Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak handitu egingo du Athletic Club adoretzeko eraikinaren fatxadan jarritako Darío Urzayren instalazio artistikoa

Azken egunotan, Guggenheim Bilbao Museoaren arkitektura berriro eraldatu da Darío Urzay artistak Athletic Club, Athletic zale guztiak eta Bilbo bera animatzeko helburuz sortutako obra nabarmen handituta: 500 metro karratutik gorako azalera duen instalazio txundigarri baten bidez, Shoot Strokes saileko bi pieza berri ezarri dira Atrioa Museoaren kanpoaldetik bereizten duten kristalezko hormetan. Beirateok 12 metro zabal eta 22 metro luze dira, eta Frank Gehryren diseinuari jarraituz uhinduz doazela diruditen beirazko 80 xaflaz osatuta daude.

Bi mural berriak, Cathedral-Goal Keeping I eta Cathedral-Goal Keeping II, itsasadarraren alde bietatik ikus daitezke.

Shoot Strokes

Athleticek apirilaren 6an Sevillan jokatuko duen —eta dozenaka mila zale noiz iritsiko irrikaz dituen— Errege Kopako finala dela eta, Museoak erronka bat proposatu zion Darío Urzay artista bilbotarrari: artelan bat sortzea, futbol-taldea bizitzen ari den momentu bikain honetan Guggenheim Bilbao Museoaren babesa transmititzeko. Urzayk onartu egin zuen erronka, eta Shoot Strokes obra-multzoa da horren emaitza. Lanak datozen egunetan egongo dira Museoaren kanpoaldeko fatxadan ikusgai.

Frank Gehryren arkitekturaren eskalarekin bat etorriz sortua, tamaina handiko argazki-multzo batek osatzen du Shoot Strokes. Irudiotan, Darío Urzayk argazki-kameraz egindako “brotxakadaz” jaso ditu Bilboko argiak, hiriaren historian ardatz izandako itsasadarra eta Athleticen koloreak. Irudien formatu luzangak futbol-zelaiko ateak dakartza gogora, eta badirudi Urzayk bertara jaruti duela bere shoota edo “baloikada”: kameraren kliska, Action Painting delakoaren estilorik garbienean egina.

Obrak, beirateetan ez ezik, kareharrizko fatxada osoan zehar ikus daitezke, han-hemenka. Hala, Museoak ezohiko itxura hartuko du taldea animatzeko eta, Athleticek garaipena eskuratuz gero, apirilaren 11n itsasadarrean gabarrarekin egingo den ospakizun herrikoi handiarekin bete-betean bat egiteko.

Darío Urzay Museoaren Bilduman

Shoot Strokes Darío Urzayk 1991n hasitako Camerastrokes sailarekin bat dator. Artistaren hitzetan, “espresionismo abstraktuko keinu-pintore baten brotxaren mugimendua kamerarekin imitatuz egindako argazkiak dira, eta horietan erabilitako ‘materia’ argia da". [1]

Erronkari aurre egiteko Darío Urzay hautatu izanak badu zentzua, artistak harremana baitu bai Guggenheim Bilbao Museoarekin bai Athletic Clubekin. Duela bi hamarkada baino gehiago, Urzayk Athleticen kamiseta egin zuen 2004ko UEFA Koparako, eta 1997tik Museoaren Bilduman dagoen Frakzioa (Mikrobertsoa I) batean obraren zati bat erabili zuen diseinu hura egiteko.

2013an, artistaren dohaintzari esker, Urzayren beste lan bat sartu zen Museoaren Bilduman, aurrekoaren aldi berean egina: Frakzioa (Mikrobertsoa II) batean.

Ingelesen zelaia: Foot Ball zaletasuna jaio zen lekua eta Museoaren kokalekua

Guggenheim Bilbao Museoa Ingelesen zelaia izenez ezagutzen den eremuan kokatuta dago. Leku horretan bertan, XIX. mendearen amaieran, MacAndrews ontzi-enpresako langile britainiarrek baloiarekin jolasean ematen zuten beren denbora librea. Hala, zelai horretan, Bizkaiko beste hainbatetan bezalaxe, laster hasi ziren bertakoak ere Foot Ball izeneko joko berrira jolasten, eta horixe izan zen Athleticen ernamuina.

Mundu osoan zehar dozenaka mila zale dituen Athletic Club 1898an sortu zen, eta nortasun- eta kohesio-elementu garrantzitsua da bizkaitarrentzat.

Urzay, D: Camerastrokes, Photomuseum, Zarautz, 1994

Irudiak hemen

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.