Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak hiriko airea garbitzen lagunduko du komunikazio-kanpainak baliatuz

Guggenheim Bilbao Museoak ingurugiroa hobetzen lagundu nahi du, eta horretarako, komunikaziorako erabiltzen dituen elementuak deskontaminatzaile aktiboetan bihurtuko ditu, kalean egiten diren kanpaina grafikoetan gehitutako tratamendu berezi bati esker. Aipatu tratamendu hori fotokatalisia izeneko printzipio naturalean oinarritzen da eta zuhaitzek airea garbitzeko duten gaitasunaren antzeko efektua lortzen du.

Hori lortzeko, kanpoko komunikazioko elementuei Pureti® Print izeneko tratamendu bat emango zaie, besteak beste, ondorego euskarriei: Museoko erakusketen berri ematen duen fatxadako olana handia, Olafur Eliasson artistaren erakusketaren kanpainako parte diren kale-argietan zintzilikatuta dauden banderolak, edo Museoak biniloz estaliko duen tranbia. Pureti® Print teknologia hau NASArekin lankidetzan garatu da eta nazioarteko hainbat laborategien ziurtagiria lortu du; hain zuzen, Zamudioko Estudios Durero enpresak komunikazio grafikoko elementuak ekoiztean darabilen teknologia da.

Egun Museoak egiten dituen komunikazio-ekintzen ondorioa 700 zuhaitzek airea berriztatzean egiten duten lanarekin alderatu daiteke.

Honela azaltzen du Juan Ignacio Vidartek, Museoaren zuzendari nagusiak: “tratamendu hau erabiltzeak gure hiriko airea garbitzea ahalbidetzen du eta hori aukera paregabea iruditu zitzaigun Museoak klima-aldaketa geldiarazteko gure esku dauden tresna guztiak erabiltzeko egindako apustuan aurrera egiteko. Gure aretoetan LED bidezko argiztapena ezartzeari esker energia-kontsumoan aurrezpen handia lortu dugu eta, orobat, herritarrei gure programazioaren berri ematen diegun bitartean airea garbitzeko aukera izateak asko pozten gaitu”.

Bermatutako teknologia

Pureti® Print-ek baliatzen duen zientzia-oinarria fotokatalisia izeneko printzipioa da. Fotokatalisia eguzkiaren argiak pizten duen erreakzio kimikoa da, zeinaren bitartez oxigenoa eta ur-lurruna atmosfera garbitzeko ahalmena duten agenteak bihurtzen baitira; kutsatzaileak —besteak beste, Nitrogeno oxidoak (NOx), Sufre oxidoak (SOx) eta Konposatu Organiko Hegazkorrak (KOH)— eta baita bestelako substantziak ere —bakteriak, lizunak eta usain txarrak— harrapatuz. Tecnaliak ere, Espainian fotokatalisiari dagokionez erreferentzia zentroa den aldetik, teknologia honen eraginkortasuna bermatu du.

Pureti® Print teknologia Europar Batasunak bultzatutako iSCAPE ikerketa eta garapen proiektuaren barruan da, zeina Europak etorkizunean aurre egin behar dien ingurugiro-erronkei irtenbideak bilatzen saiatzen baita, batik bat airearen kalitatea hobetzearekin eta kutsadura murriztearekin zerikusia dutenei. iSCAPE proiektua, bere aldetik, HORIZON 2020 lan-programaren esparruan sartzen da, zeinak Europako Batasunaren ikerketa- eta berrikuntza-jarduera gehienak kontzentratzen baititu.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.