Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak sektorean aitzindaria den ingurumen-jasangarritasun plana aurkeztu du

  • Bere karbono-aztarna (zeharkako emisioak barne) neurtzen eta ziurtatzen duen munduko lehendabiziko museoa da.
  • Ekintza berritzaileen plan handinahi bat taxutu du askotariko arloetan, adibidez, energiaren kudeaketan, erakusketen programazioan edo programa publikoetan; era horretan, karbono-aztarna txikitu nahi da apurka-apurka, eta gure publikoa sentsibilizatu.
  • Ingurumen-jasangarritasuna 2021-2023ko Plan Estrategikoaren konpromiso nagusietako bat da eta, ondorioz, Ingurumen Jasangarritasunerako Marko Estrategikoa sortu da, Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendako helburuekin lerrokatua.

25. urteurrena ospatzearekin batera, Guggenheim Bilbao Museoak jasangarritasun-plan bat aurkeztu du, museoen sektorean aitzindaria. Plan horren bitartez, albait gehien gutxitu nahi du bere jardueraren ingurumen-inpaktua, energiari begira jasangarriak diren soluzioak eta kutsatzen ez duten prozesuak ezarriz; aldi berean, bere jarduera ekoefizientziara lerratzea sustatuko du.

Hartara, Museoak, sortzen dituen zuzeneko emisioez gain, 2019an izandako zeharkako emisioen zati handi baten karbono-aztarna ere kalkulatu du: 4.313 tona izan dira guztira. Zeharkako emisioen kalkuluari “3 irismena” deritzo, eta neurketa hori ezinbestekoa da eguneroko jardueran energia-efizientzia eta aurrezpen aukerak identifikatzeko. Munduan pauso hori eman duen lehendabiziko Museoa da. Museoak artelanen garraioak eta langileen joan-etorriek duten karbono-aztarna kalkulatu eta ziurtatu du, guztirako emisioen herena, hain zuzen. Egiaztapen hori dela eta, Museoak ekimen batzuk sendotu ditu, eta ekintza berriak ezarriko ditu erakusketak antolatzean baliatzen den energiaren eta lehengaien kontsumoa jaisteko, tartean direla hauexek:

- Artelanak paketatzeko alokairua lehenestea, kaxa berriak fabrikatu beharrean.

- Artelanen garraioa bestelako erakundeekin partekatzea, ontziratze esklusiboak albait gehien saihestea eta, ahal dela, gainbegiratze-lanak modu birtualean egitea pertsonen joan-etorriak ekiditeko.

- Horma berri gutxiago fabrikatzea eta erakusketetako eszenografiak berrerabiltzea edo egokitzea.

- Elementu museografikoak tokiko beste erakunde batzuekin, hala nola Bizkaikoa edo Bilbaoarte, partekatzea, adibidez, idulkiak, oinazpikoak edo erakusleihoak, horiek berrerabili ahal izateko.

Deskargatu Prentsa Oharra

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.