

Bilera horretan, Museoaren XX. Urteurrena ospatzeko antolatutako ekimen-programaren berri eman da; programa hori 2017, urte osoan zehar luzatu da, eta inpaktu eta ikusgarritasun handia izan du, bai estatuan baita nazioartean ere. Halaber, ekitaldiko daturik nabarmenenak errepasatu dira: bereziki, 1.238.428 bisitarik osatutako kopurua (azaroak 30ean), 2016an baina %14 gehiago baita; eta Banakako Kideen kopurua 27.370era heltzea, Lagunak, Jarraitzailek eta Erdu programako partaideak kontuan hartuta.

Era berean, batzar horretan 2018ko aurrekontua onartu da, Museoaren operatiboari azken hiru ekitaldietan egindakoen mailan dagoen ekarpen instituzionalekin; Arte programazioa ere onartu dute, eta hari eskainitako diru-kopurua 2017an baino %5,7 gehiago izango da.

Zentzu horretan, “Gaur egungo artearen oinarriak” epigrafearen pean biltzen diren erakusketak honakoei eskainiko zaizkie: Henri Michauxren inguruko atzera begirakoak sei hamarkadatako esperimentazioa bilduko du; Chagall. Urte erabakigarriak, 1911–1919 erakusketak artistaren garapen artistiko goreneko garaian egindako lanak bilduko ditu, non arte errusiar herrikoiaren hondarrak abangoardietako esperimentu estilistiko aurreratuagoekin nahasten diren; horien ostean, Thannhauser Bilduma izango da Guggenheim Fundazioarekin sinatutako Kudeaketa Hitzarmenean jasotako bigarren erakusketa. Aldi baterako erakusketei dagokienez, arte-sorkuntza garaikide txinatarrari eskainitako erakusketa bat izango da, bai eta Alberto Giacometti eskultoreari buruzko atzera begirako zabala ere. Azkenik, 2018an emakume artistei eskainitako bi erakusketa hartuko ditu “Gaur egungo artearen zertzeladak” atalak: Esther Ferrer donostiarra eta Joana Vasconcelos portugaldarrarenak; horiekin batera, garai digitalean artearen eta arkitekturaren artean dauden loturei eskainitako Architecture Effects delakoa izango dugu. Film & Video aretoan ikusgai izango diren Michael Snow, Diana Thater eta Javier Téllezen bideosorkuntzekin osatuko da programazioa.

Azkenik, Batzorde Betearazleak eta Patronatuak 2018–2020 Plan Estrategikoa onartu dute, Museoak 2009an ezarritako Asmoa 2020 betetzeko helburua duen azken plana. Testuinguruaren analisitik eta Erakunde eta Babesleen ordezkarien eta Museoko zuzendaritza-taldearen parte-hartzearekin, datozen hiru urteetarako Helburu, Helmuga eta Ekimen Estrategikoak definitu dituzte.

Bilbo, 2017ko abenduak 18

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.