Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak Richard Serraren Denboraren materia obraren aretoko argiztapena berrituko du, eta horrela amaitutzat emango du bere garapen iraunkorrerako planaren funtsezko proiektuetako bat

Guggenheim Bilbao Museoak Richard Serraren Denboraren materia eskultura-multzoa hartzen duen aretoaren argiztapena berritzeko lanei ekin die. Espazioak 3.000 metro koadroko azalera du eta munduko museo-areto gardenena da. Bertako 300 argi-puntuen ordez, goi-mailako teknologiako LED ekipo berriak jarriko dira, Museorako berariaz diseinatuak, eta horrek erakusketa-espazioen argiztapen integrala aldatzeko anbizio handiko proiektua amaitzea ekarriko du. Egitasmo hori 2017an hasi zen, Museoaren XX. urteurrenean, eta jauzi kualitatiboa planteatzen du eraginkortasun energetikoari dagokionez.

Aretoaren argiztapen berria datozen bi asteetan ezarriko da, Museoa irekita dagoen ordutegian. Hari esker, galeriako elektrizitate-kontsumoa % 93 murriztuko da eta, argi-intentsitatea areagotuko duenez, bisitarien esperientziaren kalitatea ere hobetu egingo du. Gainera, teknologia berriari esker, aretoko sabaian dauden argizuloak irekiko dira, urteetan itxita egon ondoren; izan ere, argiztapen-ekipo berriek argi naturala eta argi artifiziala bateratzeko aukera emango dute, argi artifiziala egokitu egingo delako kanpoko argiaren ezaugarrietara. Sistema berriak beste onura batzuk ere ekarriko ditu: besteak beste, artelanaren kontserbazioa hobetuko du, mantentze-lanak erraztuko ditu eta argiztapena gailu digitalen bidez aldatzeko aukera emango du, zuzenean manipulatu beharrik gabe (baliabideen optimizazio garrantzitsua ekarriko du horrek, aretoko sabaiak 24 metroko altuera baitu). Gainera, urtean 50.000 euro baino gehiago aurreztuko dira areto horretan bakarrik, eta Museoaren iraunkortasun ekonomikoari lagunduko dio horrek.

Oro har, esku-hartze honekin amaitzen den areto guztietako argiztapen-aldaketak Museoaren karbono-aztarna nabarmen murriztea dakar, atmosferara urtean 335 tona CO2 isurtzea saihesten baitu. Aurrerapen hori arlo ekonomikoan ere islatzen da; izan ere, energia-kontsumoa murrizteak urtean 170.000 euro aurreztea ekarriko du.

Argiztapen-proiektua Museoaren ingurumen-arlorako Iraunkortasun planaren barruan sartzen da. Plan horren xedea ingurumenaren gaineko eragina eta jardueraren ondorioz sortzen diren hondakinak murriztea da, garapen iraunkorrean aurrera egiteko.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.