Guggenheim Bilbao Museoak José Manuel Ballester [2020/03/15] proiektua aurkeztu du, eta publikoak bertako areto batean ikus ahal izango du datozen hiru hilabetetan zehar. Artistak pasa den udaberrian hutsik eta konfinatuta zegoen Bilbo hirian egindako argazkiek osatzen dute proiektua, haren Guernica abiapuntu (2009/2020) lanarekin aurrez aurre jarrita. Azken hori, Picassoren margolanaren bertsio hustua da, gertaera historikoaren eta giza tragediaren begirada eguneratua transmititzen duena. Oro har, gerrak edo pandemiak bezalako gertaera larrien ondorioei buruzko hausnarketa dago proiekturen oinarrian. Modu horretan, Guernica ‘hustuaren’ eta itxuraz jenderik gabeko hiriaren argazkien arteko elkarrizketak gogoeta interesgarria eta irekia sortarazten dio ikusleari.
Konfinamendu-garaiko lekukotza jasotzen duen proiektu honetan, formatu handiko argazkiak hautatu ditu Salbeko zubia, Elkano, Metroa edo Bailen kalea bezalako Bilboko kale eta gune hutsak irudikatzeko, munduko edozein lekutan bizitutakoa jasotzen duen irudi ia irreala emanaz. Ballesterren hitzetan, “Kalean ez zebilen inor, eta horrek eszena harrigarriak jartzen zizkidan begien aurrean. Errepideak, etorbideak eta plazak hutsik zeuden, baina gehien artegatu ninduena biztanle guztiak han zeudela jakitea zen, ni nengoen tokitik metro gutxi batzuetara, etxeko hormen atzean babes hartuta. Hain gertu geunden arren, isiltasuna zen nagusi.”
Inor gabeko hiriaren erretratuak paralelismo asko ditu Jose Manuel Ballesterrek duela urte batzuetatik hona Ezkutuko txokoak izeneko obra sorta zirraragarriaren bidez garatzen duen ikuspegi artistikoarekin; bertan, artearen historiako funtsezko pinturak berrinterpretatzen ditu, bertan irudikatutako pertsonaiak ezabatuz eta horrela hustutako irudiei zentzu artistiko eta gizatiar berri bat emanez.
Guernica abiapuntu Picassoren jatorrizko mihisearen tamaina bereko lihoaren gainean inprimatutako argazki-erreprodukzioa da, modu digitalean tratatua ekintza osatzen duen espaziotik pertsonaiak kentzeko. Modu horretan, barrualde arkitektonikoa, bertako argi eta itzalen jolasarekin, Gernikako 1937ko bonbardaketaren lekuko mutu gisa geratzen da. Picassok aukeratutako denbora-sekuentzia ondorengo une batera eramaten du Ballesterrek; modu horretan, horko protagonista guztiak desagertu badira ere, artistak adierazi moduan, “hortxe ageri dira gizagabearen seinaleak eta bizirik dirauen sutearen sugarrak, baita ezpatatik ateratzen den lorea ere”.
Esperientzia presentziala Ballesterren obran giltzarri den hutsunearen kontzeptua garatzen duen proiektu digitalak osatzen du (proiektu digital horrek Museoaren webgunetik du sarbidea). Gainera, liburu bat argitaratu da artistak Bilboko kaleetan egindako hogei argazkirekin eta Picassoren obraren berrinterpretazioarekin, Carlos del Amorren iruzkinekin.
Lankidetzan egindako proiektua
Laztasunak nagusi diren garaian aurkezten dugu jendaurrean proiektu hau. Udaberriko konfinamenduan Museoa itxita egon zen; horren ondorioek eta egun indarrean dauden mugitzeko murrizketek eta pairatzen ditugun zailtasun ekonomikoek eragozpen handiak sortarazten dituzte ekimenak aurrera ateratzeko. Izan ere, horrelako momentuetan eskertzen da gehien elkar lanean aritzea eta indarrak batzea proiektu bat gauzatu ahal izateko.
[2020/03/15] José Manuel Ballester ezin izango zatekeen aurrera atera hiru enpresen lankidetzarik gabe: Estudios Durero-k bere gain hartu ditu eskala handiko argazki-erreprodukzioak egitea kalitate handiko inpresio-irtenbide bereziak baliatuz, eta berebat arduratu da proiektuaren izen bereko liburuaren taxutzeaz eta argitalpenaz; Giroa-Veoliak bere kargu hartu du artelanak instalatzea eta argiztatzea testuinguru berezi honetan; eta LIN3S-i esker esperientzia digital aparta gozatu ahal izango du bisitariak eta, estreinakoz Museoan, aretoan ikusgai dauden lanez gain artistak Guggenheim Bilbao Museorako egin duen proiektua osatzen dituzten haren bestelako obrak ikusi ahal izango dira aldi berean oso modu berritzailean.
Ezkutuko txokoak Museoaren bilduman
José Manuel Ballesterrek Guernica margolanean eta Ezkutuko txokoak saileko beste obren gainean egiten dituen esku-hartzeak, haren ustez, ““artelan horiek sortarazi zituzten jazoerak eta egun munduan dauden gatazkak erkatzeko saiakera dira. Horrelako gertakizunek asaldatu eta hunkitu egiten gaituzte baina, aldi berean, gure kontzientzian lausotuz doaz urrutikoak egiten zaizkigunean”. “Obretatik pertsonaiak kenduta, hondamenarekin egiten dugu topo, absurdoarekin, eta ageriago geratzen dira giza basakeriaren ondorio izugarriak.”
Guggenheim Bilbao Museoaren bilduman, Jose Manuel Ballesterren hiru obra daude, Ezkutuko txokoak sailekoak: Maiatzaren 3a (2008), Errege-erreginaren Jauregia (2009) eta La Médusen almadia (2010). Obrek, hurrenez hurren, Francisco de Goyaren 1808ko maiatzaren 3ko fusilamenduak (1814), Diego Velazquezen Meninak (1656) eta Théodore Géricaulten La Médusen almadia (1818–19) lanak berrinterpretatzen dituzte.
JARDUERA LAGUNGARRIAK
Bertso-saioa: Hustuari Hitzak (Abenduak 21)
Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolari handiek bertso-saioa eskainiko dute José Manuel Ballesterren Guernica abiapuntu eta hustutako espazioen irudiak erakusten dituzten lanak dauden aretoan. Saioa streaming bidez ere jarraitu ahal izango dute nahi dutenek.
Elkarrizketa (Urtarrilak 14)
José Manuel Ballester artista, erakusketaren komisario Petra Joos eta Carlos del Amor kazetariak proiektu berezi honen alderdirik garrantzitsuenei buruz solasean arituko dira. Elkarrizketa zuzenean Entzungelan nahiz streaming bidez jarraitu ahal izango dute entzuleek.