Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak eta BBKk Museoa familiartean BBKrekin ekimen digitala jarri dute abian webguneko #GuggenheimBilbaoLive atal berrian

Apirilaren 3tik aurrera, neska-mutilek eta familiek hezkuntza eta artea uztartzen dituen proposamen digital berria dute eskura: Museoa familiartean BBKrekin. Ekimenaren helburua etxeko txikienen sormena eta artearekiko interesa piztea da, eta baita ere umeentzako aurrez aurreko jardueren ordezko aukera bat eskaintzea Guggenheim Bilbao Museoak itxita jarraitzen duen bitartean.

Tailer, esperientzia edo ipuin-kontaketa formatuko heziketa-saio ludikoak jasotzen dituzten bideoak dira, 15 minutu inguruko iraupena dutenak, eta sei artista eta ipuin-kontalari bat dira saio horien gidariak: Elssie Ansareo, Miren Arenzana, Ibon Sáenz de Olazagoitia, Nerea Lekuona, Manu Muniategi, Manu Uranga eta Catalina Martínez-Moro kontalaria (Cataplina Encuentada), guztiak ere Museoaren hezkuntza-programazioan eskuarki aritzen diren profesionalak.

Astean hiru bideo argitaratuko dira https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/guggenheimbilbaolive atalean: bi tailer euskaraz eta gaztelaniaz, eta ipuin-kontaketa saio bat ingelesez. Cataplina Encuentadak eman zion hasiera kategoria honi apirilaren 3an Elephant & Piggie ipuinarekin: lehenengo bideo hortan, ilustrazioen laguntzaz kontatzen du ipuina, eta bertako pertsonaien maskarak egitea proposatzen die umeei. Hurrengoa Elssie Ansareo izango da, datorren apirilaren 7an, asteartearekin. Hark tailer bat emango du, kolore jakin bat erabilita artista-liburu bat sortzen ikasteko. Tailerrerako behar diren materialak zeintzuk diren azalduko du, eta artista-kaiera edo -liburua osatzeko jarraitu beharreko urratsen berri emango die familiei. Datorren astetik aurrera, hiru bideo berri argitaratuko dira ostegunero.

Artista-tailerretan parte hartzen duten familiei gonbidapena luzatuko zaie etxean egiten dituzten obren argazkiak Museoaren sare sozialetan partekatu ditzaten #MuseoaFamiliarteanBBKrekin traolarekin.

Guggenheim Bilbao Museoaren eta BBKren honako hezkuntza-proposamen hau Museoak duela egun batzuk bere webgunean abian jarri zuen #GuggenheimBilbaoLive atal berriaren baitan egongo da. Sail horren helburua erakusketei eta Museoaren jardueraren alde ezezagunei buruzko ikus-entzunezko edukiak etengabe zabaltzea da, horrela herritarren ondoan egon eta itxialdia errazago eramaten laguntzeko.

Argitaratzen ditugun bideo berriak astero emailez jaso nahi izanez gero, aukera dagoCommunity-ko Jarraitzaile moduan dohainik izena emateko. Museoak artearen eta kulturaren inguruan duen komunitatea da Community: https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/jarraitzaileak

Umeak eta familiak lehentasunezko publikoa dira Guggenheim Bilbao Museoarentzat eta, horrenbestez, eurentzako berariaz sortutako aurrez aurreko programazio zabala eskaintzen die artista, ipuin-kontalari eta bestelako kolaboratzaileen eskutik, BBKren babesari esker. Museoa familiartean BBKrekin ekimenak Museoan bertan gauzatu ohi diren jarduera horiek ordezkatuko dituzten aukera berriak eskaintzea du xede, itxialdian zehar txikienekiko harremana bizi-bizi mantentzeko.

Ikasi Museoan BBKrekin

Museoa familiartean BBKrekin ekimena Guggenheim Bilbao Museoaren Hezkuntza eta BBK programa globalaren barruan dago kokatuta. Azken hori BBKren babesarekin garatzen da, eta elementu ezberdinak hartzen ditu bere baitan: ikastetxeei, familiei zein premia bereziak dituzten kolektiboei zuzendutako heziketa programa, jarduera eta tresna sorta zabala alde batetik, eta bestetik, publikoari Museoko eduki artistikoak hobeto ulertzen eta haietaz gozatzen laguntzeko baliabide ezberdinak, nola diren erakusketen didaktika-guneak eta doako entzuteko gidak.

BBK Family

BBK Family familiei seme-alabak hazten eta hezten lagundu nahi dien proiektu berria da, irabazi asmorik gabeko EDE Fundazioa eta Bidegintza GEK gizarte-erakundeekin lankidetzan gauzatua. Proiektu honek DOMO instalazio ibiltaria, web plataforma bat (bbkfamily.eus) eta Bizkaian zehar ibiliko diren ekitaldiak uztartzen ditu; psikologia, pedagogia eta hezkuntzako profesional-talde batek parte hartzen du bertan; eta seme-alabak hazi eta hezteko baliabideak eskaintzea du helburu. Ekimen berriak Bizkaiko familien hezkuntza-gaitasunen garapena sustatu gura du, baita gizarte- eta hezkuntza-komunitatea indartu ere, lehen mailako prebentzioaren eremuan erreferentziazko zentro izateaz gain.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.