Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak eta Bilboko Arte Ederren Museoak ekainaren 1ean ateak berriro irekiko dituztela iragarri dute. Eskuragarritasun handiena eskainiko dute, asteko egun guztietan zabaldu eta ordutegi osagarriak izango baitituzte

Martxoaren 14an, agintariek museoak ixtea erabaki zuten, koronabirusaren hedapena geldiarazteko, eta, orain, Guggenheim Bilbao Museoak eta Bilboko Arte Ederren Museoak ekainaren 1ean (astelehena) ateak irekiko dituztela iragarri dute.

Bi museoek lehen hilabeterako ordutegiak planifikatu dituzte, betiere, beraien kultur eskaintzarako ahalik eta irisgarritasun handiena kontuan hartuta; asteko egun guztietan irekiko dituzte ateak, eta bi museoek ordutegi zabala eskainiko dute beren irekiera-ordutegiak osatzeko. Horrenbestez, herritarrek museo bat edo biak bisitatzeko aukera izango dute 11:00etatik 19:00etara.

Horretarako, Guggenheim Bilbao Museoak ateak irekiko ditu ekainean, astelehenetik ostiralera, 14:00etatik 19:00etara, eta larunbat eta igandeetan, 11:00etatik 19:00etara. Uda bete-betean, uztailean eta abuztuan, ordutegia luzatuko du, eta egunero 11:00etatik 19:00etara egongo da zabalik.

Bestalde, Bilboko Arte Ederren Museoa asteko egun guztietan egongo da irekita ekainean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta uztailean eta abuztuan ordutegi zabalagoa ezarriko du, 11:00etatik 19:00etara.

Egungo egoeran, ordutegi horietan behar bezala jakinaraziko liratekeen aldaketak egon daitezke. Azkenik, museo bakoitzak laster iragarriko ditu bisitaldian segurtasuna bermatzeko ezarritako zerbitzuak eta protokoloak.

 Ordura arte, bi museoek berriro irekitzeko prestaketekin jarraitzen dute.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.